2011/07/18

'Euskal Encounter'ek ostiral honetan irekiko ditu ateak

XIX. edizioa uztailaren 22tik 25era izango da, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC). Aste Santuan agortu ziren salgai jarritako 6.000 sarrerak.

"Euskal Encounter"-en XIX. edizioa uztailaren 22tik 25era ospatuko dute. Espainiako elkargune informatiko handiena da komunikabideek "zertxobait ahaztuta" duten arren, ziurtatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Sustapenaren zuzendari nagusiak. Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC) bilduko dira, berriro ere, informatikaren zale eta profesionalak.

"Euskal Encounter"-en antolatzaile nagusiak, Sabino San Vicentek, parte-hartzaileen fideltasuna eskertu du, 6.000 sarrerak Aste Santurako salduta baitzeuden.

Pertsona guzti horiek eta 120 kilometroko sarearen bidez elkarrekin konektatutako 4.096 ordenadore-postuk Internetara segundoko 20 Gbeko sarbidea izanda, aisia eta ezagutza partekatzeko prest egongo dira.

Antolatzaileen arabera, parte-hartzaileen % 89 gizonezkoak dira, eta batez beste 27 urte dituzte. Ia erdiak EAEtik kanpoko tokiren batetik etorriko dira.

Aurten, enpresen arteko lehiaketa bat egingo dute, eta parte-hartzaileek euren ideiak eta sorkuntzak erakunde ezberdinei erakusteko aukera izango dute. Era horretan, informatikari buruzko lan poltsa bat sortuko dute.

Ekitaldirako bi pabiloi erabiliko dituzte,35.000 metro karratu guztira, hiru zona nagusitan banatuta: "Euskal Party"k arte digitalaren lehiaketak eta hasiberrientzako jokoak hartuko ditu, besteak beste; "Gamegune"n "Bideo-jokoen Nazioarteko Lehiaketa" izango da, eta 22.500 euro banatuko dituzte saritan; azkenik, "Opengune" publikoarentzako gunea izango da, hitzaldiak emango dira bertan, doan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario