2012/04/27

Bost kimikari eta kazetari bat,CAF-Elhuyar sarietan irabazle

Atzo (apirilak 26) banatu zituzten Donostiako San Telmo Museoan zientzia- eta teknologia-dibulgazioko 2011ko CAF-Elhuyar sariak. Hauek izan dira irabazleak eta epaimahaiaren arrazoiak:

 1. Dibulgazio-artikulu orokorra:
Izenburua: Kimikaren artea eta artearen kimika,
Egileak: Jone Omar (Bilbo, 1986), kimikaria eta Kimika Analitikoko Doktoretza ikaslea EHUn. Patricia Navarro (Castro Urdiales, Espainia, 1981) eta Alfredo Sarmiento (Logroño, Espainia, 1976), Kimika Analitikoan doktoreak eta EHUko Ikerkuntza Zerbitzu Orokorreko langileak.

Gizartean hedatutzat jotzen duten kimiofobiari aurre egitea du helburu artikuluak. Izan ere, diotenez, gaur egungo gizarteak kimikarekin lotutako guztiari nolabaiteko beldurra dio. "Hainbat produktu ekologiko eta bio pil-pilean daude, eta askotan entzuten dugu produktu kimikoek eragina dutela minbizian eta beste gaixotasun batzuetan. Baina, benetan, dena da kimika". Hori erakusteko, artikuluak kimikarekin lotuz artearen historiaren errepasoa egiten du, historiaurretik hasita: "Aipatu nahi genituen, nolabait, artelan gehienak eta garai historiko guztietako gertakari garrantzitsuenak".

Epaimahaiak nabarmendu duenez, "klasikoa izanagatik, ondo egituraturiko lana da, abiapuntu ona du eta egileek ederki defendatzen dute artikuluaren tesia".

2. Egilearen doktore-tesian oinarritutako artikulua:
Izenburua: Pirolosia eta biofindegiak
Egilea: Jon Makibar (Eibar, 1983), Ingenieritza Kimikoan doktorea. IK4-IKERLAN ikerketa-zentroko Energia Unitatean ikertzailea.

EHUn eta IKERLANen osatu du tesia Makibarrek. Biomasaren sektoreko hondakinak energia bilakatzeko prozesu bat garatzea izan du helburu: unibertsitatean diseinaturiko ikerketa-erreaktore bat hartu eta pirolisia egiteko instalazio pilotu baten eskalara eramatea, hain zuzen ere. Doktore-tesia dibulgazio-artikulu bilakatzea zaila izan dela dio Makibarrek: "Tesia euskara oso teknikoan idatzi ostean, edozeinek ulertzeko moduko euskaran idatzi behar izan dut". Hori lortzeko "lauzpabost zirriborro" egin behar izan dituela aitortu du, eta gertukoekin kontrastatu: "Ulertzea pixka bat kostatu zaiela esaten badizute, aldatu egin behar duzu".

Epaimahaiaren esanetan, "inoiz baino zailtasun gehiago" izan dute aurten kategoria honetako sariduna aukeratzeko, inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituztelako, besteak beste, baina, batik bat, "bereziki onak" iruditu zaizkiolako epaimahaiari kategoria honetara aurkeztutako lanak, "edukiz eta formaz". Itziar Alkorta epaimahaikideak nabarmendu duenez, "pozteko eta zoriontzeko modukoa da tesiaren mamia euskaraz horrela komunikatzeko gaitasuna duten geroz eta ikertzaile gehiago daudela ikustea".

3. Zientzia-kazetaritzako lana:
Izenburua: Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua.
Egilea: Gorka Zabaleta (Zumaia, 1973), kazetaria Zumaiako Baleike herri-aldizkarian (2011ko otsaila).
Zabaletaren esanetan, tokiko gaiak eta zientzia uztartzeko ahaleginaren fruitua izan zen artikulua. Horretarako aukera eman zien AZTIk egindako itsas hondoaren mapak. "Orain arte ez dugu izan itsas hondoaren zehaztasun hori, baina kostaldean bizi gara eta jendea itsasoan mugitu da, itsasoan egin du lan, itsasoari etekina atera dio. Mendez mende pilatutako jakintza AZTIk egindako maparekin alderatzea bururatu zitzaigun", dio Zabaletak.
Epaimahaiak zera goraipatu du: "Kazetariaren estilo zuzena, dokumentazio zabala, ikuspuntu desberdinak biltzeko gaitasuna, erabilitako grafiko ederrak eta gaurkotasunarekin lotzeko abilezia", baita "tokiko gaiak zientziarekin uztartzeko egilearen ahalegin mamitsua" ere.

4. Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioaren saria (5.000 €): epaimahaiak sari hau eman gabe uztea erabaki du 

5. Elhuyar Merezimendu saria
Jose Mari Elortza (Bergara, 1950)
Valladolideko Unibertsitatean egin zituen Elortzak Kimikako ikasketak, eta 1976an hasi zen Donostiako Kimika Fakultatean lanean. Garai bertsuan ekin zion kimikako testuliburuak euskaraz idazteari. "Bi liburu baino ez genituen ezagutzen, biak Espainiako Gerraren aurretik idatziak, 1936an; Gabriel Jauregiren Kimia eta Pisia, hain zuzen ere. Kimika Fakultatean ikasle batzuk eta ni elkartzen ginen, eta erabakitzen genuen Fakultatean nola esango genituen gauzak. Leioakoekin ere harremanetan geunden eta haiekin biribildu egiten genuen kontua, baita Udako Euskal Unibertsitatean ere". Hain zuzen ere, Elortzak idatzitakoak dira ikasle-belaunaldi askok erabili dituzten Kimika Fisiko Makromolekularra eta Termodinamika liburuak. 2010eko Merezimendu saridun Jose Ramon Etxebarria, Jazinto Iturbe eta beste batzuekin batera, aitzindaria izan zen Elortza euskarazko irakaskuntzarako testugintzan.

2011ko CAF-Elhuyar sarietara 48 lan aurkeztu dituzte orotara: Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian, 23 lan aurkeztu dituzte; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, 14 lan aurkeztu dituzte; Zientzia-kazetaritza kategorian, 9 lan; eta, azkenik, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen kategorian, 2 lan.

Bi epaimahaik baloratu dituzte lan horiek guztiak. Alde batetik, honako pertsona hauek epaitu dituzte Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak kategoriara iritsitako lanak:
• Yolanda Arrieta idazlea eta haur- eta gazte-literaturan aditua
• Jesus Mari Olaizola "Txiliku", idazlea, Biologiako irakaslea eta haur- eta gazte-literaturan aditua
• Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko proiektuen kudeatzailea eta gazteentzako ipuinen idazlea

Gainerako kategorietako lanak baloratzen, berriz, honako epaimahai hau aritu da:
• Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria
• Jose Maria Pitarke, CIC-NanoGUNEko zuzendaria
• Juan Ignacio Pérez Iglesias, Kultura Zientifikoko EHU-BFA katedrako zuzendaria
• Txema Ramírez de la Piscina, Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritzako irakaslea
• Jose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CEITeko ikertzailea.





ifttt puts the internet to work for you. via task 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario