2011/04/27

Sonyk aitortu du 75 milioi erabiltzaileri datuak ostu dizkietela

Konpainiak azaldu duenez, 'hacker' bat PlayStation Network sarean sartu da, eta erabiltzaileen posta elektronikoak eta pasahitzak ostu ditu. Baliteke kontu korronteen datuak ere lapurtu izana.

Sony konpainia japoniarrak aitortu du 'hacker' batek datu pribatuak ostu dizkiela PlayStation Network bideo-joko sareko milioika erabiltzaileri.

Duela astebete, Sonyk itxi egin zituen PlayStation Network sarea eta Qriocity musika zerbitzua (iTunesen antzekoa), "kanpoko esku-hartze" baten ondorioz, baina ez zuen azalpen gehiagorik eman.

Konpainiak orain esandakoaren arabera, baliteke milioika erabiltzaileren izenak, helbideak, helbide elektronikoak, jaiotza-datak eta pasahitzak sareko segurtasun sistemak saihestu zituen pertsona baten esku egotea. Are gehiago, ez du baztertu haien kontu korronteen datuak ere arriskuan egotea, eta, beraz, segurtasun neurriak hartzeko eskatu die erabiltzaileei.

Sonyk enpresa bat kontratatu du gertatutakoa ikertzeko. Gainera, aparteko segurtasun neurriak abiatuko dituela iragarri du.

PlayStation Network 2006ko azaroan jarri zuten martxan, eta egun 75 milioi erabiltzaile inguru ditu.

 

Anonymous-ek ukatu egin du zerikusirik duela

Duela gutxi, Anonymous mugimenduak ohartarazi zuen Sonyren aurka egingo duela, PlayStation 3 kontsolan aldaketak egin zituzten 'hacker' batzuen kontra auzitara jotzeagatik.

Nolanahi ere, Anonymousek bideo bat publikatu du YouTuben, eta eraso horiekin zerikusirik duela ukatzeko.

 


No hay comentarios:

Publicar un comentario