2012/10/09

Abian dira zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako 2012ko CAF-Elhuyar sariak

Elhuyar Fundazioak eta CAF enpresak abian jarri dituzte 2012ko CAF-Elhuyar sariak. CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Aurtengo edizioan kategoria berria izango du sariketak: Zientzia gizartean sorkuntza-beka.

Beka horren bidez, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuei lagundu nahi die sariketak. Proiektuen izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan daiteke, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izan behar du haien muinak.

Edozein diziplina artistiko, soziologiko edo zientifikotako proposamenak onartuko dira sariketara: ikus-entzunezkoak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu duten ikerketa zi entifikoak, azterketa soziologikoak...

Zientzia gizartean sorkuntza-bekaren bidez, 5.000 euroko laguntza jasoko du pertsona edo talde irabazleak proiektua gauzatzeko.

Kategoria berriarekin batera, beste bi kategoria hauek osatuko dute CAF-Elhuyar sarien XIX. edizioa: Dibulgazio-artikulu originalak, eta Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak.

Dibulgazio-artikulu originalen kategorian, 2.000 euroko bi sari izango dira jokoan; bata dibulgazio-artikulu orokorrei dagokiena, eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluari dagokiona.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2.000 euroko sari bat egongo da jokoan, eta 2012. urtean argitaratu diren zientzia-kazetaritzako lanak aurkeztu ahal izango dira, edozein formatu eta generotakoak.

Lanak aurkezteko epea 2013ko urtarrilaren 31ra arte dago zabalik. Informazio gehiago: cafelhuyarsariak.elhuyar.org




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario