2013/06/27

Elhuyar epaimahaikide izango da Europako LT-Innovate topaketan, Bruselan

Aste honetan, Brusela hizkuntza-teknologiekin lan egiten duten enpresen topagune izango da. Izan ere, ekainaren 26an eta 27an LT-Innovate kongresua egingo dute hirian, hizkuntza-teknologien sektorean Europako kongresurik garrantzitsuenetako bat.
Kongresu hori izen bereko LT-Innovate elkarteak antolatzen du; edo, bestela esanda, Europako Hizkuntza Teknologien Industriaren Elkarteak. Kongresuan sektoreko agente nagusiak elkartzen dira, baita Europako Batzordea ere. Beraz, hizkuntza-teknologia berritzaileenak ezagutzeko eta sektorean eztabaida sustatzeko foroa da; baina, era berean, Europako Batzordearen politiketan eragitekoa aukera ematen du. Esan dezakegu hizkuntza teknologiez hitz egiteko Europan antolatzen den foro nagusia dela.
Testuinguru horretan, Europako Hizkuntza Teknologiako Industria onenen lehiaketa antolatzen dute, eta Elhuyarreko kide Josu Waliño epaimahaikide izango da sariketa horretan. Waliñok Europako hainbat proiektu kudeatu du Elhuyarren ordezkari gisa, hala nola STIMULA, Moblang, Bologna TS edo SciCamp proiektuak; haietan, elkarlanean aritu izan da Europako beste hainbat erreferenterekin. Gainera, Elhuyar Fundazioaren Proiektu eta Berrikuntza zuzendaria izan da 2003-2012 bitartean. Egun, Elhuyarreko Sustapen Sailean egiten du lan, beti ere Europako proiektuetan buru-belarri lanean. Bestalde, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko lehendakaria da Waliño, eta elkarte hori ere ordezkatuko du egunotan LT-Innovate azokan.
Josu Waliñok eta gainerako epaimahaikideek aurrez ebaluatuko dituzte lehiaketan parte hartuko duten enpresak, eta haietatik 30 finalista gelditu dira. Ondoren, enpresa finalista horiek aurkezpen bat egingo dute publikoaren eta epaimahaiaren aurrean, ostegun honetan. Epaimahaikide bakoitzak bere iritzia emango du publikoaren aurrean eta, horren arabera, hautatutako 12 enpresa onenek irabaziko dute saria. LT Innovate azokaz eta epaimahaiaz informazio gehiago eskuratu dezakezu gune honetan: http://lti.e-unlimited.com/events/view.aspx?events_pages_id=1727

Beraz, izendapen honek erakusten digu Elhuyar eta Langune erreferente direla hizkuntzen industrian Europan.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario