2012/03/20

Gazteek kirola zientzia baino nahiago

Kirola da Euskal Herriko gazteen gai gogokoena, alde nabarmenarekin. Zientzia eta teknologia laugarren lekuan daude. Hala erakutsi du Elhuyar Fundazioak 2011. urtean UPV/EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera egindako Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa 2011 ikerketa-lanak.

Azterketa horren helburua izan da Euskal Herriko gazteek zientzia eta teknologiari buruz zer iritzi, bizipen, jarrera eta irudi dituzten jakitea. Ikerketaren emaitzak gaur goizean aurkeztu dituzte UPV/EHUko Bilboko egoitzan azterketaren arduradunek: Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak, Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Kultura zientifikoko katedraren arduradunak, Eneritz Muguruza Elhuyar Fundazioko azterketaren koordinatzaileak eta Begoña Ochoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Politika Zientifikoko zuzendariak.

Euskal Herri osoko 10 eta 18 urte bitarteko 2.000 ikaslek hartu dute parte azterketan.

Euskal Herriko gazteei gehien interesatzen zaien gaia kirola da (% 68,3k du interes handia edo oso handia); zinema, artea eta kultura datoz ondotik (% 51,4); eta zientzia eta teknologia laugarren postuan daude (% 46,9k du interes handia edo oso handia).

Zientzia eta teknologiaren esparruko gai zehatzetan, informatikak pizten du interes handiena (% 60,9k du oso interes handia edo handia) gazteen artean; ondotik datoz teknologia (% 46,3), ingurumena (% 41,4) eta osasuna (% 41,1).

Etorkizunean ez dute beren burua ikertzaile ikusten. 11 lanbidetatik, 8. aukera dute gazteek zientzialari-lana.

Honela irudikatzen dute zientzialari edo ikertzailea: gizonezkoa, nagusia, bata zuriz jantzia eta laborategi batean. Estereotipo horretatik at dago zientzialari bitxia.

Nesken eta mutilen artean alde nabarmena dago: emakumezkoek osasunari lotutako gaiak dituzte nahiago; gizonezkoek, ordea, teknologiari lotutakoak. Ipar Euskal Herriko gazteek jarrera ezkorragoa dute zientzia eta teknologiarekiko Hegoaldekoek baino.

Zientzia eta teknologiari buruzko irudi positiboa dute gazteek, eta gizartearen ongizatearekin lotzen dute. Ikasleen % 70ek baino gehiagok pentsatzen du zientziak eta teknologiak lagundu egiten dutela gure bizimodua erosoagoa egiten, gaixotasunak sendatzen edo mundua hobeto ezagutzen. Hala ere, arriskuak ikusten dituzte zientzia eta teknologiaren erabileran: % 76,1 dago erabat ados edo ados ondoko esaldiarekin: "Zientzia eta teknologia ondo erabili behar dira; bestela, arriskutsuak izan daitezke".

Hedabideetan ez dute zientzia eta teknologiari buruzko informazioa bilatzen: %10 baino gutxiago dira telebistan, aldizkarietan eta Interneten gai horiei buruzko berriak bilatzen dituztenak.

Gazteak pozik daude ikastetxeetan jasotako prestakuntza zientifiko-teknikoarekin: erdiek (% 49,7k) uste dute maila oso ona edo ona dutela. Ikasgai horiek zailak iruditu arren (elkarrizketatutako % 64,2ri), ez dira "txapa" hutsa (% 64,8), eta jarduerak dibertigarriak dira (% 61,3).

Juan Ignacio Perez, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren arduradunaren ustez, "gazteek zientziaren irudi praktikoa dute, zientziak "zerbaiterako" balio duela uste dute, baina ez dute antzematen zientziaren berezko balioa eta mundua ikusteko modu bat ere suposatzen duela". Hezkuntza Saileko Begoña Ochoak bereziki ondo baloratu du haur eta gazteek duten iritzia jasotzen duten hezkuntzari buruz. "esango nuke egiten ari garen ahaleginaren isla dela eta erakunde publikoetatik egin beharreko diskurtsoa erreforzatzen du, hezkuntza formala eta ez formalaren arloan". Azkenik, Elhuyar fundazioaren zuzendari nagusia Itziar Nogerasek azpimarratu du zientziaren diskurtsoak arlo guztietan izan behar duela isla: familian, komunikabidetan, eskolan,...


Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa 2011 azterketan 10 eta 18 urte bitarteko 2.000 gazteri baino gehiagori egin zaie inkesta, Euskal Herri osoan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea), 2011ko maiatza eta ekaina bitartean. Bost gai nagusiri buruz egin zaie galde gazteei: interesak, hedabideetan informazioa biltzeko ohiturak, zientzia eta teknologiaren hezkuntzaren balorazioa, zientzia eta teknologiaz duten irudia, eta bokazioak.

Hiru erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute mota honetako pertzepzio-azterketak aldian-aldian egiteko beharra gizarteak zientzia eta teknologiari buruz duen irudiaren bilakaera neurtzeko eta horren arabera aritzeko. Gazteen pertzepzio-azterketa 4 urtez behin errepikatzeko asmoa adierazi du Elhuyar Fundazioak (helduen azterketa ere maiztasun horrekin egiten da).

Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa 2011 azterketa-lan osoa eta haren laburpena http://laborategia.elhuyar.org/ikerketak.asp?lang=EU webgunean daude eskuragarri.

Azterketa-lanaren inguruan mintegi bat egingo da martxoaren 30ean, Donostiako San Telmo museoan. Han, azterketaren ondorioen inguruan eztabaidatuko da, eta zientzia gazteengana hurbiltzeko bertako eta atzerriko ereduak ezagutuko dira.




ifttt puts the internet to work for you. via task 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario