2011/06/30

News Corporationek MySpace saldu du 35 milioi dolarren truke

Duela 6 urte, Murdochek 580 milioi dolar ordaindu zituen sare soziala eskuratzeko. Orain, MySpaceren jabe berriak, Specific Mediak, proiektua berritu eta indartu egingo duela adierazi du.News Corporation enpresa estatubatuarrak MySpace sare soziala saldu dio Specific Mediari 35 milioi dolarren (24,2 milioi euro) truke, bi enpresek adierazi dutenez. Specific Media eta Justin Timberlake elkarlanean hasi dira.

Atariaren jabe berriek komunikatu batean aditzera eman dutenaren arabera, MySpace berritzeko eta indartzeko asmoa dute. Sare sozialak hileko 35 milioi erabiltzaile ditu oraindik ere AEBetan, baina ComScorek eskaini dituen datuek erakutsi dutenez, Facebookek bertan dituenak (157 milioi erabiltzaile) baino askoz ere gutxiago dira.

"Zaleek artistarik gustukoen webetan nabigatzeko, musika entzuteko, bideoak ikusteko, edukiak partekatzeko, gauza on horiek ezagutzeko eta konektatuta egoteko beharra dute. MySpacek hori eskaintzeko balio du", Timberlakeren esanetan.

Datozen hilabeteetan, Specific Media Kaliforniako marketin enpresak eta Justin Timberlakek MySpacerekin egingo dutenaren berri emango dute.

Akordioak News Corporationen proiektuen artean arrakasta txikiena izan duena bukatzeko balio izan du. Duela 6 urte, Murdochek 580 milioi dolar ordaindu zituen sare sozial hori eskuratzeko. Garai hartan, MySpace zen Interneteko sare sozialik ezagunena, baina Facebook nagusitu da apurka-apurka.

Aldaketa hori dela eta, urtarrilean iragarritakoa betez gero, langileak kaleratzen hasiko dira orain. Enpresaren 500 langileen erdiari eragingo die erabaki horrek. Mike Jones MySpaceko zuzendari exekutiboak datozen bi hilabeteetan kargua utziko duela adierazi du.


No hay comentarios:

Publicar un comentario