2012/11/15

Ikerbasqueren eskaerari helduta, hainbat proposamen aurkeztu ditu Elhuyarrek zientzia sustatzeko

Ekintza sozial eta ludikoak, ikerketa-arlo berriak, edukiak eta protagonistak plazaratzeko bideak eta erabaki politiko eta ekonomikoetarako ideiak proposatu ditu Elhuyarrek, besteak beste, Ikerbasquek 2016 arte Euskadin zientzia sustatzeko egindako proposamen-eskariari erantzunez.

Urtean bi biltzar egin ohi dituzte Ikerbasqueko ikertzaileek, beren ikerketa-lerroen berri emateko, elkar ezagutzeko, eta, finean, EAEn egiten ari diren ikerketa-jarduera nola hobetu eztabaidatzeko. Orain, hamargarren aldian, biltzarraren formatua aldatu da.

Bost urteren ondoren, Ikerbasquek zuzenean galdetu die bere ikertzaileei ea zer egingo luketen haiek Euskadiko zientzia sustatzeko hemendik eta 2016. urtea bitartean. Gainera, zientzia-sarea osatzen duten eragile guztiei zabaldu die galdera Ikerbasquek, eta proposamenak jasotzen arituko da, bi astez, sare sozialen bidez.

Deialdiarekin bat egiten du Elhuyarrek, eta zientzia ren gizarteratzean berrogei urteko ibilbidea duen lantaldea izanik, babesa eman nahi izan dio ekimenari. Hala, lekukoari heldu, eta zenbait proposamen egin dizkio Ikerbasqueri.

Hauek dira Elhuyarrek twitter bidez zabalduko dituen proposamenak, erabilgarriak izan daitezkeelakoan:

  • Ikertzaileei aurpegia jarri, pertsonak erakutsi, eta izar bihurtu. Izan daitezela gizartearen erreferente.
  • Mugikorretarako app-ak sortu eguneroko teknologiaren azalpenekin. Errealitate areagotua.
  • Eztabaida publikoa sortu ikergaien inguruan.
  • Gizarteak ikertzaileei kontsultak egiteko kanalak sortu. Bi noranzkoko komunikazioa: hitz egin eta entzun.
  • Ikertzaileak eskoletan puntako teknologia eskuetan.
  • Ikertzailearen irudi topikoa eraisteko (gizonezkoa, zuria, bakartia, uzkurra) berariazko plangintza bat egin; hori bai, itxurakerian geratu gabe.
  • Gai gatazkatsuetan zientzialariek hitza hartzea, beste arloetako profesionalek egite n duten moduan. Busti.
  • Zientzialariek hitza hartzea, sasizientzialariak gailendu ez daitezen.
  • Krisi ekonomikoaren erdian, zientziaren balio kultural eta humanistikoak azpimarratu eta hedatu.
  • Gizarte-zientzien arloetan, zientzia-sistema eta gizartea hurbiltzeko ikertu.
  • Maila lokalean eragina duten ikerketak egin eta zabaldu.
  • Zientzia-sistemaren inguruko guztia gardentasunez azaldu gizarteari.
  • Modu sistematizatuan gizartearen interesak jasotzeko kanalak sortu, eta ikerketa-lerro berriak sortzeko garaian kontuan izan.
  • Ikerketa-zentroetako komunikazioa hobetu. Publiko orokorrari eraman ohiko komunikabideen bidez.
  • Zinemaldi zientifikoak
  • SITCOM bat egin telebistarako edo interneterako, zientzialariak protagonista direla: Euskal Big Bang Theory
  • Makrokontzertu bat antolatu atzean dagoen zientzia eta teknologia guztia aintzat hartuta.
  • Bertsoak eta zientzia. Lortu Euskal Herriko bertso-txapelketar en finalean gai-jartzaileak zientziarekin lotutako gai bat jartzea.
  • Gertaera sozial jendetsuak zientziaren ikuspuntutik ere landu eta aurkeztu.
  • Zientziaren komunikazioarentzat berariazko finantziazio-lerroak sortu Eusko Jaurlaritzan.
  • Sektore pribatua inplikatu zientzia eta gizarteratzea babesteko.
  • Zientzia-politika zeharkako gai izatea Gobernuan, eta ez Hezkuntza Sailaren barnekoa soilik.
  • Euskal Herrian egiten den ikerketa gizarteratzen duten proiektuak babestu.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario