2013/09/20

Elhuyar: aro berri baten hasiera

Berrogei urteko ibilbidea eginda jada, zenbait aldaketarekin hasi du 2013a Elhuyarrek: eguneratu egin du xedea, egokitu egin ditu negozio-unitateak, eta irudi korporatiboa, berriz, aldatu. Bestalde, azken hamar urteotan Fundazioko zuzendari nagusi eta lehendakari (Itziar Nogeras eta Jose Mari Rodriguez Ibabe, hurrenez hurren) izan direnen ordez, hauek jardungo dira aurrerantzean gure erakundearen gidari: Jose Mari Pitarke (Nanoguneko zuzendaria) izango da Elhuyar Fundazioko lehendakaria; Leire Cancio, berriz, zuzendari nagusia.

Prentsaurrekoan aurkeztu ditu Elhuyarrek, gaur eguerdian, hasi duen aro berri honen aldaketak eta xehetasunak. Aurrera begira jarri aurretik, Leire Cancio zuzendari nagusiak Elhuyarren jatorria eta 40 urteko bidea izan du gogoan: "Euskara ofiziala ere ez zen garaietan sortu ginen, ingeniari gazte batzuen ekimenez. Larunbatero elkartzen ziren, Donostiako lokal batean, testu-liburuak euskaratzera. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak babesa eman zion talde hari, hastapen-garai haietan. Beraz, ez da kasualitatea Euskaleerriaren Adiskideen Elkartearen Bergarako egoitzan wolframioa isolatu zuten Elhuyar anaien izena hartzea taldeak".

Aurrera begira jarrita, aro berri honetarako Elhuyarren xedea aurkeztu du Leire Canciok: "Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu". Horrekin batera, xede hori gauzatzeko Elhuyarrek zein unitate izango dituen azaldu du.

Hizkuntza eta Teknologia:
Elhuyarren Hizkuntza zerbitzuek eta Elekak bat egin dute, unitate bakarra osatuz. Besteak beste, hiztegigintza eta itzulpen-zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta hizkuntza-teknologiak ikertzeko I+G unitatea dute oinarri. Josu Aztiria da unitate honen arduraduna.

Zientzia:
Zientzia eta teknologia gaiak euskaraz dibulgatzen dihardu unitate honek, eta besteak beste, Teknopolis telebista saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa eta Elhuyar aldizkaria ekoizten ditu. Ezin aipatu gabe utzi Basque Research edo Zientzia.net webguneak ere, erreferentziazkoak, biak ere, zientziaren eta ikerketaren euskarazko dibulgazioan. Maria Gil da unitate honetako arduraduna.

Aholkularitza:
Lan-mundua euskalduntzen jarduten da. Metodologia oinarri, berdintasun-planak ere gidatzen ditu, eta Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresen artean dago. Euskara-planez gain, hizkuntza-planak ere garatzen ditu, nazioarteratze- prozesuan dauden enpresentzako baliagarriak. Aizpea Otaegi da unitate honen koordinatzaile nagusia.

Komunikazioa:
Komunikazio-zerbitzuak eta zientzia-alorreko zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu. Manex Urruzolak gidatzen du unitate hau.

Horiek guztiak azaldu ondoren, Leire Canciok Elhuyarreko lehendakari berria aurkeztu du, Txema Pitarke, eta honi eman dio hitza. Pitarkez adierazi duenez, bere ibilbidea eta bokazioa erabat datoz bat Elhuyarren xedearekin: "Nire bokazioa ikerketa zientifikoa da, batetik; bestetik, euskaltzalea naiz. Beti saiatu izan naiz zientziaren nazioartekotasuna euskararen sustapenarekin lotzen; beraz erabat egiten dut bat Elhuyarren xedearekin".

Azkenik, txalotu egin du Pitarkek Elhuyarren hausnarketa-prozesua: "Hausnarketa egiteko garaia zen, eta aro berria hastekoa. Etorkizun oparoa du Elhuyarrek; horretaz zalantzarik ez dut.

Txema Pitarke  eta Leire Cancioren curriculum laburtuak

Jose Maria Pitarke

Jose Maria Pitarke Bilbon jaioa da, 1960an. Zientzia Fisikoetan doktorea da. Fisikan lizentziatu zen, 1982an (UPV/EHU), eta doktoregoa 1990ean eskuratu zuen, UPV/EHUn, Pedro Migel Etxenikeren zuzendaritzapean, tunel-espektroskopiaz eta solidoetako elektroi- eta fotoi-emisioaz egindako ikerketa-lanarengatik (aldi berean euskaraz eta ingelesez aurkeztutako lehen tesia izan zen). Ondoren, Estatu Batuetako Oak Ridgeko Laborategi Federalean aritu zen, Rufus Ritchieren taldean.

1993an, UPV/EHUko irakasle titular bilakatu zen, eta Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan nahiz Londresko Imperial Collegen seihileko sabatikoak egin zituen.
2000.az geroztik, UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da. Haren ikerketa-gaien artean, azpimarratzekoak dira materia kondentsatuaren teoria, solidoetako eta nanoegituretako elektroi anitzen elkarrekintza, nanoegituren eta partikula kargatuen arteko elkarrekintza eta nanofotonika. 2005az geroztik, Cambridgeko Unibertsitateko Churchill Collegeko By-Fellowa da.

2006an, nanoGUNE ikerketa-zentroko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, harrezkeroztik, kargu horretan dihardu, unibertsitateko bere eginkizunak alde batera erabat utzi gabe. 2010ean, Graphenea enpresa sortu zuen, eta administrazio-kontseiluko idazkaria da harrezkero.

2012ra arte, 110 artikulu argitaratu ditu fisikako nazioarteko aldizkari espezializatu garrantzitsuenetan, eta nazioarteko konferentzia askotan jardun da, gonbidatu zein hizlari. 2.500 aldiz aipatu izan dira Pitarkeren artikuluak nazioarteko aldizkari espezializatuetan.

Euskalgintzarekiko harremana ere aspaldikoa du. Izan ere, 1981-1987 bitartean, euskara-irakasle izan zen Labayrun, eta, 1984-1987 bitartean, Labayruko Euskara sailaren arduraduna izan zen. UEUrekin ere harreman estua izan du: 1982-1992 bitartean, irakasle izan zen Udako Euskal Unibertsitatean, eta 1990eko hamarraldian UEUko Fisika sailaren arduraduna izan zen.

Bestalde, 1983-2010 bitartean, EGAko Azterketa Batzorde ofizialeko kide izan da. Euskaltzaindiaren "B" agiriaren jabe da. 1984az geroztik, Fisika irakatsi du —euskaraz— EHUn (Fisika Orokorra, Fisikaren Oinarriak eta Fisika Kuantikoa irakasgaiak).

Euskaraz egindako ikerkuntzaren Azkue Saria irabazi zuen 1990ean; 1991n, berriz, Eusko Ikaskuntzaren Agustin Zumalabe ikerkuntza-beka. Fisikari buruzko hainbat hitzaldiak eman ditu, euskaraz, eta zenbait lan argitaratu ditu euskarazko hedabideetan eta argitaletxeetan: Udako Euskal Unibertsitatean, EHUko Ekaia aldizkarian, Eusko Ikaskuntzan, Jakin aldizkarian, RIEVen eta beste zenbaitetan. Itzulpengintzan ere aritua da.

Elhuyarren, berriz, 20 urtetik gorako lankidetza-harremana du. 1991-2009 bitartean, hainbatetan kolaboratu du Elhuyar aldizkariarekin, eta Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan ere hartu zuen parte, 2009an; "Nanozientzia eta nanoteknologia" artikulua idatzi zuen, Igor Campillorekin batera. Elhuyarrek telebistarako egiten duen Teknopolis programan eta Elhuyarrek Euskadi Irratirako egiten duen Norteko Ferrokarrilla irratsaioan ere hartu izan du parte. Horrez gain, CAF-Elhuyar sarietan epaimahaikide izan da 2009an, 2010ean eta 2011n.


Leire Cancio

Ekonomia eta enpresa-zientzietan lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatea), Marketin espezialitatean. Horretaz gain, Psikologian Lizentziatua da (UNED) eta kazetaritza ekonomikoan espezialista-ikastaroa egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Kultura-kudeaketako espezialista-ikastaroa ere egin zuen, Bartzelonako UOCen. 2002tik da Elhuyarreko kide, eta 2007tik aurrera marketin-zuzendari lanetan aritu da, Elhuyar Fundazioaren merkatu- eta komunikazio-estrategia lantzen. Basque Research euskal ikerketaren webgunea diseinatzen eta garatzen ere aritu zen.
 





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario