2013/04/02

Robert Mapplethorpe eta Patti Smith biluzian, New Yorken

Lloyd Ziffek bi sortzaileei egindako argazkiak bildu ditu Danzinger galeriak, maiatzaren 4ra arte

Agentziak New York

Begiak oihal batekin estalita, lurrean makurturik errezatzen ariko balira bezala, eta erabat biluzik. Horrela atera zizkien argazkiak Patti Smith eta Robert Mapplethorpe artista gazteei 60ko hamarkada amaieran Lloyd Ziff argazkilariak. Irudi horiek New Yorkeko Danziger galeriak bildu ditu orain, eta ikusgai egongo dira maiatzaren 4ra arte.

«Beti lanean ari ziren beraien etxebizitzan, marrazkiak, eskulturak eta koadroak egiten. Horma guztiak euren lanez josia zituzten», adierazi du argazkilariak. 1968an behin baino gehiagotan egon zen beraien etxean argazkiak egiten. «Oso gazteak ziren, eta oso ederrak iruditzen zitzaizkidan». Bi artistek adiskidetasun eta maitasun harreman luzea izan zuten, ondoren Smithek Just Kids liburu sarituan azaldu izan zuen moduan. Biak Ziffek West Villagen zuen etxebizitzara joan ziren, hark argazkiak atera ziezazkien biluzik. Mapplethorpek oso argi omen zuen zer-nolako argazkiak nahi zituen: «Bere bakarkakoak nahi zituen lehenik, eta, ondoren, Pattirekin batera, eserita, belauniko, zutik, errezatzen, eta begiak oihal batez estalita», gogoratu du Ziffek. Irudi horiekin film bat egiteko asmoa zuen Mapplethorpek, baina pixkana interesa galdu zuen langintza horretan. 1989an hil zen artista, hiesaren ondorioz eratorritako gaitzei aurre egin ezinda. Orduz geroztik argazki horiek tiraderan gordeta izan ditu argazkilariak, eta orain erabaki du horiek publikoaren aurrean jartzea. Ziffek 60ko hamarkada amaieran ezagutu zuen Mapplethorpe, Brooklyngo Pratt Institutuan, argazkilaritza ikastaro batean. Egun Ziff bera da famatua, Vanity Fair eta Rolling Stone aldizkarietako zuzendari artistikoa izan ondoren.







ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario