2011/08/30

Hemen da eitb.com berria

Entretenimendua eta informazioa oinarri hartuta, izaera multimedia eta multiplataforma izango du.

eitb.comberria abian da, eta EITB Taldeak izaera multimedia eta multiplataformaren alde egindako bidea zabalduko du apustu honek. Irratiko eta telebistako edukiak ardatz hartuta, entretenimendua eta informazioa izango dira oinarri.

Lehenengo egunetan, Beta fasean egongo da; hots, probetarako aldian. Iritzi eta iradokizunak helarazi nahi badituzu, sare sozialetako ohiko bideak ez ezik, horretarako prestatu dugun helbide elektronikoa ere erabil dezakezu.

Hemen da eitb.com berria

Entretenimendua eta informazioa oinarri hartuta, izaera multimedia eta multiplataforma izango du.

eitb.comberria abian da, eta EITB Taldeak izaera multimedia eta multiplataformaren alde egindako bidea zabalduko du apustu honek. Irratiko eta telebistako edukiak ardatz hartuta, entretenimendua eta informazioa izango dira oinarri.

Lehenengo egunetan, Beta fasean egongo da; hots, probetarako aldian. Iritzi eta iradokizunak helarazi nahi badituzu, sare sozialetako ohiko bideak ez ezik, horretarako prestatu dugun helbide elektronikoa ere erabil dezakezu.

2011/08/29

Facebookek 250 milioi argazki gordetzen ditu egunero

Sare sozialak jada 750 milioi erabiltzaile ditu eta bere blogean argazkiak igotzea ekintza zabalduenetako bat dela adierazi du.

Facebookek esan duenez, 250 milioi irudi baino gehiago gordetzen ditu egunero, gutxi gorabehera Espainiako herritar bakoitzak egunean bost argazki igotzea bezala.

Facebookek jada 750 milioi erabiltzaile ditu eta bere blogean argazkiak igotzea ekintza zabalduenetako bat dela adierazi du.

Sare sozialak hobekuntzak egin ditu zerbitzu honetan, besteak beste, bereizmen maximoa handitu eta argazkiak igotzeko abiadura azkartu du. Gainera, iragazkiak prestatzen ari da mugikorreko aplikazioan sartuko diren argazkientzat, Instagram estiloan.

Horren garapenean lan egin duten pertsona askok lagundu dute hainbat aplikazio abian jartzen, argazkiak atera eta editatzeko, eta zuzenean Facebookera, Twitterrera edo Flickr-ra bidaltzeko.

Sare sozialek anorexia eta bulimia areagotzen dituzte

"Gazteek trikimailuak bilatzen dituzte interneten ezer jaten ez duten bitartean etxekoak ez konturatzeko", jakinarazi du Enrique Garcia Huete psikologoak.

Twitter sare sozialean anorexia eta bulimia bultzatzen dituzten hainbat mezu daude. Gazteak sare sozialetan jarraitu nahi dituzten ereduak aurkitzen dituzte eta geroz eta argalago egoteko nahia partekatzen dute interneten, jakinarazi dute adituek.

"Gaur egun anorexia eta bulimia ezkutuko jarrerak dira etxean eta lagunartean. Horrenbestez, gazteei zaila egiten zaie jarraitu nahi dituzten ereduak aurkitu edo bizipenak besteekin partekatzea", jakinarazi du Enrique Garcia Huerte psikologoak.

Garciak esan duenez, "internet sortu zenetik eta gaur egungo sare sozialekin, gazteek jarraitu nahi dituzten ereduak bilatu eta bizipenak elkarrekin partekatzen dituzte. Honen ondorioz, gorabeherak areagotzen dira elikaduran".

"Elikadura desorekaren epidemiologia (TCA) egonkor mantentzen ari da, baina, hala ere, geroz eta urte gutxiagorekin utz diezaiokete jateari gazteek. Gazteek trikimailuak bilatzen dituzte interneten ezer jaten ez duten bitartean etxekoak ez konturatzeko", jakinarazi du adituak.

Psikologoaren arabera, "behin mundu birtual honen barruan sartzean, askoz ere zailagoa izaten da gazteentzat gaixotasuna sendatzea. Internet bidez, bestela aurkituko ez lituzketen mezu eta argibide ugari bilatzen dituzte argaldu ahal izateko".

Horrelako mezuak milaka jarraitzaile dituen Twitter sare sozialean argitaratzen dira. Elikadura desorekaren epidemiologiaren edukia duten mezu gehienak 14 eta 16 urte bitarteko neska adingabeek irakurtzen dituzte.

Argazkia: Eitb

2011/08/25

Internet bidezko telebistaren kontsumoak gora egin du nabarmen

Telebista atariek euren eskaintza zabala gailu berrien bidez (azken belaunaldiko sakelakoen eta tableten bidez, esaterako) ikusteko aukera ematen dute.Internet bidezko telebistaren kontsumoa asko hazi da azken urteotan, eta saioak eta serieak zuzenean ikusteko telebista kateen eskaintzak milioika erabiltzaile izan ditu denboraldi honetan.

Ikus-entzunezko bitartekoen atari liderrak, rtve.es-ek, ikusitako bideo kopuruaren markak apurtzea lortu zuen uztailean, hamaika milioi erabiltzaile bakar izanez, iazko epe berean baino 2.700.000 gehiago.

Telebisten atariek gailu berrien bidez, (besteak beste, modako mugikorrak eta taulak) euren eskaintza zabala ikusteko aukera ematen dute.

Francisco Sierra Antena 3eko Multimedia Edukien zuzendariarentzat, Internetek ematen dituen kontsumo aukerak telebistako ikusleria beti hor izatera laguntzen du, beste era batean izango balitz, "serie bat ikusteari utz liezaiokeelako kapitulu bat galdu ostean".

Kateen webguneetako azken moda aldez aurretik egindako estreinaldiak dira. Diru-kopuru txiki baten truke, ikusleek euren serie gustukoenaren kapituluak ikus ditzakete zuzenean eman baino 48 ordu lehenago.

Elkarreragina etengabe gora egiten ari den zerbait da. Interneteko orrialdeek sare sozialetan gaiak proposatzen dituzte, euren edukiak ezagutzera emateaz gain. Saioak zuzenean ematen dituzten bitartean, jendeak euren sare sozialetako kontuetatik sartzeko aukera du, ekitaldiari buruzko iruzkina, zuzen-zuzenean, egiteko.



Steve Jobsek Apple utzi du

Horren berri eman ondoren, konpainiaren akzioak % 7 jaistera iritsi dira Nueva Yorken burtsak ateak itxi ostean egindako operazioetan.

Steve Jobs enpresari estatubatuarrak, Apple Inc. enpresako zuzendari nagusiak kargua utzi du. Eragiketa saileko zuzendariak, Tim Cookek, ordezkatuko du, aspalditik Jobsen ondorengotzat jo dutenak, alegia.

Steve Jobsek Apple uzteko erabakiak ustekabean harrapatu ditu asko eta asko. Presidente exekutibo baliotsuena eta Silicon Valleyko ikonoa bezala hartzen dute mundu osoan.

"Noizbait Appleko nire eginbeharrak betetzeko gai izango ez banintz, horren berri emango zuen lehena izango nintzela esan izan dut beti. Zoritxarrez, iritsi da egun hori", idatzi zuen Jobsek (55 urte).

Presidente exekutiboak 14 urte eman ditu Apple zuzentzen, konpainiako fundatzaileetako bat da eta garaje batean hasi zen lanean.

Komunikatua zabaldu ondoren, konpainiaren akzioak % 7ra jaistera iritsi dira New York itxi ostean egindako operazioetan, eta ostegun honetan merkatuan beste beherakada bat izatea espero dute.

Duela denbora askotik aurreikusita zuten batzuek enpresariak kargua uztea, pankrea minbizi bategatik jasotzen ari zen tratamendua dela eta. Stevek gutun labur baten bidez eman du albistearen berri.

Steve Jobs. Argazkia: EFE

2011/08/24

Sakelakoen teklatuen iragarpenak euskaraz hobetzen lagundu nahi?

2011ko Nonicken, Bilbon eitbcom-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joerei buruz antolatzen dituzten nazioarteko biltzarrean, sortu zen ideia, eta hori gauzatzen ari dira dagoeneko.

TouchType enpresako SwiftKey tresnaren euskarazko bertsioa datozen asteotan izango da eskuragarri, uda honetan garatu ostean. SwiftKey honi esker, sakelakoen teklatuetan idaztean hitz baten osteko hurrengoa izan daitekeena iragartzen da. Britainia Handiko gazte hauek, baina, euskaldunon laguntza behar dute orain, tresna "finago" jartzeko.

Zer egin, ordea, horretarako? Oso erraza da. Nikiforos Karamanis garatzaileari mezua bidali, laguntzeko prest zaudela esanez, hona: nikiforos abildua touchtype-online.com.

Ingelesez idatzi behar duzu mezua; hori da, beraz, lehen baldintza. Bigarrena, Android sistema eragilea duen telefonoa izatea (2.1 bertsioa edo berriagoa). SwiftKey aurretik ezagutzen baduzu; primeran. Baina ezagutu gabe ere, berdin molda zaitezke.

Inolako zalantzarik izatekotan, helbide honetan argituko dizute: e-mail.

Nonick ingelesez, baina euskara hizpide

SwiftKey euskaraz garatzeko ideia 2011ko Nonicken sortu zen, Bilbon eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko SPRIk antolatuta, eta "Mobile" gai nagusi zutela, ingeles hutsean Interneteko joeren inguruan egindako nazioarteko biltzarrean.

Hizlarietako bat Ben Medlock gazte britainiarra izan zen, TouchType enpresako CTO eta sortzaileetako bat alegia. Horren hizketaldiaren ostean, Maite Goñik galdetu zion ia posible ikusten zuen tresna interesgarri hori euskaraz izatea, eta Medolckek baietz esan zuen, behar bezalako laguntza izanez gero.

Hori jakinda, eitb.com-ek euskaraz eta ingelesez idatzitako ehunka testu bidali zizkion, eta horietan oinarrituta egin dute garapena. Orain, berriz, euskaldunon laguntza behar dute, tresna hori "findu" ahal izateko.

Anima zaitez!
 

Facebookek aldaketak egin ditu eta pribatutasun gehiago agindu du

Hemendik aurrera, sare sozialeko erabiltzaileek aireratzen duten eduki bakoitza norekin partekatzen duten zehazteko aukera izango dute.

Erabiltzaileek pribatutasun aukerak kontrolatzeko moduan aldaketa garrantzitsuak sartuko dituela iragarri du Facebookek.

Aldaketa horiei esker, Facebookeko 750 milioi erabiltzailek pribatutasun kontrolak moldatzeko aukera izango dute Sarean edukia aireratzen duten bakoitzean.
Erabiltzaile batek Facebookera argazki bat igo eta bere lagunak argazkian "etiketatzen" dituenean, horiek etiketa onartzeko aukera izango dute irudia euren profilean atxiki baino lehen.

Pribatutasuna erronka handia izan da behin eta berriro Facebookentzat, horren sostengu nagusia publizitatea izanik, bateragarri egin behar baititu Sareak gero eta erabiltzaile gehiago izatearekin lotutako interes komertziala eta erabiltzaileek euren informazio pertsonalaren kontrola izateko duten sentsibilitatea.

Pribatutasunaren inguruko kezka areagotu egin da orain gutxi, Facebookek aurpegiak antzemateko teknologia (argazkietako pertsonak automatikoki identifikatzen duen teknologia) zabaltzea erabaki ondoren.



Facebookek 750 milioi erabiltzaile ditu. Argazkia: EITB

2011/08/18

Abestia entzun eta horren hitzak ikusi aldi berean, MusiXmatchekin

Aplikazioa Doakoa da eta iPhone eta Androiderako balio du.

Musika eta hitzak, aldi berean, MusiXmatch aplikazioari esker, sakelakoan. Doakoa da eta iPhone telefonoetarako eta Android, Symbiam eta Windows Phone sistema eragileak dituzten sakelakoetarako bertsioak eskuragai daude dagoeneko.

Entzuten ari den musika berehala ezagutu eta horren hitzak (datu-basean baldin baditu) berehala erakusteaz gain, sakelako telefonoaren diskotekan gako-hitzak, artistaren izena edo abestiarena jarrita bilaketak egiteko aukera ematen du.

Googleren estatistiken arabera, Ameriketako Estatu Batuetan "lyrics"  terminoa "sex" baino gehiago bilatzen dute. Askotan, abestia entzuteaz gain, hitzak ikusi nahi dituzte musikazaleek, abesteko edota zer esaten duen jakiteko.

Abestien hitzak eskaintzen dituzten webguneak (lyrics, metrolyrics, azlyrics,...) oso-oso ezagunak izan dira, baina MusiXmatch aplikazioa nagusitu egingo da, musika entzun ahala sakelakoaren pantailan hitzak ikusteko aukera ematen baitu. Enpresaren arabera, horren datu-baseak 5,5 milioi abesti ditu.

MusiXmatch ez da Silicon Valleyn sortu, Bolonian (Italian) baizik, eta Massimo Ciociola du zuzendaria. Hiru milioi euroko kapitala du eta dagoeneko akordioa sinatu du, besteak beste, BMG, Kobalt, Universal, eta Sony disko-etxeekin.

2011/08/17

Estatubatuar bat atxilotu dute, Facebooken sikario bat bilatzeagatik

London Eleyk (19 urte) mezu bat idatzi zuen bere sare sozialeko kontuan, senarrarekin eztabaida bat izan ostean; senarra hiltzen zuenari dirua ordainduko ziola jarri zuen.

Baliteke epaileek AEBetako gazte bat zigortzea, horrek Facebooken sikario bat bilatzeko iragarki bat zabaltzeagatik. Iragarki horretan, 19 urteko emakumeak bere semearen aita hiltzen zuen pertsonari ordaindu egingo ziola esan zuen. Erailketa-plagintza bat leporatuta, epailearen erabakiaren zain dagoen 18 urteko erabiltzaile baten erantzuna jaso zuen.

Facebookeko mezua idatzi zuen pertsona London Eley (19 urte) da, Filadelfiakoa (Kalifornia). Philly.com webgunean jakitera eman dutenez, Eleyk senarra hiltzen zuen pertsonari dirua emango ziola esaten zuen mezu bat zabaldu zuen bere sare sozialeko kontuan, harekin eztabaida bat izan ostean.

Timothy Bynumen (18 urte) erantzuna jaso zuen eta, dirudienez, hilketa berak egitea eskaini zion hark. Eleyren bikotekidearen senideek mezuak irakurri ostean, Poliziara jo zuten. Orduan, akusazioen egiazkotasuna frogatu eta gero, bi gazteak atxilotu zituzten agenteek. Ekainetik atxilotuta daude, epaileak jarritako fidantza ezin izan baitute ordaindu.

Abuztuaren 15ean, kasuaren azkeneko epaiketan, Jack O'Neil barrutiko  fiskalordeak ziurtatu zuenez, Eleyk bere iruzkina ez zuen brometan egin.

Epaileak irailaren 6rako jarri du epaiketaren eguna. Orduan erabakiko du gazteen iruzkinak broma ziren edo hilketa plantzat hartu daitezkeen. Ordura arte, bi atxilotuak zaintzapean egongo dira.

Gazte estatubatuar bat atxilotuta, Facebooken sikario bat bilatzegatik

London Eleyk (19 urte) bere sare sozialeko kontuan mezu bat idatzi zuen, senarrarekin eztabaida bat izan ostean: dirua ordainduko zion hura hiltzen zuenari.

(Informazio gehiago, laster)

2011/08/14

iPhone, iPod eta iPadentzat diseinatutako inprimagailu eramangarria

Funtzionatzeko, Bolle Photo programa doan jaitsi eta smartphonea kargako basera edo USB atakara konektatu.

MPGTech produktu teknologikoen eta telekomunikazioen fabrikatzaile espainiarrak inprimagailu berri bat, MPG-BP100 Bolle Photo, egin du, smartphonetik zuzenean argazkiak inprimatzeko.

Funtzionatzeko, Bolle Photo programa doan jaitsi eta smartphonea kargako basera (iPhone eta iPodentzat) edo USB atakara (iPadentzat) konektatu besterik ez da egin behar eta segundo batzuetan aukeratutako argazkia izango duzu.

MPG-BPC36 inprimaketa-kartutxoekin dabil (36 argazki inprimatzeko gai dira). MPG-BPC36 paketean ere argazki-papera eta inprimaketa tinta (CMYK) dator.

Inprimagailuak diseinu moderno bat du eta edozein lekutan jartzeko diseinu estetiko bat ere. Gainera, eramangarria izateko, 1,4 Kg pisatzen du. Gailuak JPEG formatuarekin bateragarria den argazki euskarri bat du.

mpgtechstore.com-en 99 euroko salneurria du inprimagailuak, eta bertan, konpainiaren produktu gehiago erosteko aukera dago.

2011/08/10

Appelek Samsung Galaxy Tab 10.1 merkatutik kentzea lortu du

Konpainiak esan duenez, Hego Koreako enpresak, telefono mugikorren munduko bigarren fabrikatzaileak, smartphonen eta taula elektronikoen diseinua eta funtzioak iPhone-ri eta iPad-i kopiatzen dizkio.

Alemaniako auzitegi batek emandako aginduaren bidez, momentuz,Samsungek ateratako azken taula, Galaxy Tab 10.1, merkatutik kentzea lortu du Apple-ek, Hego Koreako enpresak jakitera eman duenez.

"Samsung desengainatuta dago auzitegiak hartutako erabakiarekin, eta jabetza intelektualeko geure eskubideak babesten saiatuko gara berehala", adierazi du konpainiak.

Konpainiak azaldu duenez, Hego Koreako enpresak, telefono mugikorren munduko bigarren fabrikatzaileak, smartphonen eta taula elektronikoen diseinua eta funtzioak iPhone-ri eta iPad-i kopiatzen dizkio. Bestalde, Samsungek esan duenez, enpresa estatubatuarrak softwari buruzko ideia batzuk plagiatu dizkio.

Interneteko erabiltzaile batzuk, Londreseko istiluen 'ziber-Watchmen'

Hemeretzi erabiltzailek Google Group bat sortu dute, ondoko helburuarekin: irudietan aurpegiak aztertzen dituen teknologia erabilita ustez delituak egiten ari diren herritarren nortasuna egiaztatzea.

Nork zelatatzen ditu zaindariak? Hainbat erabiltzailek Googlen bat egin dute 'Aurpegiko azterketa Londreseko istiluetan' izeneko taldean. Helburua hau da: Erresuma Batuan jarduten ari diren lapurren argazkiak aurpegiak aztertzeko tresnekin alderatzea haien nortasuna egiaztatu ahal izateko. Taldearen gunean erabili beharreko tresnen inguruko gaiak eta etikari buruzko galderak biltzen dira. 

Guztira, 19 erabiltzailek bat egin dute Google Group-a sortzeko; kamerek grabatutako irudietan agertzen diren aurpegiak aztertzen dituen teknologia erabilita, Erresuma Batuan ustez delituak egiten ari diren herritarrak zeintzuk diren jakitea dute helburu.

"Polizia iraultzaileen eta lapurren telebistako zirkuitu itxiko irudietara sartzen uzten ari da. Aurpegiko azterketa egiteko dagoen teknologia eta sare sozialak erabiliko ditugu justizia prozesu hau azkarrago joan dadin", azaldu dute taldearen deskribapenean.

'Aurpegiko azterketa Londreseko istiluetan' taldearekin kolaboratzen duten kideek hainbat gai ireki dituzte teknologia mota hori erabiltzeko aplikazioei buruzko informazioarekin. Horrez gain, jardun mota hauen gai etikoak eta argazkiak alderatzeko zerbitzuen inguruko gidak ere jarri dituzte. Taldearen sortzaileek edozein erabiltzaileri parte hartzeko izena eman eta gaiari buruzko haren ezagutzak idazten uzten die.

Erabiltzaile batzuk, Londreseko istiluen 'ziber-Watchmen'

Guztira, 19 erabiltzailek Google Group bat sortu dute, irudietan aurpegiak aztertzen dituen teknologia erabilita ustez delituak egiten ari diren herritarrak zeintzuk diren jakiteko helburu izanda.

(Informazio gehiago, laster)

2011/08/09

Gero eta baliabide hobeak Interneten, bikotekidea engainatzeko

Ashley Madison, Second Love, Romance Secreto, Gleeden eta Victoria Milan webguneek elkarrekin harremanetan jartzen dituzte bikotekidea edukita konpromisorik gabeko sexua izan nahi duten pertsonak.

Bikotekidearekin desleial jokatzea zertxobait errazagoa da, bikotekidea izanda ere konpromisorik gabeko sexua biltzen duten pertsonak harremanetan jartzeko probetxuzko web orrialdeak ugaritu direnetik.

World Wide Web (WWW) jarri zutenetik, Internet maitasun eta adiskidetasun harremanak sortzeko plataforma eraginkorra bihurtu da. Hasieran txatak izan ziren eta, aurrerago, bikotekidea bilatzeko webgune eta sare sozialak.

Azkeneko moda arazorik gabe desleialak izan nahi duten pertsonei soilik eskaintzen zaizkien web orrialdeak dira. Ashley Madison, Second Love, Romance Secreto, Gleeden eta Victoria Milan Interneteko orrialdeek bikotekidea eduki eta konpromisorik gabeko sexua bilatzen duten pertsonak harremanetan jartzen dituzte klik batean.

2011/08/05

Non egon zaren aztertuta lagunak proposatzeko aplikazioa egin dute

Sistema berri batek zein leku bisitatzen dituzun bildu eta, hori oinarri hartuta, zure laguna nor izan daitekeen aztertzen du.

Cambridgeko unibertsitate britainiarreko ikertzaile talde batek sare sozialetan lagunak egiteko metodo berri bat zabaldu du. Lagunak bilatzeko sistemak mundu osoan bisitatutako lekuak hartzen ditu oinarri; hau da, zein lekutan egoten zaren aztertzen du sistemak, eta horren arabera lagunak izateko hautagaiak bilatzen ditu.

"Lagunak iradokitzeko" sistema berri honek erabiltzaileak sarri bisitatutako lekuak biltzen ditu eta, horien arabera, elkarren artean lotura duten erabiltzaileak bilatzen ditu.

Ikertzaileen arabera, "Lagunen lagunak" metodoarekin, Facebook eta Linkedinen erabiltzen denarekin, batera jarrita, iragarpen sistemak eraginkortasun handiagoa izango du.

"Jendeak bisitatutako lekuen ezaugarriak aztertuta, lagunak izan daitezkeen pertsonen arteko loturak egin nahi ditugu" jakinarazi dio Reutersi Salvatore Scellatok, ikertzaileetako batek.

Gowalla sare sozialera loturak egitea ere aztertu du ikertzaile taldeak. Sare sozial honek geolokalizatu eta bisitatu dituzten lekuen inguruko informazioa guztiekin partekatzeko aukera ematen die erabiltzaileei.

Biltokiei puntu maila jakin bat ematen diete, jendearekin batzeko ematen duten aukeran oinarrituta. Hartara, bulegoek, gimnasioek edo eskolek, adibidez, aireportuek edo futbol estadioek baino puntuazio altuagoa izaten dute.

Leku bat bisitatzen duen jendearen eta bisita horien sarritasunari begiratuta egokitzen diete garrantzi maila tokiei, Scellatok azaldutako "lekuaren entropia" teoriaren arabera.

Sare sozialetan lagunak bilatzeko sistema berria. Argazkia: http://es.noticias.yahoo.com

2011/08/04

Androiden hazkundea ostopatzea leporatu die Googlek lehiakideei

Patenteak erosita Android sistema eragile mugikorra haztea oztopatzeko konspirazioa egitea leporatu die Googlek Microsoft, Apple, Oracle eta "beste enpresa batzuei".

Nortel konpainiak porrot egin eta, hortaz, milaka patente erosteko eskaintza bat galdu ondoren, Google Inc. enpresa lehiakide handienen aurka oldartu da, eta Interneteko enpresa ospetsua smartphone-en sektorean blokeatzeko batzea egotzi die.

Jendaurrean, David Drummond Googleko departamentu juridikoko ordezkariak Microsoft, Apple, Oracle eta "beste enpresa batzuei" gero eta ospetsuagoa den Android sistema eragile mugikorraren hazkundea oztopatzeko konspirazioa egitea leporatu die, haserre, patenteak erosiz Googleren sistema eragilea duten telefono mugikorren "zergak" jartzen dituztela egotzita. Kontsumitzaileentzako gastuak handitzearekin batera, patenteak erosita berrikuntza teknologikoa gelditzen dela ziurtatu du Drummondek.

Gero eta eskari handiagoa, patenteen arloan

Android softwarea HTC, Motorola eta Samsung telefonoek erabiltzen dute, besteak beste. Smartphone-en plataforma ospetsuena bilakatu da, merkatuaren herena hartuta.

Interneteko bilaketen liderra InterDigital, 2.094 milioi euro balio dituzten patente multzoa, erosteko asmoa du, The Wall Street Journal egunkariaren arabera.

2011/08/02

Haurdunaldiak iragartzeko aukera berri bat jarri du Facebookek

"Itxaroten ari zaren haurra" esparruan haurdunaldiaren berri emateko aukera berria dago, datu pertsonalen atalean.Facebook sare sozial ezagunak eremu berri bat jarri du norberaren datu pertsonalen informazioa emateko atalean. Cnet webgune teknologikoak astearte honetan jakinarazi duenez, kategoria berri hori beteta, haurdunaldiaren berri eman ahal izango da sare sozialean.

Erabiltzailearen profilaren barruan bete ahal izango da aukera hau. "Lagunak eta familia" atalaren barruan agertuko da, eta "itxaroten ari zaren haurra" izena izango du.

Eremu berri horretan umearen izena eta gutxi gorabehera noiz jaiko den ere jarri dezake erabiltzaileak.



Facebook sare sozialaren logoa. Argazkia: EITB