2012/11/30

Sexuaren arrazoiak, Elhuyar aldizkariaren abenduko zenbakiko gai nagusia

Elhuyar aldizkariaren abenduko zenbakiaren gai nagusia sexuari eskaini zaio, eboluzioaren, genetikaren eta giza izaeraren ikuspegitik azalduta. Sexuaren emaitza da jaioberria; hori bezain erraza, eta aldi berean, konplexua. Konplexutasun horren adierazle dira sexuak duen arrakasta, kasu eskandalagarriak, maitasunaren usaina, sexuaren nahi gabeko albo-ondorioak, zakilaren eboluzioa, hermafroditismoa, Oteloren arrazoiak, poligamia, orgasmoa, homosexualitatea, maiteminaren iraupena... Hori guztia, dagoeneko irakurgai dago Elhuyar aldizkariaren 2012ko azken zenbakian.

Beste artikulu hauek ere landu dira Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren abenduko zenbakian. Begia eta kamera, kamera eta begia. Kamera giza begi baten bertsio artifiziala da. Hain zuzen, kameraren erreferentzia nagusia begia da. Baina ez beti. Kamera batzuek giza begiak ikusi ezin duena ikusten dute. Jantzita eramateko informatika. Aldean daramatzagu ia beti smartphoneak, tabletak, e-book irakurgailuak, eta abar. Datozen urteetan, informatika aldean eramatetik jantzita eramatera pasatuko gara. Ibn al-Haytham. Ez zuen lortu Nilo menderatzea, baina ekarpen handiak egin zituen XI. mendean. Argiak zuzen bidaiatzen zuela frogatu zuen, eta ikusmenaren oinarria ongi azaltzen lehena izan zen. Eta argi ikusi zuen hipotesiak esperimentuen bidez frogatu behar zirela. Basabizitza ikusgarria. Polotik polora eta itsasotik sabanara, animalia, landare eta paisaien argazki ikusgarriak ekarri dizkigu, aurten ere, Veolia Environnement Wildlife Photographer of the Year lehiaketak. Gai librean: Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo. Lurpeko mundua ezezaguna da jendearentzat, baina hainbat koba turistikok hutsune hori konpon dezakete, lurraren erraiak modu kontrolatuan erakusten badira. Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo adibidetzat hartu ditu Nagore Irazabal espeleologoak artikulu honetan. Analisia: Jakiterik ez dagoena ez jakitearren kondenatuak. Arturo Apraiz geologoaren analisia, Italian, L'Aquilan izandako lurrikara dela-eta kartzelara zigortutako geologoen harira.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta Elhuyarren webgunean.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Elhuyar hiztegiak tabletetan eskuragarri jarri ditu Elhuyar Fundazioak

Elhuyar Fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri tabletetan, Android eta iOS (iPad) plataformetan. Duela urtetebete, bost hiztegi horiek smartphoneetara egokitu zituen Elhuyarrek, eta, orduan agindu bezala, bostak jadanik tabletetan kontsultatu daitezke. Elhuyarren hiztegi hauek daude eskuragarri bai smartphonetarako eta bai tabletetarako: Elhuyar hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco); Elhuyar hiztegia/dictionary (euskara-ingelesa/english-basque); Dictionnaire Elhuyar hiztegia (euskara-frantsesa/français-basque); Elhuyar Sinonimoen Kutxa; eta Elhuyar ikaslearen hiztegia. Elhuyar ikaslearen hiztegia kenduta, gainerako lau hiztegiak off line dira; beraz, instalatu ostean ez dute Interneterako konexio beharrik. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du.

Elhuyar Fundazioak hiztegigintzaren alorrean duen ibilbideari jarraikiz, erabiltzaileek darabiltzaten plataforma eta euskarri guztietan egotea da Elhuyarren helburua. Horregatik, hiztegiak, liburu-formatuan izateaz gain, Interneten doan kontsultatu ere egin daitezke (www.elhuyar.org/hiztegia), eta jadanik smartphone eta tabletetara egokiturik daude. Elhuyarrek Interneten eskuragarri duen doako hiztegi-kontsultak 1.500.000 bisita izan ditu aurten, eta egoki ikusi da erabiltzaile horiei guztiei beren smartphone eta tabletetan hiztegia off line eskuragarri izateko aukera ematea.

Elhuyarren hurrengo erronka Elhuyar hiztegiak ebook-etan integratzea da. Horrela erabiltzaileak ebook-a irakurtzen duenean, Elhuyar hiztegietan hitz hori bilatu ahal izango du. Gainera, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa smarpthoneetara egokituko du. Hiztegi hori liburu formatuan eta Interneten kontsultagai dago, http://zthiztegia.elhuyar.org helbidean, eta laster smartphoneetara egokitua izango da.

Oraingoz, Elhuyar hiztegiak smartphoneetarako eta tabletetarako App Store eta Google Play dendetan daude salgai, 3 euroan. Doako demoak deskargatu ahal izango ditu erabiltzaileak aplikazioa probatzeko.

Aplikazio horiei buruzko informazio guztia http://www.elhuyar.org/hiztegiak-mugikorretan webgunean dago eskuragarri.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/29

Bing bilatzaileak Gorbeiako irudi bat aukeratu du bere portadarako


Gorbeiako irudia, Bing bilatzailearen portadan. Microsofteko bilatzaileak Gorbeiako irudi bat aukeratu du bere portadarako.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/28

Hezkuntza Teknologikoaren elkartasun-adierazpena

ELHUYAR FUNDAZIOA erakundeak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 2012 urteko irailean Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoaren (LOMCE) aurreproiektuan Teknologia gaiari ematen dion tratamenduaren aurrean, ondorengo hau adierazi nahi du:

  • Lege honek Hezkuntza sistemaren ahuleziak konpontzeko helburua baldin badu, eta, nahi bada denboran zehar iraunkorra izatea, bertan parte hartzen duten agente sozial eta politiko guztiekin adostua izan behar du.
  • Egun, Bigarren Hezkuntzan ikasleek jasotzen duten Heziketa Teknologikoak XXI. mendeko herritarren kultura eta ezagupen teknologikoa bermatzen du. Era berean, zientzia eta teknologia unibertsitate mailako ikasketetarako prestatzen ditu ikasleak, eta gizartean dagoen ikertzaile eta tekniko eskaerari erantzuna ematen dio.
  • Teknologia gaiak gazteen heziketan txertatzeak berebiziko garrantzia duten lan-jarduerako sektoreetan sartzen laguntzen du. Gainera, sustatu egiten du ikerketa-kultura ekintzaile eta berriztatzeko motibazioa, gaur egun hain beharrezkoak direnak.
  • Gaur egungo Hezkuntza sisteman, Teknologia nahitaezkoa da. Gai ezberdinetako edukiak uztartzen ditu, eta arazoen planteamenduan zein proiektu errealetan oinarritzen den metodologia erabiltzen du; horrela, oinarrizko gaitasunak lantzen dira, eta, noski, PISA proben emaitzak hobetzen laguntzen du. Gure inguruko estatuetako Heziketa Teknologikoaren egoerak PISAko probetan emaitzak hobetzen laguntzen die ikasleei. Izan ere, UNESCOk, eta zenbait unibertsitate eta enpresek argitaratutako txostenetan, aholkatzen da Heziketa Teknologikoa haurren hezkuntzan lantzen hastea, bizitzarako ezagutza praktikoen integrazioa bermatzen duelako.
  • Bigarren Hezkuntza, Heziketa Zikloak eta Unibertsitatearen arteko benetako koordinazioan oinarritzen da Derrigorrezkoa ez den Hezkuntzaren arrakasta; horrexegatik, aurretik aipatutako horiek dauzkaten premia eta eskaerak hartu behar dira kontutan curriculuma antolatzean.


LOMCE aurreproiektuaren arabera, DBHko lehen hiru urteetan teknologiaren ezagutza izugarri murriztuko da. Hori gutxi balitz, 4. DBHn Teknologia gaia eta "Zientzia eta Teknologia" batxilergoan Teknologiari atxikitutako modalitate gaiak, Industri Teknologia eta Elektroteknia, desagertu egingo dira. Horregatik guztiagatik, oso kezkagarria iruditzen zaigu Teknologia Heziketari hain garrantzi exkasa ematea.

Ondorioz, zera eskatu nahi dugu: Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoa (LOMCE) aurreproiektuan Teknologiako edukiak ezarri eta indartu eta kontuan hartu Estatuko Teknologia Irakasleen Elkarteko Plataformak eskatzen duena (ikus eranskina).

  • Hezkuntza lege egonkorra, malgua eta adostua elaboratu.
  • Ikasketa Teknologikoak mantentu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
  • Batxilergoan Zientzia eta Teknologia modalitatea mantendu, Industri Teknologia I , II eta Elektroteknia barne izanik.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/26

Interneteko saltokiek 'Cyber Monday' oparoa espero dute


Cyber Monday: Ostiral Beltza Esker Emate egunaren ostean egiten dute, AEBetan, eta atzetik dator Cyber Astelehena. Gaur erosketa gehienak sarean egingo dituzte.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/23

Nokiak Bratislavako orkestrari eman dio bere tonuak sortzeko lana


Nokia tonua: Nokiak Bratislavako orkestrari eman dio bere tonuak sortzeko lana. Nokiak 25 tonu grabatu ditu, orkestra sinfonikoaren interpretazioei esker.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/21

Hekimen sortu da, Euskal Hedabideen Elkartea

Gaurkoan HEKIMEN elkartea aurkeztu nahi dizuegu, euskal hedabideen elkartea. Bizi genuen egoera gaitzak bultzatuta, duela bi urte harremanetan jarri ginen euskaraz dihardugun hainbat hedabide. Harrez gero, eta GipuzkoaBerritzenen laguntzarekin, lanean aritu gara elkarrekin eta elkarte hau da haren fruitu. Jakitun gara, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun krisi latzari. Euskal hedabideen elkarlana bideratzera dator HEKIMEN, gaur eratu da eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator.

Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitzen ditugu gurekin bat egitera, gurekin elkarlanera. Dokumentu honen bukaeran duzue elkartea gaur-gaurkoz osatzen duten hedabideen zerrenda. Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da HEKIMEN elkarteko presidentea (postu hau urtero behin txandatuko da) eta zortzi kideko zuzendaritza izango du (gaurkoan mahaian daudenak): Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.

Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara. Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko. Desafioak ez dira makalak. Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dugu. Serio berba egin beharko dugu diru-laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan.

Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko.

Herri ekimeneko hedabideok gogor ari gara lanean: XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa nahi dugu. Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira. Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dugu, HEKIMEN, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena… Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu. Ilusioz dator HEKIMEN, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Xare euskara kultura digitalean sustatzeko azoka, Kursaalen


Xare azoka: Euskararen erabilera kultura digitalean sustatzeko helburuarekin, Xare azoka antolatu dute azaroaren 23an eta 24an, Donostiako Kursaalen.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

'Jailbreak'-a Appleren gailuetan

Zibergela

Batzuek pirateatzea deitzen diote, jakin gabe egiten dena ez dela legez kanpokoa; baizik eta Apple etxeak izenpetu ez dituen aplikazioak instalatzeko gailuek izaten duten lehentasunezko debekua saihestea. Applek bere gailuei ezarritako kartzelaren apurketa edo jailbreak esatea zilegiago da.

Aitor Aretxaga

@bekereke Bitarlan informatika eta web zerbitzuak

Appleko gailuei lehentasunez ezarritako mugak kentzeari esaten zaio jailbreak. / - / EZEZAGUNA

Wikipediaren arabera, pirateria edo itsaslapurreta itsasoan eginiko lapurreta da, estatu burujabe baten baimenik gabe egindakoa. Aldiz, iOS jailbreaking egitea eroslearen eskubidetzat jotzen duen epairik badago; eta beraz, jendearen uste orokortuaren aurka, ez da legez kanpoko ekintza. Tabu hori kendu ostean, iOS kartzela haustea edo jailbreak egitea zer den ikustea besterik ez da geratzen hemen.

IOS jailbreaking, iOS sistema eragilea darabilten Appleren gailuetako hardware nahiz softwarean zuloak ustiatu, eta lehentasunez ezarritako mugak kentzeko prozesuari esaten zaio. Gailu horien artean daude iPhone, iPod touch, iPad eta bigarren belaunaldiko Apple TV. Administrari mailako sarbidea ematen du jailbreak metodoak, eta horrek ateak irekitzen ditu Applek izenpetu gabeko aplikazio, gehigarri eta atzeko gai osagarriak jaisteko; bestela, App Store ofizialaren bidez ezinezkoak liratekeenak. Pribilegioen eskalatzea bestelako konputazio sistemetan ere erabili ohi da. Jailbreak-a egina dagoen iOS gailuak ez du galduko funtzio arruntik —deiak, adibidez—, eta, era berean, sarbidea mantenduko du App Storera eta iTunes aplikazioetara. Androiden ez bezala, jailbreak egitea beharrezkoa da Applek baimendutako softwarea erabili nahi bada.

Araututako praktika herrialde batzuetan

Oihartzun handiena AEBetako kasuak izan zuen; onartu zutenean sakelakoak askatzeko prozesu horien legezkotasuna, irabazi nahirik gabeko Electronic Frontier Foundation erakundearen ekinari esker. 2010ean DMCA —Digital Millennium Copyright Act— legean gehitutako salbuespenari esker, jailbreak egiteko erosleen eskumena onartu zen. Bazegoen aurrekaririk, eta 2008tik legezkoa zen Zeelanda Berrian; harrezkero, aurten onartutako legedietan aitortzen dute, baita Kanadak eta Indiak ere.

Europan, bestalde, 2001etik dagoen European Copyright Directive legeak hainbat interpretaziotarako eskumena lagatzen die komunitateko herrialdeei, eta oraindik batek ere ez du arautu tankerako praktikarik.

Araubide digitaleko lege horientzat guztientzat, jailbreak-a copyright eskumenak zapaltzen ez diren kasuetarako salbuespen gisa aurreikusita dago, hala ere. Baina aplikazio osagarrien artean dago ordaindu beharreko aplikazioak dohainik deskargatzeko erabili daitekeen programa (Installous), eta, halaber, hori da gakoa legegile zalantzatiek gai hau behingoz ez argitzeko.

Bitartean, Apple ez da egon besoak gurutzatuta, eta ohartarazi du garantiaren galera ekar dezakeela kartzela hausteak. Esan gabe doa, baina, desabantaila nagusia behar lukeenak arazo izateari uzten diola, iTunes erabilita jailbreak-a kendu eta sistema berrezartzen bada.

Abantailak

Jailbreak egiteko arrazoi nagusia osagarriak instalatzeko aukera da, App Storean dagoen eskaintzaz haragoko aukerak zabalduz. Jailbreak egiteko metodo ugari daude, baina guztiek lehentasunez instalatzen dute Cydia. Hori Linux erabiltzaileentzat ezaguna izango den APT erako bezeroa da, softwarea bilatu eta instalatzeko balio duena. Aplikazioez gain, iOS gailua pertsonalizatzeko hainbat osagarri jaistea ahalbidetzen du; adibide gisa, Android edo Windows XP sistemen itxura emango zaio iPhoneari. Sistemaren komando lerrorako sarbidea uzten du baita ere, eta ezagutza informatiko aurreratuak dauzkanak nahi duena garatu, eta besteen mesederako utzi dezake sarean, software libreari atzeko ate bat irekiz Appleren mundura.

Azken abantaila Applen softwarea kontrolatzeko ohiturari lotutakoa da. Izan ere, Kaliforniako konpainiak baimendu gabeko aplikazioak instalatzeko bide bakarra bihurtu da jailbreak egitea. Asko dira aukera hori egiten dutenak, Appleren edukien gaineko domeinu horri aurre egiteko gogoz. Konpainiaren guraizeek moztutako eskaeren artean daude irabazi nahirik gabeko erakundeei donazioak egin nahi dizkieten aplikazioak edo Pulitzerra irabazi zuen Mark Fiore marrazkilariaren aplikazioa, «figura publikoak lotsaraztearren».

'Jailbreak' erak eta teknika berriena

Eskuarki, Apple gailu bat martxan jartzean berezko abiarazlea jartzen da martxan. Momentu horrek berebiziko garrantzia dauka gailu informatiko orotan, eta are gehiago jailbreak prozesuan; abiarazle horretan —kernel izenekoa—, partxe bat ezarri eta sistema eragilea erabat eraldatzen baita hau kargatu aurretik. Bi kasu bereizten dira, beraz: untethered eran egiten bada jailbreak-a, erabiltzaileak gailua itzali eta piztu ahalko du, ordenagailua eta iTunesen beharrik gabe. Aldiz, tethered eran egiten bada prozesua, gailua itzaltzen bada, bateria barik geratu delako edo nahita itzali delako, berriz ere jailbreak prozesua pasa beharko zaio ondo ibiltzeko.

IOSerako eguneratze ofiziala ateratzen duten bakoitzeko, tethered erako jailbreak-a izaten da kaleratzen lehena; horregatik, komenigarria izaten da pazientzia izan eta bertsio osoari itxarotea. Talde nahiz banakako asko dira aplikazioak eta jailbreak eguneraketak egiten dituztenak, eta informazio asko jartzen dute sarean haien garapenei buruzko albisteak jakinarazteko. Aukera zabala dago iOS gailu orori kartzela hausteko, baina azkenaldian gehien hedatu den mahaigainerako programak Absinthe dauka izena, pasa den ekainean kaleratu zen. Horri esker, iPhone 4S, iPad 2, iPad 3 gailuentzat iOS 5.1.1 untethered eran partxeatu daiteke.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero:

http://absinthejailbreak.com/







ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/20

Community Manager bat nahi duzu zure enpresan?


Comma ikastaroaren praktikak. Commak Comunity Manager profilarekin lan egiteko aukera eskaintzen die enpresei. Comma ikastaroa Bilbon egiten da.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/16

Euskaraz bizi nahi dut, eta zuk?

Zientzia eta teknologia gizarteratzea eta euskararen garapena bultzatzea da Elhuyarren xedea. Euskara Elhuyarren oinarri eta helburu delako Elhuyarrek bat egiten du abenduaren 1ean Donostian izango den manifestazioarekin.

Elhuyarrek euskaraz bizi nahi du. Eta zuk?

Eman atxikimendua www.euskarazbizinahidut.org webgunean.

Manifestazioa abenduaren 1ean izango da Donostian (17:00etan Anoeta estadiotik).

 

Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitze dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da ordea, osoki nire, zure, gure esku dagoen zerbait.

Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da.
Halere, gu izateko jendea behar da, hizkuntza-komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntza-komunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea. Eta badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada, inor bertan biziko bada, euskara ezagutzeko eskubide izatea. Euskara jakitea eurak aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea.

Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da, hain zuzen, erabiltzeko aukera izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskaraz biziko bada.

Gaur egun bizi dugun unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu. Horrela, abenduaren batean guk geure hondar-alea jarri nahi dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakutsiko dugu. Guztiok batera, lortuko dugu, pertsona bakoitzetik taldera, taldetik, hizkuntza-komunitatera eta hizkuntza komunitatetik herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea.
 





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/15

Ikerbasqueren eskaerari helduta, hainbat proposamen aurkeztu ditu Elhuyarrek zientzia sustatzeko

Ekintza sozial eta ludikoak, ikerketa-arlo berriak, edukiak eta protagonistak plazaratzeko bideak eta erabaki politiko eta ekonomikoetarako ideiak proposatu ditu Elhuyarrek, besteak beste, Ikerbasquek 2016 arte Euskadin zientzia sustatzeko egindako proposamen-eskariari erantzunez.

Urtean bi biltzar egin ohi dituzte Ikerbasqueko ikertzaileek, beren ikerketa-lerroen berri emateko, elkar ezagutzeko, eta, finean, EAEn egiten ari diren ikerketa-jarduera nola hobetu eztabaidatzeko. Orain, hamargarren aldian, biltzarraren formatua aldatu da.

Bost urteren ondoren, Ikerbasquek zuzenean galdetu die bere ikertzaileei ea zer egingo luketen haiek Euskadiko zientzia sustatzeko hemendik eta 2016. urtea bitartean. Gainera, zientzia-sarea osatzen duten eragile guztiei zabaldu die galdera Ikerbasquek, eta proposamenak jasotzen arituko da, bi astez, sare sozialen bidez.

Deialdiarekin bat egiten du Elhuyarrek, eta zientzia ren gizarteratzean berrogei urteko ibilbidea duen lantaldea izanik, babesa eman nahi izan dio ekimenari. Hala, lekukoari heldu, eta zenbait proposamen egin dizkio Ikerbasqueri.

Hauek dira Elhuyarrek twitter bidez zabalduko dituen proposamenak, erabilgarriak izan daitezkeelakoan:

  • Ikertzaileei aurpegia jarri, pertsonak erakutsi, eta izar bihurtu. Izan daitezela gizartearen erreferente.
  • Mugikorretarako app-ak sortu eguneroko teknologiaren azalpenekin. Errealitate areagotua.
  • Eztabaida publikoa sortu ikergaien inguruan.
  • Gizarteak ikertzaileei kontsultak egiteko kanalak sortu. Bi noranzkoko komunikazioa: hitz egin eta entzun.
  • Ikertzaileak eskoletan puntako teknologia eskuetan.
  • Ikertzailearen irudi topikoa eraisteko (gizonezkoa, zuria, bakartia, uzkurra) berariazko plangintza bat egin; hori bai, itxurakerian geratu gabe.
  • Gai gatazkatsuetan zientzialariek hitza hartzea, beste arloetako profesionalek egite n duten moduan. Busti.
  • Zientzialariek hitza hartzea, sasizientzialariak gailendu ez daitezen.
  • Krisi ekonomikoaren erdian, zientziaren balio kultural eta humanistikoak azpimarratu eta hedatu.
  • Gizarte-zientzien arloetan, zientzia-sistema eta gizartea hurbiltzeko ikertu.
  • Maila lokalean eragina duten ikerketak egin eta zabaldu.
  • Zientzia-sistemaren inguruko guztia gardentasunez azaldu gizarteari.
  • Modu sistematizatuan gizartearen interesak jasotzeko kanalak sortu, eta ikerketa-lerro berriak sortzeko garaian kontuan izan.
  • Ikerketa-zentroetako komunikazioa hobetu. Publiko orokorrari eraman ohiko komunikabideen bidez.
  • Zinemaldi zientifikoak
  • SITCOM bat egin telebistarako edo interneterako, zientzialariak protagonista direla: Euskal Big Bang Theory
  • Makrokontzertu bat antolatu atzean dagoen zientzia eta teknologia guztia aintzat hartuta.
  • Bertsoak eta zientzia. Lortu Euskal Herriko bertso-txapelketar en finalean gai-jartzaileak zientziarekin lotutako gai bat jartzea.
  • Gertaera sozial jendetsuak zientziaren ikuspuntutik ere landu eta aurkeztu.
  • Zientziaren komunikazioarentzat berariazko finantziazio-lerroak sortu Eusko Jaurlaritzan.
  • Sektore pribatua inplikatu zientzia eta gizarteratzea babesteko.
  • Zientzia-politika zeharkako gai izatea Gobernuan, eta ez Hezkuntza Sailaren barnekoa soilik.
  • Euskal Herrian egiten den ikerketa gizarteratzen duten proiektuak babestu.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Stephen Hagen: “Arrakasta izan dute kudeaketa linguistikoko estrategiak martxan jarri dituzten enpresek”

"Enpresak eta nazioarteratzea: nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna" jardunaldia egin da gaur goizean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan (Donostia), Elhuyarrek antolatuta. Jardunaldiaren helburua: Elhuyar Taldeak, Elay eta Tecnaliak hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari buruz abiarazitako proiektu pilotu baten ondorioak gizarteratzea, eta nazioartean izan diren esperientzien berri ematea.
Stephen Hagen katedraduna, Galesko Unibertsitateko errektoreordea, mintzatu da gaur, jardunaldiaren hasiera-ekitaldian. Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketan aditua da Hagen, eta Europako enpresetan negozio-hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzen du. Hagenen ikerketetatik ondorioztatzen denez, hizkuntzak egoki kudeatzeak % 70-170 arteko igoera eragin dezake enpresa baten negozioan. "Iritsi nahi den herrialdearen hizkuntza eta kultura ezagutu eta horretara egokitu beharra dago arrakasta izan nahi bada; horregatik, estrategia linguistikoen kudeaketa behar-beharrezkoa da", zioen Hagenek.

Ondoren, Fernando Alana —Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko (Langune)— kudeatzailea mintzatu da. Langune Elkartea aurkeztu du Alanak, eta Euskal Herrian industria linguistikoak duen garrantziari buruz jardun da. "Euskal ETEak trantsizio-egoeran daude. Enpresak kanpoko merkatuetara nahikoa ireki eta eleaniztasuneko prozesuan aurrera egin badute ere, oraindik ez dituzte barneratu hizkuntza-gaitasunak eguneroko kudeaketan", adierazi du. "Esportazioan aritu edo ez, kudeaketa linguistikoak lehentasuna izan behar du lehiatzeko estrategietan", ondorioztatu du Alanak.

Azkenik, Ehuyarko hiru teknikarik —Idoia Aldekoa, Juanjo Pérez eta Itziar Cortés— Hizkuna proiektua aurkeztu dute; Ciara O'Higginsek (Tecnaliako Garapen Korporatiboko arduraduna) eta Santi Agirregoikoak (Elay Taldeko zuzendari-kudeatzailea), berriz, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari buruzko proiektu hori (Hizkuna) proiektua beren enpresetan aplikatu ondorengo esperientzia azaldu dute. Tecnaliari dagokionez, hiru hizkuntzaren erabilera bermatzen da enpresa barruan, euskara, gaztelania eta ingelesa ama-hizkuntzatzat dituzten langileak baititu enpresa horrek. Elayren Antzuolako lantegian, berriz, hizkuntza nagusi euskarak izaten jarraitzen du, baina beste herrialde batzuetan (Mexiko, Txina) ere baditu lantegiak Elayk, eta bezero nagusiak alemanak ditu. "Elayk oso argi zuen Antzuolako lantegian hizkuntza nagusia euskarak izan behar zuela. Horretarako, eta hornitzaileekin ere komunikazio-harreman egokiak edukitzeko, hizkuntza-aniztasuneko kudeaketa egokia ezinbestekoa genuen", adierazi du Santi Agirregoikoak.


Hirurogeita hamar lagun inguru izan dira jardunaldian, eta, hitzaldiak amaitu ondoren, gai horri buruzko gogoeta egin dute, taldeka.
Jardunaldiko hitzaldien bideoak Elhuyarren webgunean izango dira ikusgai egun gutxi barru.
Aizpea Otaegik —Elhuyar Aholkularitzako koordinatzaile nagusia—, Jon Peli Uriguenek —Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza diputatua— eta Joan Migel López Uriak —Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko clusterren arduraduna— egin diete harrera-agurra jardunaldiko parte-hartzaileei.

BIC-Berrilanen diru-laguntza jaso du Elhuyarrek jardunaldia antolatzeko.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/13

Ibermatica Appleren kide teknologikoa izango da


Ibermatica Apple: Ibermatica Appleren kide teknologikoa izango da. Euskadiko enpresak iPadak eta Mac ordenagailuak emango dizkio.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/08

"Enpresak eta nazioarteratzea: nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna?" jardunaldia antolatu du Elhuyar Taldeak

Elhuyar Taldeak antolatuta, Enpresak eta nazioarteratzea: Nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna? jardunaldia egingo da asteartean (azaroaren 13an) Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren egoitzan (Donostian). Izan ere, gaur egun, euskal enpresak nazioarteko merkatuetan mugitzen dira, eta, ondorioz, ingurune eleaniztunetan. Hizkuntza ugari hitz egiten dituzte bezeroek, hornitzaileek eta langileek. Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak egindako azken azterketak erakutsi duenez, hizkuntzak egoki kudeatzeak negozio-aukerak irekitzen dizkie enpresei. Horretaz jabeturik, duela urtebete proiektu pilotu bat jarri zuen abian Elhuyar Taldeak, Elay eta Tecnalia enpresekin elkarlanean. Zer behar, erronka eta arazo dituzte euskal enpresek ingurune eleaniztunetan? Galdera horiei erantzuteko lan egin dugu eta, orain, egindako lana gizarteratzeko jardunaldia antolatu dugu.

Horretaz guztiaz hitz egiteko, honako hizlari hauek izango ditugu gurekin:

  • Stephen Hagen katedraduna eta Galesko Unibertsitateko errektoreordea (Newport). Europa mailako aditua. Europako enpesetan negozio-hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzen duten ELAN eta PIMLICO ikerketen egile nagusia.
  •  Fernando Alana, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen kudeatzailea.
  •  Ciara O'Higgins, Tecnaliaren Garapen Korporatiboa
  •  Santi Agirregoikoa, Elay Taldeko zuzendari kudeatzailea.
  •  Idoia Aldekoa, Juanjo Perez eta Itziar Cortes, Elhuyarreko teknikariak

Goizeko 9:00etan hasiko da jardunaldia. Harrera Aizpea Otaegik, Elhuyar Aholkularitzaren koordinatzaile nagusiak, egingo du. Berarekin izango ditu Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza diputatua, eta Joan Miguel Lopez Uria, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko klusterren arduraduna.
Jardunaldiaren egitaraua hemen kontsultatu daiteke.

KOMUNIKABIDEENTZAKO OHARRA: Stephen Hagen jauna, astelehenean (azaroak 12), Elhuyar Fundazioaren egoitzan (Zelai Haundi, 3 – Osinalde industrialdea – 20170 Usurbil) izango da, eta komunikabideek bera elkarrizketatzeko aukera izango dute. Horretarako, aurretik gurekin harremanetan jarri beharko duzu (Amaia Mendizabal edo Rakel Lopez), 943 36 30 40 telefonora hots eginez edo amaiam@elhuyar.com helbidera idatziz. Gainerako hizlariak elkarrizketatu nahi izanez gero ere, jarri gurekin harremanetan.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/06

"Kodeen liburua. Kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua" dibulgazio-liburua argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak

Elhuyar Fundazioak Simon Singh zientzia-idazlearen Kodeen liburua kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua (The Code Book) dibulgazio-liburua euskarara itzuli eta argitaratu berri du. Elhuyarren "Z izpiak" serieko laugarrena da, publiko orokorrari zuzendua dago, eta enkriptazioari buruz dihardu, historia, misterioa eta dibulgazioa uztartuz.

Liburu honetan, kodetzeko lehenengo sistemetatik hasi eta gaur egun erabiltzen diren kodetzeko sistemetara arteko historia kontatzen da: Egiptotik hasi eta Interneten garaira bitarteko kriptografoen eta kode-hausleen mundu sekretua, hain zuzen ere. Enkriptazioari buruzko historia zehatza, batetik, eta espioitza eta aurrerapauso intelektualez beteriko istorioak, bestetik, konbinatzen ditu egileak liburu liluragarri honetan. Besteak beste, kontatzen da nola Eskoziako Maria Estuardo erregina eraila izan zen enkriptazio ahul batean konfiantza izateagatik; II. Mundu Gerran alemaniarrek erabili zuten Enigma kodetzeko makinaren historia ere aurkituko du irakurleak; eta, nola ez, Interneteko PGP enkriptazio sistema ere aztertzen da...

Liburu hau hainbat hizkuntzatara itzulia izan da; besteak beste, portugesera, txinerara, frantsesera, alemanierara, gaztelaniara, italierara…, eta kasu askotan best seller bat izatera iritsi da. Orain, Elhuyar Fundazioak euskaraz jarri du eskuragarri, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Sailaren laguntzarekin.

Dagoeneko salgai dago liburua, 17 €-an, Elhuyarren onlineko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eta liburu-denda nagusietan.

Oharra: Gaur gauean Guillermo Roak Simon Singh liburuaren egileari egindako elkarrizketa entzun ahalko duzue Euskadi Irratian, Norteko Ferrokarrila irratsaioan, gaueko 9etan.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2012/11/05

Euskal Herriko karniboroen egoera, Elhuyar aldizkariaren azaroko zenbakian

Elhuyar aldizkariaren azaroko zenbakian, Euskal Herriko karniboroen egoera ezagutuko dugu, Ihobeko Klima Aldaketa eta Bioaniztasuna saileko buru den Jabi Zabala biologoaren laguntzarekin. Euskal Herriko karniboroak ez dira lehoiak eta tigreak bezain ikusgarriak akaso; haiek bezain handiak ez. Baina hemen ere badira karniboroak, Carnivora ordenako ugaztunak, alegia; eta ez gutxi, dozena bat, hain zuzen ere. Eta litekeena da hurrengo urteetan hamahirugarren bat ere izatea. Gai hau da azaroko Elhuyar aldizkariko gai nagusia, eta honi buruzko informazio osoa kaleratu berri den aldizkarian aurkituko dute irakurleek.

Beste artikulu hauek ere landu dira Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren azaroko zenbakian. Elkarrizketa: Simon Singh, zientzia-idazlea. Hainbat zientzia-dibulgazioko liburu ezagunen egilea da, eta kultura zientifikoaren aldeko borrokaren ikono bat. Hark idatziko Kodeen liburua euskaraz argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak. Barbie baten gorputzean harrapatuta. Henrik Ehrsson ikertzailearen esperimentuetan parte hartzen baduzu, zeure burua Barbie baten barruan edo beste nonbait dagoela sentitzeko aukera izan dezakezu. Esperientzia horien helburua: ulertzea zergatik eta nola sentitzen dugun gure gorputza gurea dela. Digitalizazioaren ajeak. Edukia formatu digitalean izatea oso erosoa da ikuspegi askotatik: toki gutxiago okupatzen du, ez da degradatzen. Baina digitalizazioak ere baditu bere alde ilunak… (Igor Leturiaren gogoeta). George Murray Levicken pinguino perbertitu eta krudelak. Scott kapitainak gidatu zuen 1910eko Antartikako Espedizio Britainiarreko zirujau eta medikua izan zen Levick, eta gertutik ezagutu zituen Adélie pinguinoak. Haien portaerak erabat asaldatu zuten. Txokolatezko muinoak. Filipinetako Bohol probintziako ikurrak dira. Txokolate-koloreko mila eta berrehundik gora muino, bata bestearen ondoan, 50 km2-ko eremuan. Gai librean atalean: Itsas hondoa ikusgai. Euskal kostaldeko itsas hondoa argira ekarri du AZTI-Tecnalian Ibon Galparsorok garatutako doktore-tesiak. Azkenik, Analisia atalean: Zientzia, publizitatea eta elikadura. José Manuel López Nicolás, Murtziako Unibertsitateko biokimikaria eta Scientia blogaren egilea.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099