2012/09/20

Martxan da zientzia eta teknologiaren XI. Elhuyar Olinpiada

Elhuyar Fundazioak Euskal Herri osoko DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta antolatzen duen zientzia eta teknologiaren olinpiadak XI. ekitaldia du aurtengoa, eta dagoeneko izena emateko epea irekita dago.

Danel Solabarrieta Elhuyar Olinpiadaren arduradunak azaldu du zer helburu dituen lehiaketak: zientzia- eta teknologia-gaiak era atseginean lantzea; teknologia berrietan trebatzea; gazteak zientzia-gaietan sortzaile bihurtzea; eta beste ikastetxeetako gazteekin batera aritzea eta elkarrengandik ikastea. "Esperientziak erakutsi digu Olinpiada hau, irakasleentzako tresna on bat izateaz gainera, lehiaketa honen bidez ikasleak motibatu egiten direla. Parte-hartzaileek oso lagungarritzat jo dute. zientzia-gaiak taldean lantzeko eta IKTetan eta komunikazio-gaitasunetan trebatzeko".

Elhuyar Olinpiadan parte hartzeko epea jada irekita dago. Parte-hartzaileek http://olinpiada.elhuyar.org webgunean eman beharko dute izena, eta ikasturtean zehar proposatzen diren probei ere bertan erantzun. Aurtengo ikasturtean zehar, parte hartzen duten ikasgelek lau proba gainditu beharko dituzte, eta gaiak hauek izango dira: fisikaren eta zientziaren historia; energia eta jasangarritasuna; teknologia, ingurumena eta komunikazioa.

Sariei dagokienez, Olinpiadaren amaieran puntu gehien lortu dituzten lehenengo hiru ikasgelek lortuko dituzte sariak: aterpetxeetan gaua pasatzea eta kirol-ekintzak egitea! Horrez gain, proba bakoitzaren irabazleek ere izango dituzte sariak, eta, azkenik, sariak zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean.

Elhuyar Olinpiadaren babesle eta laguntzaileak
Elhuyar Olinpiadaren babeslea Gipuzkoako Foru Aldundia da. Sari nagusietako laguntzaileak hauek dira: Senda Viva, Abentura Sobrón eta Aizpurua Autobusak.
Hileroko proben laguntzaileak hauek dira: Donostiako Aquarium, Berria, Kukuxumusu, Eureka! Zientzia museoa, Elkar, Skunkfunk, Gaztezulo, Karpin Abentura, Mendukiloko Kobak, Iruñeko Rocópolis eta Iruñeko Planetariuma.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario