2012/04/01

Elhuyarrek ebook-en eta smartphoneetarako aplikazioen prezioak egokitu ditu

Elhuyarrek, urtero legez, apirilaren 1ean Elhuyarren argitalpenen katalogoko prezioak eguneratu ditu. Zientzia eta euskara dira Elhuyarren argitalpenen ardatz nagusiak. Euskararen ildotik, Elhuyar hiztegiak dira aipagarrienak. Zientziaren haritik, berriz, helduentzat, zientzia-dibulgaziorako liburuak eta unibertsitate-liburuak argitaratzen ditu Elhuyarrek; gazteentzat, berriz, zientzia-narrazioko liburuak (12-16 urterako), zientzia-esperimentu liburuak (8-14 urte bitartean) eta Lanbide Heziketarako edo Batxilergorako eskola-liburuak.

Elhuyarren zientzia- eta euskara-produktuak paperean ez ezik, plataforma berrietan ere eskaintzen dira. Katalogoko prezioen eguneraketan, plataforma berrietako prezioen egokitzapenak izan dira azpimarragarrienak.

Elhuyar hiztegiak eskuragarri daude smartphoneetarako, Android eta Iphone plataformetan. Smartphoneetarako aplikazio horien prezioak egokitu egin ditugu, eta 3 €-an eros daitezke Android Market eta App Storen. Egun, Elhuyarren bost hiztegi daude eskuragarri Android eta Iphone plataformetan: Elhuyar hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco); Elhuyar hiztegia/dictionary (euskara-ingelesa/english-basque); Dictionnaire Elhuyar hiztegia (euskara-frantsesa/français-basque); Elhuyar Sinonimoen Kutxa; eta Elhuyar ikaslearen hiztegia. Aplikazio horien guztien demo bertsioa doan deskarga daiteke.

Uda aurretik, hala ere, beste bi berrikuntza egongo dira alor honetan: batetik, aipatutako bost aplikazioak tabletara egokituko dira, eta haiek ere 3 €-an egongo dira eskuragarri Android Market eta App Storen. Bestetik, kxo!, euskarazko oinarrizko kontzeptuak ikasteko mugikorretarako aplikazioa, eskuragarri egongo da smartphoneetarako, 3 €-an hura ere.

Zientzia-gaiei buruzko Elhuyarren liburuak paperean edota ebook formatuan eskura daitezke: batzuk doan, eta beste batzuk 4 €-an. Ordainpeko ebook guztien prezioak egokitu eta 4 €-an jarri ditugu; 4 € horietatik 1 € liburuaren egilearentzat izango da. Ebook guztien demoak, baita ordainpekoenak ere, doan deskarga daitezke. Gainera, papereko liburua erostean, Elhuyarrek haren ebook-a doan emango dio bezeroari.

Ebook eta smartphoneetarako aplikazioen prezioa jaitsiz, produktuen zabalkundea lortu nahi da; alegia, euskarazko produktuak formatu berrietan kontsumitzera bideratzea. Eta bidenabar, bezeroak eskura izan dezakeen kopurua ezarri nahi izan dugu, eta, hala, erabiltzailea da onuradun nagusia.

Elhuyarrek argitaratzen dituen produktuak Internet bidez eros daitezke www.elhuyar.org/edizioak webgunean; Elhuyarren katalogo osoa ikusi eta deskargatu daiteke helbide horretan. Internet bidez egindako erosketek % 5eko deskontua dute.

Oharra: Elhuyarren produktu esanguratsuenen 2012ko diptiko informatiboa dago prentsa-oharrari atxikita.




ifttt puts the internet to work for you. via task 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario