2013/03/20

Facebook bete testutxo

Jokin Oregik urte eta erdian 500 testu idatzi ditu Facebooken; horien irakurketa saioak egingo ditu, gaur hasita

Odei Irigoien Aizpitarte

Idatzitako testuekin irakurketa saio bat prestatu du Oregik. / MARISOL RAMIREZ / ARP

Duela urte eta erdi luze zabaldu zuen Jokin Oregik (Soraluze, Gipuzkoa, 1970) Facebooken kontu bat, eta ia-ia egunero testu laburren bat idazten hasi zen. Jendearen arreta piztu zuten haren kontakizunek. Bostehun bat egin ditu, eta horien bilduma bat eskaintzeari ekingo dio gaur, Ana Pikaza eta Mikel Martinezekin batera. Bilboko Cafe Bar Bilbaon egingo dute lehendabiziko Karin Karan (face to face) saioa, 19:30ean hasita. Tartean, antzerki konpainian jarduten dute elkarrekin hirurek. Horretaz gain, Oregi Goenkale telesaileko gidoi taldean ere ari da beharrean.

Harrituta agertu da Oregi bere testuek eta irakurketek erakarri duten arretarekin. «Facebooken idatzitako kontutxoak baino» ez direla dio. «Bat-batean idatzitako testuak dira. Bostehun horietatik aukeraketa eginda, berrogei bat irakurriko ditugu jendaurrean». Eskaintzeko formatu egokia deritzo irakurketari. «Epigramak barik, burutazioak dira gehiago». Euskaraz idatzi izan ditu gehienbat, baina gaztelaniazkoak ere badaude; irakurketan ere euskarazkoak izango dira nagusi. Testuekin, musika tartekatuko dute, aipatu ere egiten baititu bere idatzietan Hertzainak, Xabier Lete edota Mikel Laboa, besteak beste. Bideo bat ere jarriko dute.

Oregik dio ez dakiela zergatik hasi zen testu laburrak idazten. «Antzerkia idazten dut, gidoigintzan jarduten dut... Idaztea gustuko dut, oso modu xume batean bada ere. Era askotarikoak dira, eta gaiak ere askotarikoak. Laburrak eta xumeak, baina hausnarketa edo gogoeta bat pizten dutenak. Batzuk zirikatzaileak dira, beste batzuk hunkigarriak, gordinagoak... denetarik dago». Jendea katigatuta geratzen zela ikusi zuen, eta idazten jarraitzeko ere eskatzen zioten.

«Facebooken sartu nintzen, eta kontu bat zabaldu nuen. Hor ikusi nuen batzuek euren argazkiak jartzen zituztela edota bestelako kontuak. Guk ere gure antzerkiaren berri ematen dugu bertan... Balio du testu laburrak idazteko». Horiei «oso galkor» deritze Oregik: «Badoa, ez dago paperean, galtzen da hor. Saioan aipatuko dugu nola nolabaiteko paralelismo bat egin daitekeen janaro lasterrarekin. Gurea literatura lasterra da, kontsumitzen erraza. Baina lantzean behin gustukoa dugu horrelakoak jatea!».

Lehendabiziko emanaldia izango bada ere, jarraitutasun bat eman nahi diote. «Beste leku batzuetan ere egiteko asmoa daukagu. Interesa badago, eta tabernetan, liburutegiren batean edo gaztetxeetan egingo dugu, formatu txikiko guneetan».







ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario