2011/06/22

Hiru euskal ikasle, Microsoften Imagine Cup lehiaketako finalean

Mondragon Unibertsitateko Informatika fakultateko hiru ikasle finalera iritsi dira, mugimendua atzematen duen eta farolek energia aurrezteko balio duen proiektu batekin.

Javier Sierra, Aitor Akizu eta Josu Lopez dira Microsoften Imagine Cup lehiaketaren finalera iristea lortu duten Mondragon Unibertsitateko hiru ikasleak. Txapelketa horretan, Microsoftek talentu berriak saritzen ditu. Datorren uztailaren 8tik 13ra, lehiaketaren finala New Yorken izango da eta Argitech taldearen "Smart-Light" proiektuak, besteak beste, Errusiako, Bangladesheko eta Poloniako beste 19 proiekturekin lehiatu beharko dute. Ekimenaren bederatzigarren edizioa da aurtengoa, baina ikasle horientzat eta Unibertsitatearentzat lehenengo aldia izango da.

"Imajina ezazu teknologiak gaur egungo arazoak konpontzen dituen mundu bat", dio lehiaketaren leloak, eta Milurteko Garapen Helburuetan inspiratua dago. Horrela, gazteak arazo errealentzat konponbidea topatzera animatu nahi dituzte.

Lehiaketa honetan parte hartzeko erabakia Unibertsitateak, ikasleek eta Microsoftek Polo Garaian duen Berrikuntza Zentroak elkarrekin hartu zuten. "Nire kasuan, aholkulari lanetan aritu naiz. Egia esan formazioa eman behar izan diegu; izan ere, eskoletan horrelako sistemak azaltzen zaizkien arren, proiektuak Microsoften teknologiak erabili behar ditu eta horiek erabiltzen irakatsi behar izan diegu", azaldu du Xabier Mardaras Microsoften zentroko aholkulariak.

"Ez genuen txapelketa ezagutzen eta, egia esan, aukera oso ona iruditu zitzaigun. Munduan egin genezakeen aldaketa zen", komentatu du Akizuk. Gainera, ikasleek adierazi dutenez, "txantxa batekin hasi zen proiektua". "Azterketa garaia zen eta gauetan unibertsitatera iristen ginenean eta dena piztuta zegoela ikusten genuenean, ideia horri bueltaka hasi ginen", esan du Lopezek.

Etorkizunera begira

Imagine Cup txapelketak kategoria desberdinetako hainbat lehiaketa hartzen ditu bere baitan: "Sistema kapsulatuen sailean lehiatuko gara gu eta farolek energia aurrezteko sistema bat garatu dugu. Farolak ingurutik pasatzen den jendearen arabera gehiago edo gutxiago pizten dira. Hau da, pertsona bat farola baten ondotik pasatzean, farola hori eta ondokoak gehiago piztuko dira".

Sierrak, Akizuk eta Lopezek oso ideia erraza eta sinplea dela uste dute, "edonork pentsatu dezakeen horietakoa". Gazteek abendutik daramate ekimen honetan lanean: "Bigarren faserako prototipo bat egin behar genuen, eta hori, gutxi gorabehera, duela hilabete hasi genuen. Finalean gaudela jakin genuenetik prototipo hori hobetzen ari gara".

Hala ere, hiru ikasle horientzat esperientzia honek horrelako proiektuak gustuko dituzten jakiteko ere balio izan die: "Gustuko dugun jakiteko ere egin dugu. Azkenean, etorkizunean zure lana izan daitekeena da, eta horrelako ikerketak egiten gustura egongo zaren jakiteko modua ere bada".

Erabilgarria eta merkea

"Hiri guztietan energia gastua gehiegizkoa da, eta gastu hori era batera edo bestera kontrolatu behar da. Gehien bat hiriaren kanpoaldean izango da eraginkorra, eta ez hiriaren erdialdean, kanpoaldean jende gutxiago dagoelako eta hobeto aplikatuko delako", azaldu du Sierrak.

Gainera, sortzaileen aburuz, sistema "oso merkea" da. Guztira, "200 euro inguru balio du".

"Finalera iristeagatik eta New Yorkera joateko aukera izateagatik oso harro gaude. Espainiako unibertsitate bateko ikasle batzuk horrelako final batera iristen diren lehen aldia da. Besteak beste, Errusiako, Bangladesheko eta Poloniako beste 19 talderekin lehiatuko direla ere kontuan izan behar dugu, nazioarteko txapelketa bat da. Gainera, ikasle hauek hirugarren mailakoak dira eta, gure babesa duten arren, aurretik esperientzia hau probatu duten eta txapelketa ezagutzen duten beste ikasle batzuekin lehiatuko dira. Ciudad Realekoentzat, adibidez, bigarren aldia da", adierazi du Gentzane Aldekoa ikasleen tutoreak.

"Irabaztea mirari bat izango litzateke, baina orain arte egindako ikusita, ziur gaude oso ondo egingo dutela. Eta, batez ere, etorkizunean beste ikasle batzuk motibatzeko esperientzia biziko dute", gaineratu du Aldekoak.

Josu Lopez, Javier Sierra eta Aitor Akizu ikasleak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario