2011/08/18

Abestia entzun eta horren hitzak ikusi aldi berean, MusiXmatchekin

Aplikazioa Doakoa da eta iPhone eta Androiderako balio du.

Musika eta hitzak, aldi berean, MusiXmatch aplikazioari esker, sakelakoan. Doakoa da eta iPhone telefonoetarako eta Android, Symbiam eta Windows Phone sistema eragileak dituzten sakelakoetarako bertsioak eskuragai daude dagoeneko.

Entzuten ari den musika berehala ezagutu eta horren hitzak (datu-basean baldin baditu) berehala erakusteaz gain, sakelako telefonoaren diskotekan gako-hitzak, artistaren izena edo abestiarena jarrita bilaketak egiteko aukera ematen du.

Googleren estatistiken arabera, Ameriketako Estatu Batuetan "lyrics"  terminoa "sex" baino gehiago bilatzen dute. Askotan, abestia entzuteaz gain, hitzak ikusi nahi dituzte musikazaleek, abesteko edota zer esaten duen jakiteko.

Abestien hitzak eskaintzen dituzten webguneak (lyrics, metrolyrics, azlyrics,...) oso-oso ezagunak izan dira, baina MusiXmatch aplikazioa nagusitu egingo da, musika entzun ahala sakelakoaren pantailan hitzak ikusteko aukera ematen baitu. Enpresaren arabera, horren datu-baseak 5,5 milioi abesti ditu.

MusiXmatch ez da Silicon Valleyn sortu, Bolonian (Italian) baizik, eta Massimo Ciociola du zuzendaria. Hiru milioi euroko kapitala du eta dagoeneko akordioa sinatu du, besteak beste, BMG, Kobalt, Universal, eta Sony disko-etxeekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario