2012/11/15

Stephen Hagen: “Arrakasta izan dute kudeaketa linguistikoko estrategiak martxan jarri dituzten enpresek”

"Enpresak eta nazioarteratzea: nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna" jardunaldia egin da gaur goizean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan (Donostia), Elhuyarrek antolatuta. Jardunaldiaren helburua: Elhuyar Taldeak, Elay eta Tecnaliak hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari buruz abiarazitako proiektu pilotu baten ondorioak gizarteratzea, eta nazioartean izan diren esperientzien berri ematea.
Stephen Hagen katedraduna, Galesko Unibertsitateko errektoreordea, mintzatu da gaur, jardunaldiaren hasiera-ekitaldian. Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketan aditua da Hagen, eta Europako enpresetan negozio-hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzen du. Hagenen ikerketetatik ondorioztatzen denez, hizkuntzak egoki kudeatzeak % 70-170 arteko igoera eragin dezake enpresa baten negozioan. "Iritsi nahi den herrialdearen hizkuntza eta kultura ezagutu eta horretara egokitu beharra dago arrakasta izan nahi bada; horregatik, estrategia linguistikoen kudeaketa behar-beharrezkoa da", zioen Hagenek.

Ondoren, Fernando Alana —Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko (Langune)— kudeatzailea mintzatu da. Langune Elkartea aurkeztu du Alanak, eta Euskal Herrian industria linguistikoak duen garrantziari buruz jardun da. "Euskal ETEak trantsizio-egoeran daude. Enpresak kanpoko merkatuetara nahikoa ireki eta eleaniztasuneko prozesuan aurrera egin badute ere, oraindik ez dituzte barneratu hizkuntza-gaitasunak eguneroko kudeaketan", adierazi du. "Esportazioan aritu edo ez, kudeaketa linguistikoak lehentasuna izan behar du lehiatzeko estrategietan", ondorioztatu du Alanak.

Azkenik, Ehuyarko hiru teknikarik —Idoia Aldekoa, Juanjo Pérez eta Itziar Cortés— Hizkuna proiektua aurkeztu dute; Ciara O'Higginsek (Tecnaliako Garapen Korporatiboko arduraduna) eta Santi Agirregoikoak (Elay Taldeko zuzendari-kudeatzailea), berriz, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari buruzko proiektu hori (Hizkuna) proiektua beren enpresetan aplikatu ondorengo esperientzia azaldu dute. Tecnaliari dagokionez, hiru hizkuntzaren erabilera bermatzen da enpresa barruan, euskara, gaztelania eta ingelesa ama-hizkuntzatzat dituzten langileak baititu enpresa horrek. Elayren Antzuolako lantegian, berriz, hizkuntza nagusi euskarak izaten jarraitzen du, baina beste herrialde batzuetan (Mexiko, Txina) ere baditu lantegiak Elayk, eta bezero nagusiak alemanak ditu. "Elayk oso argi zuen Antzuolako lantegian hizkuntza nagusia euskarak izan behar zuela. Horretarako, eta hornitzaileekin ere komunikazio-harreman egokiak edukitzeko, hizkuntza-aniztasuneko kudeaketa egokia ezinbestekoa genuen", adierazi du Santi Agirregoikoak.


Hirurogeita hamar lagun inguru izan dira jardunaldian, eta, hitzaldiak amaitu ondoren, gai horri buruzko gogoeta egin dute, taldeka.
Jardunaldiko hitzaldien bideoak Elhuyarren webgunean izango dira ikusgai egun gutxi barru.
Aizpea Otaegik —Elhuyar Aholkularitzako koordinatzaile nagusia—, Jon Peli Uriguenek —Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza diputatua— eta Joan Migel López Uriak —Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko clusterren arduraduna— egin diete harrera-agurra jardunaldiko parte-hartzaileei.

BIC-Berrilanen diru-laguntza jaso du Elhuyarrek jardunaldia antolatzeko.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario