2012/10/03

Aeronautikari buruzko bideoa, ON ZIENTZIA bideo-lehiaketan irabazle

Asteburuan ezagutu ditugu Elhuyar Fundazioak eta DIPC-k antolatutako ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren bigarren edizioaren irabazleak:

1. saria: Lukasz Kawka eta Adrián Valcárcelek aurkeztutako Curso de aeronáutica bideoa izan da saritua.
2. saria: Janire Santamaríaren Jerónimo de Ayanz lanak jaso zuen bigarren saria.
3. saria: Maider Fernandez eta Maria Elorzaren Estenopeica bideoarentzat izan da hirugarren saria.

ON ZIENTZIA Elhuyar Fundazioak eta DIPCk elkarlanean antolatzen dute, eta publiko-mota guztientzat baliagarriak diren zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea du helburu.
Guztira 48 lan aurkeztu dira, eta oso maila altuko lanez gozatu ahal izan dugu. Parte-hartzaileen artean ikasleak, irakasleak eta teknologia-zentroetako ikertzaileak izan dira batik bat. Lanen jatorriari dagokionez, Bizkaia eta Gipuzkoatik iritsi dira batez ere, baina Bartzelona, Madril, Valentzia, Londres eta Hegoamerikatik iritsi direnak ere badaude.

Hauek izan dira ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren epaimahaikideak:

Marian Iriarte. UPV/EHUko kimika-irakaslea eta dibulgatzailea.
Alberto Gorritiberea. Zinema-zuzendaria.
Onintze Salazar. Euskalmeteko fisikaria.
Nora Gonzalez. Fisikan doktorea eta DIPCko komunikazio-arduraduna.
Beñar Kortabarria. Teknopolis telebista-saioko zuzendaria eta Elhuyarren ordezkaria.

Saritutako lanak eta arrazoiak:

1. saria:

Izenburua: Curso de aeronáutica
Egileak: Lukasz Kawka eta Adrián Valcárcel, 21 urteko ingeniaritza ikasle donostiarrak.

Lan irabazlean egileek hegazkin batek zergatik egiten duen hegan azaltzen digute. Modu erraz eta atseginean, besteen artean, marruskadura, propultsio eta lift indarrak azaltzen dizkigute. Hain zuzen ere, hegazkina hartzen dugun guztietan gure buruari galdetzen diogun "nola da posible hegazkinak hegan egitea?" galderari erantzuna ematen dio bideoak, bikain.

Epaimahaiak sariaren bidez nabarmendu nahi izan du, "bost minutuan hegazkinek hegan zergatik egiten duten modu argi eta umoretsuan egoki azaldu izana".

2. saria:

Izenburua: Jerónimo de Ayanz
Egilea: Janire Santamaría (Bilbo, 29 urte), Arte Ederretan lizentziatua.

Marrazki bizidunen bidez dotoreki landutako bideo honetan, Jerónimo de Ayanz ikertzaile naparraren bizitza ezagutzen dugu. XVI. mendeko errenazimenduko gizona izaki, hamaika asmakuntza egin zituen Jerónimo de Ayanz-ek, lehen lurrun-makina eta buzeatzeko trajea, besteak beste. Zientziaren historiak ahaztutako pertsonaia aldarrikatzen du bideoak.

Epaimahaiaren esanetan, "originaltasunez eta umorez beteta, pertsonaia historiko baten inguruan jakinmina pizteko eta barrea eragiteko gaitasuna duen lana da".

3. saria:

Izenburua: Estenopeica
Egilea: - Maider Fernandez (Donostia, 23 urte, Gizarte Hezkuntzan diplomatua) eta Maria Elorza (Donostia, 24 urte, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua).

Bideoak, lirainki, argia gustuko duen fisikako ikasle bat aurkezten digu. Mariari fisikan batez ere argiarekin zerikusia duten gaiak interesatzen zaizkio. Horrela, bideoan kamera estenopeiko bat eraikitzen ikusiko dugu Maria.
Epaimahaiak zera goraipatu du: "irudien edertasuna, erritmo erakargarria eta planteamenduaren originala"

Lehiaketari buruzko informazioa honako helbidean dago ikusgai: http://www.onzientzia.tv

Sari-banaketa eta lan irabazleak TEKNOPOLIS-en programa berezian ikusgai:

http://teknopolis.elhuyar.org/ikusi-programa.asp?Programa_Kodea=184&lang=EU





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario