2011/06/23

Winklevoss bikiek 'Facebook kasua'n amore ematea erabaki dute

Mark Zuckerberg Facebook sare sozialaren sortzaileak eta Harvard Unibertsitateko klasekide ohiak ideia lapurtu ziela esan dute beti Winklevoss anaiek.

Cameron eta Tyler Winklevoss bikiek Mark Zuckerberg Facebook sare sozialaren sortzailearen aurka zuten gatazka legalean amore eman dute. Azkenean, AEBetako Gorte Gorenean helegitea ez aurkeztea erabaki dute, Los Angeles Times egunkariak argitaratu duenez.

Urteak daramatzate bi anaiek Mark Zuckerbergek Harvard Unibertsitatean ikasten ari zirenean sare sozialaren ideia lapurtu ziela salatzen. Gatazka hori da, hain zuzen ere, The Social Network pelikulak kontatu zuena.

2008an, Winklevoss bikiek eta Zuckerbergek gatazka amaitzeko akordioa lortu zuten. Horretarako, Facebooken sortzaileak 20 milioi dolar esku-dirutan eta 45 milioi dolar enpresako akziotan ordaindu behar zizkien. Hala ere, joan den otsailean, bikiek epaileari kasua irekitzeko eskatu zioten maula egin zietela uste zutelako.

Anaien aburuz, 2008an adostutako kalte-ordaina lau aldiz handiagoa izan behar zuen.

Apirilaren hasiera aldera, AEBetako Apelazioen Bederatzigarren Gorteak eskakizuna baztertu zuen eta horrelako gatazkek noizbait amaitu behar dutela adierazi eta une hori iritsi zela gaineratu zuten.

Winklevoss anaiek Gorte horri erabakia berrikusteko eta horretarako 11 epailek, eta ez hiruk, osatutako epaitegia osatzeko eskatu zioten.

Maiatzean, Bederatzigarren Gorteaklehen erabakia berretsi zuen.

Facebookek komunikatu batean adierazi duenez, oso pozik dago epaitegiaren erabakiarekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario