2013/09/20

Bertako sorkuntza zientifiko-teknologikoaren nazioarteko presentzia sustatzeko prozesu irekia abiatu du Basque Researchek

Hamar urteko ibilbidearen ondoren, Basque Research proiektua eraberritzeari ekin dio Elhuyarrek, helburutzat harturik Euskal I+G+B komunitatea indartzea eta bertako sorkuntza zientifiko-teknologikoaren nazioarteko presentzia sustatzea.
Eraberritze prozesua irekia izango da; bertako eta nazioarteko zientzia- eta teknologia-sistemako erabiltzaileen ekarpenak jasoko dira, eta modu jarraituan emango da aurrerapenen berri. Euskal I+G+B sarearen parte diren pertsonak integratzeaz gain, irekita egongo da ekarpenak egin nahi dituen ororentzat.
Lehenengo fasean diagnostiko lana egingo da. Horretarako, Basque Researchek 10 urtean jasotako datuen analisia, inkesta bidezko azterketa kuantitatiboa eta elkarrizketa kualitatiboak egingo dira. Izan ere, webgunetik haratago, euskal ikerketaren eta garapenaren komunitatea sendotzeko ekarpena egin nahi du Elhuyarrek. Informazioa modu eraginkorrago batean eskuratu eta eskaini ez ezik, harremanetarako eta lanerako tresna hobetu ere egin nahi dute.
Euskal I+G+Ba nazioartean kokatzeko lana indartu nahi dute, orobat, proiektuaren arduradunek. Izan ere, gaur egun, enpresa askok ikusten dute interesgarri eta estrategiko nazioarteko sareetan haien lanen inguruko albisteak zabaltzea, beren ikerketa-arloak indartzeko edo negozioetan nazioarteko harreman berriak lortzeko. Horretarako, Basque Researchek hitzarmenak sinatuta dauzka zientzia eta teknologia zabaltzeko nazioarteko webgune nagusiekin.

Prozesu irekia, komunikazio irekia
Abiatu berri den prozesuaren topagune izateko, blog berri bat sortu da: Basque Research Eraberritzen. Blog honetan, prozesuan gertatzen diren aurrerapausoen berri emango da. Horrez gain, alde batetik, jasotako datu kuantitatiboak bilduko dira. Eta, bestetik, adituekin berariaz egindako bideo-elkarrizketen erakusleiho izango da. Iritzia jasotzeko baliabide ere izan nahi luke blogak.


Basque Researchek 10 urte
Basque Research proiektua euskal ikerketaren sarea indartzeko bokazioz jaio zen, 2002an; ikerketa-agenteen arteko topagune gisa, elkarren berri emateko eta bertako zein nazioarteko kazetariei zerbitzu emateko jaio zen. Hala, unibertsitateetako ikerketa-taldeak, zentro teknologikoak eta enpresen I+G unitateak garatuz eta indartuz joan diren heinean, Basque Research webgunea ere hazten joan da, eta, euskal gizartean zientzia eta teknologiaren inguruko sarea osatuz joan ahala, webgunea ere sendotuz joan da.
Unibertsitateetako ikerketa-taldeek, zentro teknologikoek eta enpresen I+G unitateek kaleratutako albisteak herrialdean, estatuan eta munduan argitaratzen eta zabaltzen ditu Basque Researchek. Munduko herrialde guztietako 165.000 bisita inguru izaten ditu urtean. Informatzaile gisa, 350 eragile baino gehiago ditu erregistratuta, eta, harpidedunen artean, besteak beste, estatuko eta nazioarteko 200 kazetari baino gehiago ditu, bertako aurrerapen zientifiko eta teknologikoei adi. 2012an 525 albiste, 531 ekitaldiren berri eta 10 elkarrizketa argitaratu ziren www.basqueresearch.com webgunean; guztira, 1.066 eduki.





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario