2011/07/06

Googlek erabiltzaile guztien profilak publiko egingo ditu

Profil bat irekitzeko derrigorrezko datuak: izen osoa eta sexua, publikoak izango dira. Uztailaren 31tik aurrera hartuko dute neurri hori.

Googlek uztailaren 31tik aurrera bere zerbitzuko profil guztiak publiko izango direla jakinarazi die erabiltzaileei. Konpainiak profil bat irekitzeko derrigorrezko datuak: izen osoa eta sexua, publiko izango direla adierazi du; beste datuak erabiltzaileek euren profilaz egingo duten konfigurazioaren araberakoak izango dira.

"Profil hauek dakarten gauzarik onena zeu bilatzen laguntzea da, eta zurekin on line kontaktuan jartzeko aukera ematea", konpainiak Google+ egitasmoko web orrialdean esan duenez. Asmo hori kontuan hartuta, Googlek profil pribatuek aukera hori ez dutela ematen uste du.

Googleren jarrera horrek bere zerbitzuetan erregistratutako profil guztiak ikusteko aukera ematen du, bilatzailean bilaketa-irizpide aproposak erabiliz gero.

"Orain profil pribatu baten jabe bazara eta ez baduzu publiko egin nahi, ezabatu egin dezakezu. Edota ezer ez egin. Profil pribatu guztiak uztailaren 31tik aurrera ezabatu egingo dira", Google enpresak jakinarazi duenez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario