2013/09/25

Kurbadun pantailako smartphone bat merkaturatuko du urrian Samsungek


Samsung smartphone berria: Samsung munduko smartphone ekoizle handienak kurbadun pantailako telefono adimendun bat merkaturatuko du urrian Hego Korean.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/09/24

KulturaZientifikoa sarean, euskal zientzialarien sarea osatzeko

Duela 230 urteko irailean, Elhuyar anaiek jakitera eman zuten Wolframioa isolatzea lortu zutela Bergarako Mintegian. Elementu bat gehiago taula periodikorako, ospea euskal zientzialarientzako eta Bergarako Mintegiarentzako. Efemeride hori gogoan, datorren asteazkenean, irailaren 25ean, 09:00etatik 00:00ak bitartean, sare sozialetan Kultura Zientifikoa zabaltzen jardungo gara euskal zientzia sareko eragileok. Modu horretan, euskal gizarteari erakutsi nahi diogu bagarela, eta bagaudela: Euskal Herrian ere puntako ikerketak, ikertzaileak eta dibulgatzaileak ditugula, alegia. Horrekin batera, gure artean sarea osatzea ere badugu helburu, elkarlanerako bideak jorratzen hasteko eta guztion indarrak eta ahaleginak metatzeko.

Euskal tuitelari talde batek bultzatu du ekimen hau eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoa Katedra, Elhuyar Fundazioak, UEUk, Iruñeako Planetarioak eta beste askok hartuko dugu parte. KulturaZientifikoa traola erabilita, gai horrekin zerikusia duten txioak zabalduko ditugu Twitter-en bidez. Txio hauetan, gaiari lotutako estekak, argazkiak, bideoak etab. zabalduko dira.

Jakintza arlo guztietako (Zientziak, Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta abar) gaiak jorratu nahi ditugu, eta, era berean, Kultura Zientifikoak hezkuntzan eta gizartean duen garrantzia azpimarratu nahi genuke. Hori dela eta, unibertsitate zein institutoetako irakasleak zein ikasleak, ikertzaileak, komunikazio-zientifikoan lanean ari direnak, erakundeak, eta oro har, nahi duenak parte hartzera gonbidatzen ditugu.

Anima zaitezte ekimen honetan parte hartzera, zure ezagutzak, laneko kontuak eta iritziak Twitter-eko komunitate euskaldunarekin partekatzera. Irailaren 25ean sarean topatuko gara!


Ekimenaren inguruko informazio gehiago hemen duzue eskuragarri: http://kimikakuantikoa.blogspot.com.es/2013/09/kultura-zientifikoa-twitter-en-ii.html 

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

KulturaZientifikoa sarean, euskal zientzialarien sarea osatzeko

Duela 230 urteko irailean, Elhuyar anaiek jakitera eman zuten Wolframioa isolatzea lortu zutela Bergarako Mintegian. Elementu bat gehiago taula periodikorako, ospea euskal zientzialarientzako eta Bergarako Mintegiarentzako. Efemeride hori gogoan, datorren asteazkenean, irailaren 25ean, 09:00etatik 00:00ak bitartean, sare sozialetan Kultura Zientifikoa zabaltzen jardungo gara euskal zientzia sareko eragileok. Modu horretan, euskal gizarteari erakutsi nahi diogu bagarela, eta bagaudela: Euskal Herrian ere puntako ikerketak, ikertzaileak eta dibulgatzaileak ditugula, alegia. Horrekin batera, gure artean sarea osatzea ere badugu helburu, elkarlanerako bideak jorratzen hasteko eta guztion indarrak eta ahaleginak metatzeko.

Euskal tuitelari talde batek bultzatu du ekimen hau eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoa Katedra, Elhuyar Fundazioak, UEUk, Iruñeako Planetarioak eta beste askok hartuko dugu parte. KulturaZientifikoa traola erabilita, gai horrekin zerikusia duten txioak zabalduko ditugu Twitter-en bidez. Txio hauetan, gaiari lotutako estekak, argazkiak, bideoak etab. zabalduko dira (adibideak ikusteko, sakatu hemen)

Jakintza arlo guztietako (Zientziak, Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta abar) gaiak jorratu nahi ditugu, eta, era berean, Kultura Zientifikoak hezkuntzan eta gizartean duen garrantzia azpimarratu nahi genuke. Hori dela eta, unibertsitate zein institutoetako irakasleak zein ikasleak, ikertzaileak, komunikazio-zientifikoan lanean ari direnak, erakundeak, eta oro har, nahi duenak parte hartzera gonbidatzen ditugu.

Anima zaitezte ekimen honetan parte hartzera, zure ezagutzak, laneko kontuak eta iritziak Twitter-eko komunitate euskaldunarekin partekatzera. Irailaren 25ean sarean topatuko gara!


Ekimenaren inguruko informazio gehiago hemen duzue eskuragarri: http://kimikakuantikoa.blogspot.com.es/2013/09/kultura-zientifikoa-twitter-en-ii.html 

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/09/23

Bueltan da Comma, 600 ordu baino gehiagoko Community Manager ikastaroa


Comma ikastaroaren bosgarren edizioa urriaren 4an abiatuko da. Aurrekoetan bezala, AERCOk eta M4Fk antolatu dute, EITBren (eitb.com) parte-hartzearekin.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

2013/09/20

Ireki da 2013ko Zientzia Udalekuetan izena emateko epea

Gaur zabaldu da Zientzia Udalekuetan izena emateko epea, eta apirilaren 26a arte izango dute gazteek izena emateko aukera. Zientzia Udalekuak ekimena Elhuyar Fundazioak antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Euskara, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza du. Ekimen honen helburua da gazteek ondo pasatzea eta zientziarekiko jakin-mina piztea.

Zientzia Udalekuetan, gazteek zientzia-jarduerak eta aisialdi-ekintzak euskaraz uztartuko dituzte. Zientzia-esperimentu dibertigarrien bidez, ikasi egingo dute, eta natura ezagutzeko ekintzekin, gozatu, irteerak egin, urarekin jolastu eta beste abentura batzuk biziko dituzte.

Zientzia Udalekuak Oiartzungo Aiako Harriko Parke Naturalean egingo dira, Arritxulo aterpetxean. Aniztasun biologiko zein geologiko aparteko ingurunea da parke naturala, eta lekua esploratzeko aukera aparta izango dute gazteek, hango adituen laguntzarekin.

12 eta 14 urte bitarteko 100 gaztek izango dute Zientzia Udalekuez gozatzeko aukera. Uztailaren 1etik 15era izango dira udalekuak, astebeteko bi txandatan.
Tokiak zozkatu egingo dira izena ematen duten guztien artean. Izena emateko edo informazio gehiago lortzeko, sartu http://udalekuak.elhuyar.org webgunean, edo deitu 943 36 30 40 telefono-zenbakira (ordutegia: 9:00-14:00).




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Elhuyar Fundazioak web-corpusen ataria sortu du, eta asteazkenean (otsailaren 13an) aurkeztuko du San Telmo museoan

Elhuyar Fundazioak euskarazko web-corpusen ataria sortu du, eta erabiltzaileentzako kontsultagai jarriko du. Web-corpusen ataria datorren asteazkenean (otsailaren 13an) aurkeztuko da Donostiako San Telmo Museoan, Badu Bada erakusketaren barruan. Proiektuaren berri emateko, aurkezpenean honako hauek hartuko dute parte:
  • Josu Aztiria, Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduraduna
  • Igor Leturia, Elhuyar Fundazioko I+Gko arduraduna
  • Antton Gurrutxaga, Elhuyar Fundazioko Hiztegigintza saileko arduraduna
Web-corpusen atariak hiru baliabide eskaintzen ditu: euskarazko corpus elebakar bat -125 milioi hitzez osatua, inoiz izan den handiena-, euskara-gaztelania corpus paralelo bat -18 milioi hitz inguru dituena- eta euskarazko corpusetik automatikoki erauzitako hitz-konbinazioak. Nabarmentzekoa da baliabide horiek guzti ak Internetetik automatikoki eratuak izan direla, Elhuyar Fundazioko I+G taldeak garatutako teknologiari esker.

KOMUNIKABIDEENTZAKO OHARRA: Aurkezpenaren ondoren, prentsa-ohar bat bidaliko dugu, baina informazio hori lehendik jaso nahi baduzue edota parte-hartzaileekin elkarrizketaren bat egin nahi baduzue, gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Ikasleen zientzia-emaitzak hobetzeko, hezkuntzaz gaindiko politikak behar dira

Hilaren 18an Zaragozan egingo den STIMULA nazioarteko kongresuaren aurrerapen gisa,Elhuyarrek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, HizkuntzaPolitika eta Kultura Sailaketa Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Orokorrak alor honetan egiten diharduten lana azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Leire CancioElhuyarreko zuzendari nagusiak, Miren Begoñe Urrutia Barandika Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendariak eta Vladimir Garkov doktoreak, Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Orokorra, Europako Batzordeko ordezkariak, eman dituzte azalpenak.


Leire Canciok
STIMULA proiektua aurkeztu du. Zientzia eta teknologiarako gaitasunak sustatzea du helburu, horretara bideratutako hezkuntza-baliabide berritzaileak garatuz. Koordinatzailea Elhuyar izan da, eta beste erakunde hauek osatu dute partzuergoa: Zaragozako Unibertsitatea (Espainia),St. Mary'sUniversityCollege (Belfast,Ipar Irlanda), Steinbeis ikerketa-zentroa (Alemania), Phaenovum elkartea (Alemania), National CollegeNicolaeTitulescu ikastetxea (Errumania).
Lehenik, zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa, interesa eta bokazioak neurtu ziren galdetegi baten bidez. Jarraian, hainbat erreminta inplementatu ziren gazteen artean. Ondoren, gazte horien pertzepzioa, interesa eta bokazioak neurtzeko galdetegia egin zen berriz.
Jarduerak herrialde bakoitzeko bi ikastetxetan egin ziren. Euskal Herrian, hain zuzen, honako ikastetxe hauetan aritu dira: Elorrioko Institutua, Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutua, Bernat Etxepare Lizeoa (Baiona) eta Piarres Larzabal Kolegioa (Ziburu). Tecnalia ikerketa-zentroa bisitatu dute ikasleek.
Proiektuaren ondorio gisa, hiru puntu nabarmendu dira:
• Pertzepzioa eta interesa: uste dute zientzia eta teknologia, oro har, eta ZT ikasgaiak baliagarriak direla, eta horiek ez dituzte idealizatuta, ikuspegi kritikoa dute. Nahiz eta estereotipo ezkor gehienak ukatu, zailtasunarekin lotutakoak neurri batean onartu egiten dituzte (zaila, lan-menpekotasuna, lehiakorra, oso bokazionala…).
• Interesa eta bokazioak: Interes gehiago izateak ez du esan nahibokazio gehiago dagoenik; hau da, interes handia duten taldeetan eta txikia dutenetan bokazio-maila berdintsua da.
• Ekintza puntualek, lehiaketa batek, irteera batek, esperimentu batek ez dute bokazioetan eragiten.

Vladimir Garkov doktoreak Europako Batzordearen alor honetako ibilbidea azaldu du. Europako Batzordeak beharrezkotzat jotzen du biztanleek zientziatan eta matematikan gaitasun minimo bat izatea, bizitza profesional eta sozialean aurrera egiteko, eta Europako gazteen % 20 ez da iristen gaitasun minimo horretara. 2020rako portzentaje hori % 15era jaistea da Europako Batzordearen helburua.
Horretarako, zientziaren eta matematikaren lorpen baxu hori aldatzeko, lan-talde bat sortu zen, eta lanean aritu da Europako Batzordeak izendatuta. Lan-talde horrek arazoaren diagnosia eta irtenbideak landu ditu, estatuei Europak definitu dituen helburuak lortzen laguntzeko. 2010ean hasi ziren lanean, eta orain txosten bat aurkeztuko dute hezkuntzan mugarri izan behar duten politika-neurrietan zentratuta.
Horretarako, 17 mugarri identifikatu dituzte lorpen baxuak aldatzeko, eta beste bost,lorpen orokorrak hobetzeko.
Garkov doktoreak azaldu duenez, "txostena ez da behin betikoa. Leku askotan aurkeztu eta eztabaidatu behar da. Baina badira aurreratu daitezkeen ondorio batzuk. Hasteko, aipatu nahi nuke bizi dugun inguruneak berebiziko garrantzia duela gure zientzia-mailan. Finlandian, esaterako, biztanleek gertutik bizi dute zientzia, ez direlako bereizten zientzia-politika, hezkuntza-politika, ekonomia… ingurunea.Hortaz erabakigarria da; ez aldiz, generoa".
Egin beharko litzatekeenari buruz, puntu hauek aipatu ditu:
- Zientzia oinarrizko gaitasunetan txertatu behar da
- Gizakiak ez du modu naturalean jasotzen zientziaren pentsamendua; hezkuntzak ahalegina egin behar du
- Zientzia ezin da gizartetik isolatuta irakatsi. Ez da abstraktua, egunerokoan aplikatzen dela erakutsi behar da.
- Irakasle motibatuak eta gaitasundunak behar dira, eta horrelakoak aintzatetsi.
- Ikastetxeak komunitatearen elkargune izan behar dute. Irakasle eta ikasleek ez ezik, har elkartu behar dute gurasoek eta gizarte eta ekonomiamailako politikek.


Miren Begoñe Urrutia zientzia-politikako zuzendariak bi azterketen inguruko hausnarketa egin du.
"Heziketa formala eraginkorra bada, gai izango da gizartea osatzeko, eta gizarte trebatua, ikuspegiduna eratuko du. EAEn, zorionez, zientzia-gaitasuna jasoa dago oinarrizko gaitasunetan. Izan ere, gizartearen gaitasunetan oinarritzen dira erabakiak. Zientzia-gaitasuna garatuta lortuko dugu ekonomikoki garatuagoa den herri bat, heldua eta librea. Eta beste erakunde batzuek ere sustatu nahi genituzke, Elhuyarrek bezala horrelako ekimenetan parte har dezaten.
Hezkuntza-arloan, EAEko zientzia-emaitzak ez dira onak. Hortaz, apustua egin behar dugu. Eta irakaskuntza modu orokorrean ulertu behar dugu, ikaskuntza ez baita eskolan bakarrik gertatzen. Orokorrean eta eskolaz kanpo ere landu behar da. Familia, ingurunea, gizartearen jarrera, kanalak ere garrantzitsuak dira, eta, beraz, gaitasun hauek ahalik eta gehiena zabaldu behar dira. Ahalik eta jende gehiagok izan ditzala zientzia-gaitasun hauek".





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Ikertzaile gazteak kalera atera dira Elhuyarren Zientzia Azokan

Bigarren Hezkuntzako 25 talde kalera atera dira, eta beren lanak erakutsi dituzte Donostiako Gipuzkoa plazan jarri dituzten 25 postuetan. Elhuyarrek antolatutako Teknoskopioa ikerketa-proiektu edo proiektu teknologikoen lehiaketan aurkeztutako lanik onenen egileak izan dira gaurko zientzia-azokaren protagonistak.


Parte hartu duten talde bakoitzak stand bana izan dute bisitariei beren proiektuaren berri emateko. Horrez gain, 10 finalistek beren lana defendatu dute epaimahaiaren aurrean.


Oihana Jauregik gidatuta, proiektuaren aurkezpena egin dute, eta epaimahaiak erabaki du nor izan den kategoria bakoitzeko irabazlea. Epaimahaiaren nabarmendu duenez, "gai izan dira egunerokoari eta hurbilekoari erantzuteko lan egiteko. Gainera, gizartea eta ingurumena hobetzea izan dute helburu proiektu gehienetan eta irtenbideak topatu dituzte. Horrez gain, kritikotasuna bilatu dute".


Azokan parte hartu duten talde guztien artean bat aukeratu du epaimahaiak, Euskal Herria Katalunian ordezkatu dezan. Izan ere, talde horrek aukera izango du apirilean Katalunian ospatuko den Exporecerca zientzia-azokan parte hartzeko.


- Talde onena: Ibon Intxaurraga eta Xabier Cenicelaya (Lauro Ikastola)

  • Euri Azidoaren Euritakoa

 

Horrez gain, sari hauek banatu dira:


- Proiektu onenaren sariak:
• Ikerketa-proiektuen modalitatea: Ibon Intxaurraga eta Xabier Cenicelaya (Lauro Ikastola) "Euri Azidoaren Euritakoa"
• Proiektu teknologikoen modalitatea: Asier Sarmiento, Joel Martínez eta Daniel Rico. (Jesus Obrero Egibide) "Autohouse"


Aurreikusita ez zegoen arren beste proiektu bat ere saritu du epaimahaiak, bi modalitateak uztartzen zituena:

Onintza Unzurrunzaga, Iñaki Arenas eta Alex Alvarez. Axular Lizeoa. "Aldiuneko ogia"

- Komunikazio onenaren sariak:


• Ikerketa-proiektuen modalitatea: Nagore Rodiguez eta Izaskun Martin. La Anunciata Ikastetxea. "Platerak garbitu ostean bakterioak geratzen dira?"
• Proiektu teknologikoen modalitatea: Sue Gonzalez, Anne Castro, Ander Agiriano eta Asier Rementeria. Lauro Ikastola. "Igogailua Scratch eta Arduino erabiliz".

Proiektu onenaren saria irabazi duen taldeko kide bakoitzak tableta bat eta Tecnalia korporazioko zentro teknologiko bateko ikertzaileen lana bertatik bertara ezagutzeko egonaldi bat irabazi ditu. Hala, ikertzaile gazteek zentro horietako ikertzaileen eskutik ezagutuko dute han egiten duten lana. Josu Ezkurdia Neiker Tecnaliako zuzendari nagusiak banatu ditu sariak.


Komunikazio-lan onenak egin dituzten taldeetako kideek tableta bana eta Elhuyarren produktu-sorta bana jaso dituzte Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiaren eskutik.


Ikerketaren eta hezkuntzaren arloko pertsonek osatu dute epaimahaia: Elvira Gonzalez, Hezkuntza Saileko natura-zientzietako aholkularia; Joseba Alkorta, Hezkuntza Saileko teknologia-aholkularia; Unai Martinez de Estarrona, Tecnaliako ikertzailea; Aitziber Lasa, Elhuyar Fundazioko Zientzia unitateko kidea eta Ana Galarraga, Elhuyar Fundazioko Zientzia unitateko kidea.


Finalera iritsi diren proiektu guztiak webgune honetan ikus daitezke: http://teknoskopioa.elhuyar.org 

Teknoskopioari buruz
Elhuyarren Zientzia unitatean zientzia eta teknologia gizarteratzea eta horiekiko jakin-mina sortzea dugu helburu. Horregatik, proiektu baten prozesu osoan hartu dute parte gazteek: ideia sortu, prozedura diseinatu, pausoz pauso hura gauzatu eta ondorioak atera. Proiektuak garatzeaz gain, gizarteari komunikatzeko gaitasuna ere erakutsi behar izan dute ikasleek.


Proiektu honetan lagun izan ditugu FECYT, "La Caixa" Gizarte Ekintza, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tecnaliari korporazioa





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak 300 zenbaki bete ditu

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren 300. zenbakia argitaratu du Elhuyarrek irailean. Ospatzeko, 0. aletik 300.enerainoko 28 urteko bidea gogoratu dugu azalez azal, hamarnakako jauzitan.
Elhuyar aldizkaria 1974an sortu zen, euskara arlo zientifiko-teknikora egokitzeko asmo nagusiarekin. Hizkuntza sendotu ahala, alderdi horrek indarra galdu zuen, edukiaren mesedetan. Hala, 1985eko abenduan argitaratu zen gaur egungo aldizkariaren arbaso zuzenaren zero alea: Elhuyar Zientzia eta Teknika.
2009an, berriz, gaur egun duen izena hartu zuen, Elhuyar Zientzia eta Teknologia. Izenarekin batera, aldizkariaren diseinua, formatua eta edukiak berritu eta eguneratu ziren. Eta gerora ere egin ditugu aldaketak, gizartearen ezaugarriei eta eskakizunei moldatzeko. Horien artean, iaz, webgunea berritu genuen; hala, paperean eman ezin diren edukiak eta funtzionalitateak eskainzen ditugu aldizkaria.elhuyar.org helbidean.

Aldizkari hau egiten dugunok ideia, desio, zeregin hauek ditugu ardatz:
• Zientziari eta aurrerakuntza zientifiko eta teknologikoei buruzko informazioa ematea, eta haiek dagokien testuinguruan interpretatzea.
• Zientziarekiko zaletasuna piztea, eta entretenitzea
• Kultura zientifikoa hedatzea eta bultzatzea
• Sineskeria sasizientifikoei aurre egitea
• Gizarte-demokrazia: erabaki teknozientifikoen aurrean gizarte-mailako ardura sustatzea

Elhuyar anaiak eta wolframioa: 230 urte
Aldizkariarena ez da, ordea, irailean ospatuko dugun urtebetetze bakarra. Elhuyar anaiei eman diegu zenbaki honen Istorioak atalaren protagonismoa. Izan ere, haiek ere badute zer ospatu, 230 urte bete baitira wolframioa isolatu zutenetik. Hain zuzen, 1783ko irailaren 28an lortu zuten wolframioa isolatzea eta esku artean hartzea.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Herritarrek pentsatzen dute zientziak eta teknologiak gastu publikoaren lehentasun nagusietako bat izan behar luketela

Euskal Herriko biztanleek pentsatzen dute zientzia eta teknologiaren inbertsioaren eta garapenaren helburuak izan behar lukeela Europako herrialde aitzindarien parera iristea. Hala erakutsi du Elhuyarrek 2012. urtean UPV/EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin batera egindako "Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz duen ikuspegiaren ikerketa 2012" ikerlanak.
Azterketa horren helburua izan da euskal gizarteak zientziaz eta teknologiaz 2012an zuen iritzia neurtzea eta haren diagnostikoa egitea. Era berean, euskal gizarteak zientziaz eta teknologiaz duen iritziak zer bilakaera izan duen aztertu da, 2008ko datuekin alderatuz.
Ikerketaren emaitzak gaur goizean aurkeztu dituzte UPV/EHUren Bilboko egoitzan azterketaren arduradunek: Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak, Miren Begoñe Urrutia Barandika Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendariak, Juan Ignacio Pérez UPV/EHUko Kultura zientifikoko katedraren arduradunak eta Maria Gil Elhuyarreko Zientzia Unitatearen zuzendari eta azterketaren koordinatzaileak.

Azterketak bi ikuspegi hartzen ditu, kualitatiboa eta kuantitatiboa. Alderdi kualitatiboan 15 talde-dinamika egin dira, eta alderdi kuantitatiboan Euskal Herri osoko 1.258 lagunek parte hartu dute.

Ikerketa kuantitatiboa
Azterketa kuantitatibotik ondorioztatzen denez, lautik hiruk ikusten du zientziak eta teknologiak desabantaila baino abantaila gehiago ekartzen dituztela. Modu batera edo bestera zientziari eta teknologiari lotuta dauden lanbideak begi onez ikusten dira. Ikertzailearen lanbidea erakargarri gertatzen da, eta pertzepzioa da horretan diharduenak gogobetetze pertsonal handiagoa duela ekonomikoa baino.
Interesari dagokionez, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa % 11 igo da 2006az geroztik, eta handiagoa da gazteenen artean (15-29 urte).
Zientziari eta teknologiari buruz duten informazio-maila erdi-mailakotzat" jotzen dute. Hala ere, horri buruzko balorazioa 2006koa baino hobea da.
Zientziari eta teknologiari buruzko informazioa Interneten eta telebistaren bidez jasotzen da, nagusiki (Interneten garrantzia nabarmen igo da 2006tik hona, % 33) eta idatzizko komunikabideek pisua galdu dute. Zientziari eta teknologiari buruz informatuta daudela gehien uste dutenak 29 urtetik beherakoak dira.
Europar Batasunarekiko posizioari dagokionez, pertzepzioa da esparru zientifiko eta teknologikoan Espainia atzeratuta dagoela Europar Batasunaren aldean. Zenbat eta gazteagoa izan, hainbat handiagoa da Espainia atzeratuta dagoelako pertzepzio hori. Ikuspegi horretan oinarrituta, ulertzekoa da instituzioek ikerketa zientifiko eta teknologikora baliabide gehiago bideratzea aldeztea. Ideia horrek aldeko gehiago ditu beren burua ezkertiartzat duten pertsonetan, baita ikasketa-maila altuagoa dutenetan ere. Herritarrek uste dute zientziak eta teknologiak gastu publikoaren lehentasun nagusietako bat izan behar luketela. 2006ko datuekin alderatuz gero, % 18 hazi da uste hori. Ikerketa-instituzio eta erakundeetan herritarrek duten konfiantza-maila altua edo oso altua dela esan genezake, eta, betiere, jarduera politikoan, Administrazioan, enpresa pribatuan edo beste zenbait elkartetan dutena baino handiagoa.

Ikerketa kualitatiboa
Ikuspuntu kualitatibotik, Euskal Herriko biztanleek pentsatzen dute zientzia eta teknologiaren inbertsioaren eta garapenaren helburuak izan behar lukeela Europako herrialde aitzindarien parera iristea.
Duela lau urte azpimarratzen zen ikerketa zientifikoa aurrekontu publikoen mende zegoela; gaur egun, berriz, krisi ekonomikoak inbertsioan, lan-baldintzetan eta ikerketa zientifiko eta teknologikoaren alorreko etorkizuneko aukeretan dituen ondorioetan jartzen du arreta diskurtsoak. Diskurtso sozialak talentuen iheserako arriskua aipatzen zuen; gaur egun, ordea, pertzepzioa da benetan gertatzen ari dela eta, gainera, etorkizunari begira joera hori finkatzeko arriskua dagoela. Egun, zientzia eta teknologiaren lehentasunei buruzko erabakiak hartzean komunitate zientifikoak zein herritarrek modu aktiboagoan parte hartzea eskatzen da.

Adierazpenak
Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia.
Hezkuntza formalak egituratzen du zientziaz eta teknologiaz dugun pertzepzioa. Gazteenek bere burua jantziago ikusten dute. Horrek pentsarazten du zientziari eta teknologiari buruz dugun pertzepzioa hezkuntzan jasotakoarekin oso lotuta egon daitekeela. Kezka da zer gertatzen den hezkuntza formala amaitzen denean. Etena gertatzen da. Agian komunikazioak ez du eragiten. Etena gertatzen da interesean eta ezagutza jasotzean.
Komunikazioan aritzen garenok ez dugu asmatu komunikazioaren diskurtsoan. Adibidez, arteak asmatzea lortu du beste klabe batzuekin (pertsonak, sormena,...).

Miren Begoñe Urrutia Barandika, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria
Inbertsioak ezinbestekoak dira, eta oso garrantzitsua da hori herritarrei helaraztea. Eragin zuzena duenak baldintzatzen du interesa. Horregatik, erakargarriak dira osasuna eta ingurumena. Jendeak eskatzen du gizartea hobetzen laguntzea. Ahalegina egin beharko da gainerako gaiekiko interesa pizteko, baina poztekoa da interes handiena dutenak eta beren burua jantzienen artean dutenak gazteak izatea.
Ikerketaren egoeraz jendeak duen pertzepzioa magnifikatuta dago. Egoera orokorraren isla da, eta ez horrenbeste gertatzen denarena. Objektiboki, egoera hobea da.

Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendaria
Emaitzarik interesgarrienetako bat da ikustea Internet dela informazioa jasotzeko iturrien artean gora egin duen bide bakarra; batez ere, jende gazteenaren, hobekien prestatua dagoenaren eta egoera soioekonomikorik onena duenaren artean, eta hori oso garrantzitsua da. Katedrak denbora asko eskaintzen dio Internet bidezko zabalkundeari. Blogek, Wikipediak, sare sozialek... gero eta toki zabalagoa hartzen dute. Erabiltzen ez dituenak lau urte barru ez du zer eginik izango.
Dibulgazioak ez du kultura sortzen. Kultura irakaskuntzan sortzen da, hori da irakaskuntzaren ardura. Sustatze-lanean ari garenok zientziaren balioen transmisioan jardun behar dugu, eta ez hainbeste ezagutza transmititzen. Zirimiri fin bat izan dadila, zientziaren aldeko diskurtso publiko bat sortzeko. Euskadin zientziaren aldeko diskurtso bat sortu da, lehen ez zegoena, eta ideologia ukitzen ari da.


Ikerketa osoa





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Elhuyar epaimahaikide izango da Europako LT-Innovate topaketan, Bruselan

Aste honetan, Brusela hizkuntza-teknologiekin lan egiten duten enpresen topagune izango da. Izan ere, ekainaren 26an eta 27an LT-Innovate kongresua egingo dute hirian, hizkuntza-teknologien sektorean Europako kongresurik garrantzitsuenetako bat.
Kongresu hori izen bereko LT-Innovate elkarteak antolatzen du; edo, bestela esanda, Europako Hizkuntza Teknologien Industriaren Elkarteak. Kongresuan sektoreko agente nagusiak elkartzen dira, baita Europako Batzordea ere. Beraz, hizkuntza-teknologia berritzaileenak ezagutzeko eta sektorean eztabaida sustatzeko foroa da; baina, era berean, Europako Batzordearen politiketan eragitekoa aukera ematen du. Esan dezakegu hizkuntza teknologiez hitz egiteko Europan antolatzen den foro nagusia dela.
Testuinguru horretan, Europako Hizkuntza Teknologiako Industria onenen lehiaketa antolatzen dute, eta Elhuyarreko kide Josu Waliño epaimahaikide izango da sariketa horretan. Waliñok Europako hainbat proiektu kudeatu du Elhuyarren ordezkari gisa, hala nola STIMULA, Moblang, Bologna TS edo SciCamp proiektuak; haietan, elkarlanean aritu izan da Europako beste hainbat erreferenterekin. Gainera, Elhuyar Fundazioaren Proiektu eta Berrikuntza zuzendaria izan da 2003-2012 bitartean. Egun, Elhuyarreko Sustapen Sailean egiten du lan, beti ere Europako proiektuetan buru-belarri lanean. Bestalde, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko lehendakaria da Waliño, eta elkarte hori ere ordezkatuko du egunotan LT-Innovate azokan.
Josu Waliñok eta gainerako epaimahaikideek aurrez ebaluatuko dituzte lehiaketan parte hartuko duten enpresak, eta haietatik 30 finalista gelditu dira. Ondoren, enpresa finalista horiek aurkezpen bat egingo dute publikoaren eta epaimahaiaren aurrean, ostegun honetan. Epaimahaikide bakoitzak bere iritzia emango du publikoaren aurrean eta, horren arabera, hautatutako 12 enpresa onenek irabaziko dute saria. LT Innovate azokaz eta epaimahaiaz informazio gehiago eskuratu dezakezu gune honetan: http://lti.e-unlimited.com/events/view.aspx?events_pages_id=1727

Beraz, izendapen honek erakusten digu Elhuyar eta Langune erreferente direla hizkuntzen industrian Europan.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Elhuyarrek automatikoki sortutako hiztegiak biltzen dituen Hiztegi Automatikoak ataria aurkeztu du gaur goizean

Elhuyarrek automatikoki sortutako bost hiztegi biltzen dituen atari bat sortu du, Hiztegi Automatikoak izenekoa, eta erabiltzaileen esku jarri du sarean CC-by-sa lizentziapean. Hiztegi horiek alemanarekin, hindiarekin, arabierarekin, txinerarekin eta swahiliarekin lotzen dute euskara, hizkuntza teknologiez baliatuta. Kasu guztietan, ingelesa erabili da zubi-lanak egiteko eta, ondorioz, bost hiztegi elebidun horiek sortzeko.Hizkuntzen aukeraketa ez da kasualitatea izan; kontuan hartu da, besteak beste, hizkuntza horiek biltzen duten hiztun kopurua handia izatea, kontinente desberdinetan hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea, eta existitzen ez ziren euskarazko hiztegi elebidunak sortzea. Proiektu hau gaur goizean aurkeztu dute Josu Aztiria Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia unitateko arduradunak eta Iker Manterola I+G unitateko ikertzaileak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Elhuyarrek hizkuntza teknologietan egiten duen ikerketaren emaitza da Hiztegi Automatikoak ataria, eta gaur egun euskara aipatutako hizkuntzekin elkartzen baditu ere, "beste hizkuntza-bikote batzuk jasotzen dituzten hiztegi automatikoak ere sor daitezke", adierazi du Josu Aztiriak. "Aurera begira, aurreikusia dugu euskara beste hizkuntza batzuekin elkartzea eta atari honetan eskuragarri jartzea erabiltzaileentzat", gaineratu du.

Bestalde, hiztegiak automatikoki sortu direnez, ez dira erabat zuzenak. Hori dela eta, "Elhuyarrek erabiltzaileei aukera eskaintzen die atarian bertan zuzenketak proposatzeko"; esan du Iker Manterolak eta, hala, hiztegi-erabiltzaileen komunitate aktibo bat sortzeko.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso du.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Ilargiaren eraginpean banatu ditugu 2012ko CAF-Elhuyar Sariak

Ilargiaren eraginpean banatu ditugu gaur arratsaldean zientzia- eta teknologia-dibulgazioko CAF-Elhuyar Sariak. Ekitaldiak iraun bitartean ilargi betea izan dugu urruneko lekuko, eta badirudi bat egin nahi izan duela ekitaldiarekin. Izan ere, ekitaldiaren aurkezle Ana Galarragak gogoratu digun bezala, "Lurrak Ilargia erakartzen duen bezalaxe, Ilargiak Lurra erakartzen du. (…) Ilargiak Lurrean mareak sortzen dituen bezalaxe, Lurrak ere Ilargian mareak sortzen ditu". Eta, CAF-Elhuyar Sarien 2012ko edizio honetan, Eragin elkarrekintza! izan dugu lelo, elkarreragina eta elkarlana ardatza.

Gauzak horrela, Maider Yabar dantzariak ilargiarekin egin du dantza ekitaldiaren hasieran, Usurbilgo frontoiaren sabaitik zintzilikatuta biak: bai gure logoko ilargia, bai Maider bera. Ekitaldiaren erdigunean izan dugu ilargia, beraz; hain zuzen ere, Elhuyarrek hasi berri duen aroan logoan duen irudia: hazten ari den ilargi bat, babesten gaituena, baina inguruan eragitera behartzen gaituena.

Gainera, geure hitzen jabe egin, eta, lehenbiziko aldiz, ekitaldia Usurbilgo herrira eramatea erabaki dugu, Usurbilgo herritarrekin eta gure inguruarekin elkarlana eta elkarreragina bultzatzeko. Hartara, Usurbilgo Mikel Laboa plazan hasi da ekitaldia, 18:00etan, eta Sutegi kultura-etxean banatu ditugu sariak, 18:30ak aldera.

Aurtengo edizioa, gainera, berrikuntzekin etorri da. Izan ere, kategoria berri bat gehitu zaie ohikoei: Zientzia Gizartean Sorkuntza Beka. Horren bidez, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarreragina sortuko duten proiektuei laguntzea dugu helburu. Beka honen irabazleak 5.000 € jasoko ditu proiektua garatzeko.

Hauek izan dira kategoria guztietako irabazleak:

Zientzia Gizartera sorkuntza-beka
Izenburua:
Balio berriz balio
Egileak:
• Arlette Apraiz Eizagirre (Gernika-Lumo, 1978). Psikologoa, Psikologia Klinikoa eta Osasuna masterra ikasten.
• Doltza Oararte Torrealdai (Gernika-Lumo, 1977). Zientzia Politikoetan lizentziaduna, Analisi Politikoko espezialitatea ikasten.
• Jaione Ortiz de Zarate (Gernika-Lumo, 1989). Arkitekturako ikaslea eta Taller de musics goi-mailako musika-eskolako ikaslea eta musikaria.
• Maider Amutio Izagirre (Gernika-Lumo, 1982). Ingeniaritza kimikoan doktorea, EHUko ikertzailea garapen jasangarriaren alorrean.
• Nerea Andres Arribalzaga (Gernika-Lumo, 1984). Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna, Hamaika Telebistako langilea alor horretan.
• Oihane Enbeita Gardoki (Gernika-Lumo, 1978). Antzezlea eta bertsolaria, gorputz-adierazpenaren arloa aztertzen ari da.
Saria: 5.000 euro aurkeztutako proiektua gauzatzeko.

Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuei laguntzea da kategoria honen helburua. Era askotako proiektuak aurkeztu dira: artistikoak, soziologikoak... Haietako asko, oso interesgarriak; beraz, epaimahaiarentzat ez da erraza izan erabakitzea zer proiekturi eman laguntza-beka. Dena dela, aukeratutako proiektuak ondo betetzen ditu aurkeztutako lanak baloratzeko irizpide guztiak, epaimahaiaren iritziz: bereziki, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza bilatzean, diziplinartekotasuna bultzatzean, interes sozialean eta erakargarritasunean.

Bestalde, epaimahaiak begi onez ikusi du proiektua talde-lanean oinarrituta egotea, eta, talde-kideak herri berekoak izanik, hain eremu desberdinetakoak izatea.

Elhuyarren zuzendari nagusi Leire Canciok eman die saria.

Zientzia-kazetaritzaren arloko saria
Izenburua:
"Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa"
Egilea: Gorka Zabaleta Lopetegi (Zumaia, 1973). Kazetaria Zumaiako Baleike herri-aldizkarian.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Zabaletak CERNeko fisikari Angel Urangari egindako elkarrizketa jaso du artikuluan. Zumaiako Baleike herri aldizkarian argitaratu zuen 2012ko urrian. Epaimahaiari aipagarria iruditu zaio "gaurkotasunari erantzuteko egindako ahalegina, protagonista egokia aukeratzean erakutsitako zorroztasuna eta herri-aldizkari batek zientzia-gaiak zabal lantzea".

CAFeko euskara-arduradun Joxe Begiristainek eman dio saria Gorka Zabaletari. Iaz ere Zabaletarentzat izan zen arlo honetako saria, orduko hartan Baleiken argitaraturiko Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua artikuluagatik.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria
Izenburua:
Ijitoen jatorria, DNAn islatua
Egilea: Isabel Mendizabal Ezeizabarrena (Tolosa, 1981). EHUn egin zuen Biologiako ikasketetako lehen zikloa, baina Bartzelonako Universitat Pompeu Fabran amaitu zituen ikasketak, osasun-biologia espezialitatean.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Arlo honetan epaimahaiak aho batez erabaki du sariduna, honako arrazoiengatik: "Artikuluan landutako gaia berez da interesgarria, baina egileak erakargarri egitea lortu du. Oso ondo uztartu ditu testuingurua eta berak antropologia molekularrean egindako ikerketa. Gainera, bere ikerketaren emaitzak ez ezik, hizkuntzalarienak ere aintzat hartu ditu, eta, hala, artikulu benetan mamitsua osatu du."

Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatearen Biologia Ebolutiboko Unitatean egin du tesia Mendizabalek. Saria EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile Arturo Elosegik eman dio.

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria
Izenburua:
Galaxiek topo egiten dutenean
Egilea: Miguel Querejeta Perez, (Donostia, 1989). Fisikan lizentziadunua, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), ezohiko sariarekin. Astronomiako Max Planck Institutuan ari da egiten doktoretza, Alemanian, galaxien dinamikari buruz.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Epaimahaiak aitortu duenez, atal honek eman die buruhauste gehien. Izan ere, "lan asko aurkeztu dira, eta batzuk oso onak". Dena dela, Querejeta saritzea erabaki dute "gaia berria izan arren, eta edukia maila altukoa, modu errazean aurkeztea lortu duelako egileak. Horretarako, batzuetan, bere buruari egindako galde-erantzunak baliatu ditu, adibidez, "Nork ez ditu idatzi txikitan mezu sekretuak limoi-zukua erabiliz?" Edo "Nola izan daiteke milaka milioi izarrez osatutako bi astro erraldoi batzea, prozesu horretan izar-pare batek ere elkarri jo gabe?".

Elhuyar Zientzia unitatearen arduradun Maria Gilek eman dio saria Querejetari.

Merezimendu Saria
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea


Erakunde honek 20 urte daramatza osasun-arloan euskararen normalizazioa bultzatzen, eta, gaur egunera arte, osasun-arloko ia 400 langile bildu ditu euskararen aldeko lanera: medikuak, erizainak, farmazialariak eta osasun-arloko bestelako langileak.

Karlos Ibarguren Olalde medikuak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen lehendakariak, jaso du saria Elhuyar Fundazioaren lehendakari Txema Pitarkeren eskutik. Pitarkek nabarmendu duenez, "Elhuyarren hanka berdinetan jartzen da zutik Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea: osasun-sarea eta euskara; edo, bestela esanda, zientzia eta euskara". Gainera, Pitarkeren esanean, "jatorria ere, antzekoa dugu: haien lan-eremua euskalduntzeko grina zutelako sortu zuten OEE mediku, erizain eta osasun arloko bestelako langileek; eta horrelaxe sortu zen Elhuyar ere duela 40 urte, beren ikas-alorrak euskaldundu nahi zituzten zientzialari eta ingeniari gazteen ekimenez. Asko partekatzen dugu bi erakundeok, eta askotan gurutzatu izan dira gure bideak". Izan ere, "Elhuyar aldizkariaren maketatzaileak, gure lankide Virjik, oraindik gogoan ditu aldizkarian argitaratzeko OEEko zenbait lagunek bidalitako artikuluak. Eskuz, eta mediku-letrarekin gainera. Biratu papera alde batera, biratu bestera, eta halako batean asmatu non hasten zen eta non bukatzen zen artikulua. Komeriak komeri, hortxe genituen OEEko lagunak, beren jakintza herritarrekin partekatzeko prest, gizartea zientzia-gaietan hezteko bokazio garbiarekin; eta euskarak eremu hori ere konkistatu behar zuela sinetsiz. Kontsulta, ebakuntza-gela, ospitale… ordu luzeak bukatu eta bokazioa eta militantziari helduz, beti bezain fin, herritarrentzat artikuluak idazteko lanari ekiten zioten".

Bestalde, Bertso-saio klinikoak edo medikuntza-gaiak euskaraz dibulgatzeko Agote Sariak goraipatu zituen Pitarken bere hitzetan.

Bi epaimahaik ebatzi dituzte saridunak
Bi epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Zientzia Gizartean Sorkuntza Bekara aurkeztutako lanak honako pertsona hauek epaitu dituzte:
• Josu Rekalde Izagirre, EHUko Arte Ederren Fakultatekoa, Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria.
• Koldo Almandoz, The Balde aldizkariaren zuzendaria. Ikus-entzunezkoetan aditua, bai sortzaile eta bai zuzendari gisa.
• Mari Gil, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna.

Gainerako kategorietara aurkeztu diren lanak, berriz, honako lagun hauek epaitu dituzte:
• Marian Iriarte, kimikaria, EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea.
• Arturo Elosegi, ekologoa, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea.
• Txema Ramírez de la Piscina, kazetaria, Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza Fakultateko irakaslea, kazetaritza espezializatuaren arloan.
• Jose Mari Rodriguez Ibabe, CEITeko ikertzailea eta Elhuyar Fundazioko lehendakari ohia.
• Leire Cancio Orueta, Elhuyarren zuzendari nagusia.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

Bertako sorkuntza zientifiko-teknologikoaren nazioarteko presentzia sustatzeko prozesu irekia abiatu du Basque Researchek

Hamar urteko ibilbidearen ondoren, Basque Research proiektua eraberritzeari ekin dio Elhuyarrek, helburutzat harturik Euskal I+G+B komunitatea indartzea eta bertako sorkuntza zientifiko-teknologikoaren nazioarteko presentzia sustatzea.
Eraberritze prozesua irekia izango da; bertako eta nazioarteko zientzia- eta teknologia-sistemako erabiltzaileen ekarpenak jasoko dira, eta modu jarraituan emango da aurrerapenen berri. Euskal I+G+B sarearen parte diren pertsonak integratzeaz gain, irekita egongo da ekarpenak egin nahi dituen ororentzat.
Lehenengo fasean diagnostiko lana egingo da. Horretarako, Basque Researchek 10 urtean jasotako datuen analisia, inkesta bidezko azterketa kuantitatiboa eta elkarrizketa kualitatiboak egingo dira. Izan ere, webgunetik haratago, euskal ikerketaren eta garapenaren komunitatea sendotzeko ekarpena egin nahi du Elhuyarrek. Informazioa modu eraginkorrago batean eskuratu eta eskaini ez ezik, harremanetarako eta lanerako tresna hobetu ere egin nahi dute.
Euskal I+G+Ba nazioartean kokatzeko lana indartu nahi dute, orobat, proiektuaren arduradunek. Izan ere, gaur egun, enpresa askok ikusten dute interesgarri eta estrategiko nazioarteko sareetan haien lanen inguruko albisteak zabaltzea, beren ikerketa-arloak indartzeko edo negozioetan nazioarteko harreman berriak lortzeko. Horretarako, Basque Researchek hitzarmenak sinatuta dauzka zientzia eta teknologia zabaltzeko nazioarteko webgune nagusiekin.

Prozesu irekia, komunikazio irekia
Abiatu berri den prozesuaren topagune izateko, blog berri bat sortu da: Basque Research Eraberritzen. Blog honetan, prozesuan gertatzen diren aurrerapausoen berri emango da. Horrez gain, alde batetik, jasotako datu kuantitatiboak bilduko dira. Eta, bestetik, adituekin berariaz egindako bideo-elkarrizketen erakusleiho izango da. Iritzia jasotzeko baliabide ere izan nahi luke blogak.


Basque Researchek 10 urte
Basque Research proiektua euskal ikerketaren sarea indartzeko bokazioz jaio zen, 2002an; ikerketa-agenteen arteko topagune gisa, elkarren berri emateko eta bertako zein nazioarteko kazetariei zerbitzu emateko jaio zen. Hala, unibertsitateetako ikerketa-taldeak, zentro teknologikoak eta enpresen I+G unitateak garatuz eta indartuz joan diren heinean, Basque Research webgunea ere hazten joan da, eta, euskal gizartean zientzia eta teknologiaren inguruko sarea osatuz joan ahala, webgunea ere sendotuz joan da.
Unibertsitateetako ikerketa-taldeek, zentro teknologikoek eta enpresen I+G unitateek kaleratutako albisteak herrialdean, estatuan eta munduan argitaratzen eta zabaltzen ditu Basque Researchek. Munduko herrialde guztietako 165.000 bisita inguru izaten ditu urtean. Informatzaile gisa, 350 eragile baino gehiago ditu erregistratuta, eta, harpidedunen artean, besteak beste, estatuko eta nazioarteko 200 kazetari baino gehiago ditu, bertako aurrerapen zientifiko eta teknologikoei adi. 2012an 525 albiste, 531 ekitaldiren berri eta 10 elkarrizketa argitaratu ziren www.basqueresearch.com webgunean; guztira, 1.066 eduki.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

ON ZIENTZIA bideo amateurren lehiaketako lehen lanak ikusgai

Lehiaketan parte hartzeko epea apirilaren 24an amaituko da, baina orain arte aurkeztu diren bideoak dagoeneko lehiaketaren webgunean ikusgai daude: www.onzientzia.tv

Sari hauek jasoko dituzte lehenengo hiru sailkatuek: 3.000 € lehenengoak, 1.500 € bigarrenak eta 1.500 € euskarazko lanik onenak. Gainera, bideorik onenak Teknopolis telebista-saioan ikusteko aukera izango da.

Edonork har dezake parte lehiaketa honetan, eta bideoen gaia librea da: norberaren edo besteren ikerketak, eztabaidak, zientziaren mugarriak, oinarrizko kontzeptuak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia, bitxikeriak…

Bideoek gehienez 5 minutuko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira. Helburua, publiko-mota guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea da.

Teknopolis zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako telebista-programaren barruan, Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatzen dute bideo amateurren lehiaketa.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

PRIMERAN! euskara ikasteko metodo berria aurkeztu da

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, HABEren eskutik, Hizkuntzako Europako Markoaren A1 eta A2 euskarazko oinarrizko mailen agiri akademikoak aitortuko ditu, Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) irakas-marko nagusian sartuz. Testuinguru horren barnean, maila horietako ikasleentzat Primeran! euskara ikasteko metodo berria aurkeztu du gaur HABEk Donostian, Elhuyar-en laguntza teknikoarekin egin duen ikasmateriala, hain zuzen. Aurkezpenean izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika, HABEko zuzendari Joseba Erkizia eta Elhuyar-ko zuzendari Leire Cancio.

HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak adierazi duenez, oinarrizko mailetan ikaste prozesua bizkortzeaz gainera, "A1 eta A2 mailako agiria ematearekin errekonozitu nahi dugu euskaraz oinarrizko maila eskuratzen dutenen ahalegina, ikasle asko baitago euskaltegietan euskara maila oinarrizko edo tarteko bat eskuratzeko helburua duena. Adibidez, ostalaritzan edo saltokietan lanean ari direnak, bilobekin oinarrizko komunikazio bat euskaraz izan nahi duten aiton-amonak, eta abar. Horrenbestez, oinarrizko maila horietan dauden ikasleek egiten duten ahalegina aitortu nahi da", gaineratu du zuzendariak.

Erkiziak azpimarratu duenez, "HEOC, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean Europako Markoaren sei mailak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) mugarri gisa jasoz, A1 eta A2 mailen aitortza akademikoa bultzatuko du HABEk".

Hori da gaur aurkeztu den ikasmaterialen gisakoak sortzeko arrazoi nagusia: "Hutsetik abiatzen den euskara-ikasleak hasierako urratsak eroso eta azkar egin ditzan; oinarrizko eta tarteko euskara-gaitasuna ahalik eta jende gehienaren eskura jartzeko", azaldu du Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. "Oinarrizko euskara batez jabetzeko aukera jarri nahi dugu herritarren esku, eta halaxe egiten ari gara, HABEren eta euskaltegien arteko elkarlanaren bitartez".

Sailburuordearen hitzetan, "herritar elebakarrak animatu egin nahi ditugu, euskarara hurbildu daitezen, euskararen ezagutza bat eskura dezaten. Hartara, euskararen munduak eta euskarazko kultura-ekoizpen aberatsa eskuragarri izango dituztelako. Elebitasunaren abantailez eta aberastasunak gozatu ahal izango dutelako.

Testuinguru horretan kokatzen da, beraz, gaur Donostian aurkeztu den Primeran! ikasmaterial berria. HABEren ekimen hori, Elhuyar-en laguntza teknikoarekin burutu da. "Material horiek taldean eta aurrez aurre lantzeko dira, eta 200 ordu inguruko ikas-prozesua aurreikusten dute, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta", nabarmendu du Joseba Erkizia HABEko zuzendariak.

Erkiziaren esanetan, "hartzaile potentzialei dagokienez, gaur euskaltegien sarean 5.140 pertsona heldu ari dira ikasten ikasmaterial hauei dagokien mailan, eta, jakina, material hau egokia da beste hainbat esparrutan ere euskara ikasten ari diren ikasleentzat (Hizkuntza Eskolak, euskal etxeak, kanpo unibertsitateetako irakurlegoak, irakaskuntza arautua eta abar)".

Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Canciok aipatu duenez, "Primeran! euskara ikasteko metodoa Elhuyarrek euskara ikasi edo landu nahi duten horiei eskainitako eskaintza osatzera dator. Gure zutabea hiztegiek osatzen dute: hiztegi elebidunak (euskara-gaztelania/castellano-vasco, euskara-ingelesa/English-Basque eta euskara-frantsesa/français-basque), bai paperean, baita sarean ere Elhuyarren webgunean. Hiztegi horiek guztiak, gainera, smarthphone eta tabletetan ere erabil daitezke".




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099