2012/11/08

"Enpresak eta nazioarteratzea: nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna?" jardunaldia antolatu du Elhuyar Taldeak

Elhuyar Taldeak antolatuta, Enpresak eta nazioarteratzea: Nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna? jardunaldia egingo da asteartean (azaroaren 13an) Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren egoitzan (Donostian). Izan ere, gaur egun, euskal enpresak nazioarteko merkatuetan mugitzen dira, eta, ondorioz, ingurune eleaniztunetan. Hizkuntza ugari hitz egiten dituzte bezeroek, hornitzaileek eta langileek. Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak egindako azken azterketak erakutsi duenez, hizkuntzak egoki kudeatzeak negozio-aukerak irekitzen dizkie enpresei. Horretaz jabeturik, duela urtebete proiektu pilotu bat jarri zuen abian Elhuyar Taldeak, Elay eta Tecnalia enpresekin elkarlanean. Zer behar, erronka eta arazo dituzte euskal enpresek ingurune eleaniztunetan? Galdera horiei erantzuteko lan egin dugu eta, orain, egindako lana gizarteratzeko jardunaldia antolatu dugu.

Horretaz guztiaz hitz egiteko, honako hizlari hauek izango ditugu gurekin:

  • Stephen Hagen katedraduna eta Galesko Unibertsitateko errektoreordea (Newport). Europa mailako aditua. Europako enpesetan negozio-hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzen duten ELAN eta PIMLICO ikerketen egile nagusia.
  •  Fernando Alana, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen kudeatzailea.
  •  Ciara O'Higgins, Tecnaliaren Garapen Korporatiboa
  •  Santi Agirregoikoa, Elay Taldeko zuzendari kudeatzailea.
  •  Idoia Aldekoa, Juanjo Perez eta Itziar Cortes, Elhuyarreko teknikariak

Goizeko 9:00etan hasiko da jardunaldia. Harrera Aizpea Otaegik, Elhuyar Aholkularitzaren koordinatzaile nagusiak, egingo du. Berarekin izango ditu Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza diputatua, eta Joan Miguel Lopez Uria, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko klusterren arduraduna.
Jardunaldiaren egitaraua hemen kontsultatu daiteke.

KOMUNIKABIDEENTZAKO OHARRA: Stephen Hagen jauna, astelehenean (azaroak 12), Elhuyar Fundazioaren egoitzan (Zelai Haundi, 3 – Osinalde industrialdea – 20170 Usurbil) izango da, eta komunikabideek bera elkarrizketatzeko aukera izango dute. Horretarako, aurretik gurekin harremanetan jarri beharko duzu (Amaia Mendizabal edo Rakel Lopez), 943 36 30 40 telefonora hots eginez edo amaiam@elhuyar.com helbidera idatziz. Gainerako hizlariak elkarrizketatu nahi izanez gero ere, jarri gurekin harremanetan.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario