2011/05/18

'eitb nahieran' ekainean iritsiko da Sarera

EITBren plataforma berriak "orain arte euskaraz egindako ikus-entzunezko datu-base handiena eskainiko dio erabiltzaileari".

Patxi Arratibel EITBko estrategia zuzendariak eta Edurne Ormazabal eitb.com-eko zuzendariak ekainean martxan jarriko duten "eitb nahieran" proiektu berria aurkeztu dute gaur Bilbao Web Summit nazioarteko kongresuan. Horrela, plataforma berri horrek "orain arte euskaraz egindako ikus-entzunezko datu-base handiena eskainiko dio erabiltzaileari", Arratibelek azaldu duenaren arabera. Ekimen berri horrekin, ikusleek, entzuleek eta baita irakurleek ere, "aztertzeko eta gozatzeko milaka ordu eduki izango dituzte", gaineratu du.

Horrez gain, Arratibelek komunikazio plataforma berriei buruzko gogoeta egin du eta, bere aburuz, "Internetek publiko global bat izateko aukera ematen digu, mugarik gabeko etorkizuna ireki digu eta, bertan, edukien kalitateak aginduko du". "Lehia izugarria denean", errealitate hori garrantzitsua da, Arratibelen ustez. Kalitate hori mantentzeko, "gainontzeko lehiakideek eskaintzen dituzten produktuetatik desberdinduko gaituzten eduki interesgarriak eskaini beharko ditugu".

Ormazabalek, bestalde, AEBetan egindako ikerketa baten arabera, gaur egun herritarrek ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ordenagailua telebista baino gehiago erabiltzen dutela adierazi du. Horregatik, telebista Sarean kontsumitzen delako, "ezinbestekoa da erabiltzaile horiei edukiak kontsumitzeko bide berri batzuk eskaintzea".

Hori dela eta, "eitb, nahieran" plataformak EITBko irrati eta telebista kate guztietako edukiak bilduko ditu eta, horrela, euskarri horrek "euskal kultura munduan zehar hedatzeko ere balioko du".

"eitb nahieran" ekimenaren helburua "erabiltzaileen ikus-entzunezko esperientziari lehentasuna ematea da". Horretarako, eitb.com-eko zuzendariak aurreratu du apustu berri horretako edukiek azpitituluak izango dituztela eta pantailak telebista baten itxura izango duela.

"Ingelesezko azpitituluak dituzten euskarazko edukiak eskainiko ditugu, baina baita unibertsalagoak diren "Vaya Semanita" eta sukaldaritza saioak ere. Azken horiek, gainera, 10 eduki deskargatuenen artean daude", esan du Ormazabalek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario