2012/06/07

Hamarkada bete Euskal Herrian egiten den ikerketa mundura zabaltzen

Elhuyar Fundazioaren Basque Research webguneak (www.basqueresearch.com) hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren erakusleiho izaten.

Hamar urte hauetan, 8.000 albiste eta ekitaldi bildu eta zabaldu ditu; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean ere. Izan ere, ikerketa eta garapenerako sareak sortzea izan da Basque Researchen lehentasuna hasiera-hasieratik. Esaterako, aipagarriak dira Europako ikerketa biltzen duen Alphagalileo eta Europako Batzordearen Cordis Wire webguneekin dituen lankidetzak. Era berean, Basque Researchen argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. Science aldizkari ospetsua editatzen duen taldearen webgunea da Eurekalert!, hau da, American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearena.

Sare horri esker, hamar urte hauetan, Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN...

Urteurrena ospatzeko, argitaratutako albiste irakurrienen zerrenda osatu du Basque Research webguneak. Horiexek dira, hain zuzen, nazioartean oihartzun handiena izan dutenetako batzuk. Urre-, zilar- eta kobre-atomoen magnetismoari buruzko albiste bat da webguneko albiste irakurrienen zerrendaburu. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko zenbait ikertzailek nazioarteko talde batekin elkarlanean egindako ikerketa-lan baten emaitza da. Lan horrek galdera berriak planteatzen ditu magnetismoari lotutako mekanismo fisikoen inguruan, eta ate berriak irekitzen dizkie zenbait gaixotasunen tratamendurako aplikazio interesgarriei. Aplikazioak alde batera utzi gabe, Lizarrako BSH enpresak Siemens etxearekin batera garatutako Dressman plantxatzeko robotaren inguruko albistea da irakurrienen artean bigarrena. Alkandorak plantxatu eta lehortzeko robot bat da hori. Gaia erabat aldatuz, antzinako DNAren azterketak baliatuz Arabako Aldaieta nekropoliko populazioaren inguruko lan batek jaso ditu ondoren bisita gehien. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikerketa-lana da hori ere.

Urtemuga ospatze hutsarekin nahikoa ez, eta zenbait hobekuntza egin berri ditu Basque Researchek. Esaterako, Twitter bidez, lehenengo urratsa egin dugu sare sozialetan. Halaber, webgunea erabiltzen duten ikertzaileek, kazetariek eta bisitariek astero eta hilero jasotzen dituzten buletinak eraberritu ditugu, elementu grafikoak indartuz, besteak beste.

Duela hamarkada bat ezarritako helburuaren ildo beretik, erreminta eroso eta azkarra izaten jarraitu nahi du Basque Research webguneak, Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri jakin nahi duenarentzat edo ikerketa zabaldu nahi dutenentzat.


Hamar urte, hamar albiste

Hamar urte hauetako hamar albiste irakurrienen zerrenda:

Data

Albistea

Bisita-kopurua

2008/02/28

Magnetikoak bihurtu dituzte urre-, zilar- eta kobre-atomoak.

38.962

2004/05/26

Dressman, plantxatzeko robota.

18.824

2008/04/08

Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoa berregiten.

 

16.737

2009/01/07

Familia-insomnio hilgarria (FIH) eragiten duen mutazioaren jatorria ikertu dute.

10.596

2008/06/30

Itziar Laka Gogo Elebiduna ikertzaile-taldeko zuzendaria: "Hizkuntza burmuinean dago".

 

10.304

2004/03/16

Robot industrialen portaera hobetzeko metodo berriak.

9.950

2009/11/17

Osasunari lotutako bizi-kalitatea neurtzea, bioestatistikaren desafioa

9.779

2004/03/29

BIOSEK, biometriako sistemak ebaluatzeko sistema

9.631

2004/03/24

Propietate elektromagnetiko berriak dituzten metamaterialak

9.585

2012/01/27

Bertsolarien "gaitasuna" aztertuko du BCBL-k

9.339





ifttt puts the internet to work for you. via task 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario