2011/06/13

'Siriako blogari lesbiana ospetsua' gizonezko estatubatuar bat da

"A Girl Gay in Damascus" blog ospetsua otsailean jarri zuten martxan eta ordutik arrakasta handia izan du. Milaka jarraitzaile ditu eta komunikabideek ere informazio iturri fidagarria zela uste zuten.

Azken asteetan Damaskon bizi duten egoera soziala deskribatzen zuen blogaren egilea Eskozian bizi den ikasle estatubatuar bat da. Azkenean, Tom MacMasterrek blogaren egilea Siriako emakume homosexual bat ez dela aitortu du.

"A Girl Gay in Damascus" bloga otsailean jarri zuten martxan eta ordutik arrakasta handia izan du, milaka jarraitzaile ditu eta komunikabideentzat Siriako egoerari buruz informazioa jasotzeko iturri fidagarria zen.

MacMasterrek barkamena eskatzeko testua idaztea erabaki du. Idatzi horretan bloga hasi zuenean hainbeste jarraitzaile izango zituela ez zuela uste esan du eta inor mindu ez izana espero duela gaineratu du. Hala ere, albisteak Interneteko informazioaren sinesgarritasunaren eztabaida ireki du eta beste blogari batzuk molestatu ditu; izan ere, euren ustez, egoerak arriskuan jarri ditu.

"Nire herrialdeko Gobernuak bahitzen nauenean, irakurle asko ez dira arduratuko, beste Amina bat izan naitekeela pentsatuko dutelako", idatzi du Libanon bizi den beste blogari batek.

Amina Abdalla Arraf al-Omari da ikasle estatubatuarrak sortutako pertsonaia, ustez Sirian bizi zen 25 urteko neska homosexuala. Gainera, Aminak bi herritartasun zituela esan zuen MacMasterrek, siriarra eta estatubatuarra.

Blogean idatzitako testuetan, harreman sentimentalak eta bizitza soziala deskribatzeaz gain, Damaskoko erregimenari buruzko kritikak eta gogoetak ere argitaratzen zituen. Blogaren ustezko egileak Associated Press agentzia estatubatuarrari ere elkarrizketa eskaini zion eta mundu osoko egunkarietan argitaratu zuten.

"Narratzailea fikziozkoa izan arren, gertakariak benetakoak dira eta ez dut gertatzen ari denari buruzko egoerarekin inor engainatu", esan du ikasleak. Gainera, asko arduratzen duten gauzei buruzko ahots garrantzitsua sortu duela adierazi du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario