2012/10/18

Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / fran�ais-basque aurkeztu da gaur Baionan

Elhuyar Fundazioak Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizio berria prestatu du eta gaur aurkeztu du Baionako Elkar Megadendan. Han izan dira Josu Aztiria, Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduraduna, Elixabete Etxeberria, hiztegiaren arduradun eta Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko kidea, eta Irati Bereau, hiztegiaren egileetako bat.

Hiztegi honetan, euskarazko edo frantsesezko hitzaren ordainaz edo ordainez gain, oharrez eta adibidez osatutako informazioa aurkituko dugu askotan. Sarritan, baita sarrerari lotutako azpisarrerak ere. Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizio berri hau Elhuyarrek argitaratzen duen bigarrena da, eta, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko ohiko hitz arruntekin batera, hitz teknikoak eta zenbait egitura gramatikal eta esapide biltzen ditu. Tresna baliagarria izan nahi du irakasle eta ikasleentzat, hizkuntzak lantzen edo hizkuntzarekin diharduen profesionalarentzat, edo jakin-mina duen ororentzat. Eskolan, akademian, unibertsitatean, lanean… erabiltzeko modukoa da. Hiztegi hau frantsesa zein euskara ikasten ari den edozeinentzat erabilgarria da, adin guztietarako egokia.

Elixabete Etxeberriak, hiztegiaren arduradunak, aipatu duenez, bigarren argitalpen honetan, Euskaltzaindia etengabe osatzen eta Interneten argitaratzen ari den Hiztegi Batua izan da prestakuntza-lanen zutabeetako bat. Lehen argitalpenarekin alderatuta (2004an kaleratua hura), hiztegia adibidez eta oharrez hornitzea izan da lanaren beste parte handi bat; 6.753 adibide jasotzen ditu guztira, aurreko edizioak baino dezentez gehiago.

Hiztegiak 42.034 unitate ditu, bakoitza eremu geografikoaren markaz, marka semantikoz eta erabilera-oharrez hornitua. Betiere, euskararekin eta frantsesarekin dabilen erabiltzaileari produktu osoa, eguneratua eta erabilerraza eskaintzeko helburuarekin.

Elhuyar Fundazioak urtetako eskarmentua du hiztegigintza-arloan, eta hiztegiak, paperean eta Interneten ez ezik, smartphoneetan ere eskuragarri dauzka. Oso epe laburrean tabletetan ere eskuragarri izango dira. Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren bigarren edizioa dagoeneko salgai dago paperean, Elhuyarren Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak). Dena den, Elhuyarrentzat garrantzitsua da erabiltzaileak dauden euskarri guztietara zabaltzea hiztegiak, eta horregatik, Josu Aztiriak adierazi duenez, lanean ari dira hiztegi honen edizio berria Interneten kontsultagai jartzeko eta smartphoneetara eta tabletetara egokitzeko. Gainera, erabiltzaileen iritziak eta oharrak jasotzeko bidea jarri du www.elhuyar.org/hiztegiak-iritzia helbidean, bertan, Elhuyar hiztegiei buruzko iritzia eman ahal izango du erabiltzaileak.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario