2011/05/17

Tim Berners-Lee: 'Internetek giza eskubidea izan beharko luke'

Webgunearen sortzailearen aburuz, "edozein informazio erabilgarria da" eta Sarea unibertsala da.

Sir Tim Berner-Lee World Wide Web-aren sortzaileak itxi du Bilbao Web Summit nazioarteko kongresuaren lehen jardunaldia. Gainera, Leek DAMA 2011 saria jasoko du ekimen honetan, Webgunearen sormenarekin egindako ekarpenagatik. Leek 1989an sortzen hasi zen Webgunearen erabilgarritasuna eta iraupena goraipatu ditu eta, gaur egun, HTML5-arekin garatzen jarraitzen dutela azaldu du. Hala ere, Sareak sistema unibertsala izan behar duela adierazi du eta gizakien premiei erantzun behar diela esan du.

"Webgunea gure egunerokoaren zati garrantzitsua da", hitz horiekin hasi du Leek hitzaldia eta "Sarea mundua lekua hobea izateko" nola erabili dezakegun aztertu behar dugula gaineratu du.

Tim Berners-Lee duela 20 urte inguru hasi zen Webgunea garatzen eta helburua "dokumentazio sistema birtuala sortzea zen". Horrela, adituak azaldu duenaren arabera, "www-a irudizko programa bat bezalakoa da, baina unibertsala da, ez baitu eskaerarik, ez duzu software zehatz bat erabili behar ezta webguneak sortzeko programa zehatzik behar". Gainera, "html sistema ulerterraza da", eta hasieratik "edozein informazio erabilgarria izan zitekeela jakitea garrantzitsua zen".

Hori dela eta, Leek azaldu duenez, "informazio iturri desberdinak zehaztea eta Sareari ahalik eta etekin gehien ateratzea ere garrantzitsua zen. Hau da, Europan zeudenek bakarrik erabiliko zuten sistema bat ez sortzea". Horrez gain, mugarik jarri nahi ez zuela esan du, "unibertsaltasunaren ideia azaltzea zaila zen arren".

Leek Web App berrien iraunkortasuna eta erabilgarritasuna azpimarratu du, "aplikazio horiek gehiago irauten dutelako eta edozein gailutan erabili daitezkeelako". Gainera, datuak irekitzearen alde egin du, "horien balioa handitu egiten delako eta etekin ekonomikoa ere areagotu egiten delako". Hala eta guztiz ere, horrek pribatutasunari buruzko eztabaida eragiten duela esan du, baina hori ere "oso garrantzitsua" dela eta sistema horiei buruz asko pentsatu beharko genukeela azaldu du.


Informazioaren gizartea

Hitzaldian, Leek munduko biztanleriaren % 20k Sarea erabiltzen duela esan du eta, orduan, gainontzeko % 80 horrekin zer gertatzen den aztertu behar dugula adierazi du; izan ere, "ez dute informazioaren gizartea erabiltzen".

Horregatik, duela 18 hilabete Sareak gizakien premiei erantzun behar diela aztertzen duen erakunde berria sortu zutela esan du. Leek % 20 horrek beste gainontzekoek baino abantaila gehiago dituela azaldu du eta Internetek bi taldeen arteko hutsunea areagotu egin duela esan du. "Komunikazio azpiegitura bat duzunean, hondamendiak gertatzen direnean edo gaixotasun berriak sortzen direnean ekimenak martxan jartzeko aukera duzu", adierazi du.

Hortaz, ideiak aurkezteko eta "jendea informazioaren gizartean sartzeko" zer egin behar den aztertzeko garaia dela esan du. Horrela, Leeren aburuz, "Internetera sarbideak giza eskubidea izan behar du", eta horretan ari da lanean W3C erakundea.

"Gaur egungo arazoak handiegiak dira pertsona bakar batek irtenbidea topatzeko. Webgunea informazioa partekatzeko erreminta on bat da eta horrek arazoak konpontzeko eta datorren mendea hasi aurretik, orain arte konpondu ez ditugun gatazka batzuk amaitzeko aukera emango digu", ondorioztatu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario