2013/09/20

Herritarrek pentsatzen dute zientziak eta teknologiak gastu publikoaren lehentasun nagusietako bat izan behar luketela

Euskal Herriko biztanleek pentsatzen dute zientzia eta teknologiaren inbertsioaren eta garapenaren helburuak izan behar lukeela Europako herrialde aitzindarien parera iristea. Hala erakutsi du Elhuyarrek 2012. urtean UPV/EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin batera egindako "Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz duen ikuspegiaren ikerketa 2012" ikerlanak.
Azterketa horren helburua izan da euskal gizarteak zientziaz eta teknologiaz 2012an zuen iritzia neurtzea eta haren diagnostikoa egitea. Era berean, euskal gizarteak zientziaz eta teknologiaz duen iritziak zer bilakaera izan duen aztertu da, 2008ko datuekin alderatuz.
Ikerketaren emaitzak gaur goizean aurkeztu dituzte UPV/EHUren Bilboko egoitzan azterketaren arduradunek: Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak, Miren Begoñe Urrutia Barandika Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendariak, Juan Ignacio Pérez UPV/EHUko Kultura zientifikoko katedraren arduradunak eta Maria Gil Elhuyarreko Zientzia Unitatearen zuzendari eta azterketaren koordinatzaileak.

Azterketak bi ikuspegi hartzen ditu, kualitatiboa eta kuantitatiboa. Alderdi kualitatiboan 15 talde-dinamika egin dira, eta alderdi kuantitatiboan Euskal Herri osoko 1.258 lagunek parte hartu dute.

Ikerketa kuantitatiboa
Azterketa kuantitatibotik ondorioztatzen denez, lautik hiruk ikusten du zientziak eta teknologiak desabantaila baino abantaila gehiago ekartzen dituztela. Modu batera edo bestera zientziari eta teknologiari lotuta dauden lanbideak begi onez ikusten dira. Ikertzailearen lanbidea erakargarri gertatzen da, eta pertzepzioa da horretan diharduenak gogobetetze pertsonal handiagoa duela ekonomikoa baino.
Interesari dagokionez, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa % 11 igo da 2006az geroztik, eta handiagoa da gazteenen artean (15-29 urte).
Zientziari eta teknologiari buruz duten informazio-maila erdi-mailakotzat" jotzen dute. Hala ere, horri buruzko balorazioa 2006koa baino hobea da.
Zientziari eta teknologiari buruzko informazioa Interneten eta telebistaren bidez jasotzen da, nagusiki (Interneten garrantzia nabarmen igo da 2006tik hona, % 33) eta idatzizko komunikabideek pisua galdu dute. Zientziari eta teknologiari buruz informatuta daudela gehien uste dutenak 29 urtetik beherakoak dira.
Europar Batasunarekiko posizioari dagokionez, pertzepzioa da esparru zientifiko eta teknologikoan Espainia atzeratuta dagoela Europar Batasunaren aldean. Zenbat eta gazteagoa izan, hainbat handiagoa da Espainia atzeratuta dagoelako pertzepzio hori. Ikuspegi horretan oinarrituta, ulertzekoa da instituzioek ikerketa zientifiko eta teknologikora baliabide gehiago bideratzea aldeztea. Ideia horrek aldeko gehiago ditu beren burua ezkertiartzat duten pertsonetan, baita ikasketa-maila altuagoa dutenetan ere. Herritarrek uste dute zientziak eta teknologiak gastu publikoaren lehentasun nagusietako bat izan behar luketela. 2006ko datuekin alderatuz gero, % 18 hazi da uste hori. Ikerketa-instituzio eta erakundeetan herritarrek duten konfiantza-maila altua edo oso altua dela esan genezake, eta, betiere, jarduera politikoan, Administrazioan, enpresa pribatuan edo beste zenbait elkartetan dutena baino handiagoa.

Ikerketa kualitatiboa
Ikuspuntu kualitatibotik, Euskal Herriko biztanleek pentsatzen dute zientzia eta teknologiaren inbertsioaren eta garapenaren helburuak izan behar lukeela Europako herrialde aitzindarien parera iristea.
Duela lau urte azpimarratzen zen ikerketa zientifikoa aurrekontu publikoen mende zegoela; gaur egun, berriz, krisi ekonomikoak inbertsioan, lan-baldintzetan eta ikerketa zientifiko eta teknologikoaren alorreko etorkizuneko aukeretan dituen ondorioetan jartzen du arreta diskurtsoak. Diskurtso sozialak talentuen iheserako arriskua aipatzen zuen; gaur egun, ordea, pertzepzioa da benetan gertatzen ari dela eta, gainera, etorkizunari begira joera hori finkatzeko arriskua dagoela. Egun, zientzia eta teknologiaren lehentasunei buruzko erabakiak hartzean komunitate zientifikoak zein herritarrek modu aktiboagoan parte hartzea eskatzen da.

Adierazpenak
Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia.
Hezkuntza formalak egituratzen du zientziaz eta teknologiaz dugun pertzepzioa. Gazteenek bere burua jantziago ikusten dute. Horrek pentsarazten du zientziari eta teknologiari buruz dugun pertzepzioa hezkuntzan jasotakoarekin oso lotuta egon daitekeela. Kezka da zer gertatzen den hezkuntza formala amaitzen denean. Etena gertatzen da. Agian komunikazioak ez du eragiten. Etena gertatzen da interesean eta ezagutza jasotzean.
Komunikazioan aritzen garenok ez dugu asmatu komunikazioaren diskurtsoan. Adibidez, arteak asmatzea lortu du beste klabe batzuekin (pertsonak, sormena,...).

Miren Begoñe Urrutia Barandika, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria
Inbertsioak ezinbestekoak dira, eta oso garrantzitsua da hori herritarrei helaraztea. Eragin zuzena duenak baldintzatzen du interesa. Horregatik, erakargarriak dira osasuna eta ingurumena. Jendeak eskatzen du gizartea hobetzen laguntzea. Ahalegina egin beharko da gainerako gaiekiko interesa pizteko, baina poztekoa da interes handiena dutenak eta beren burua jantzienen artean dutenak gazteak izatea.
Ikerketaren egoeraz jendeak duen pertzepzioa magnifikatuta dago. Egoera orokorraren isla da, eta ez horrenbeste gertatzen denarena. Objektiboki, egoera hobea da.

Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendaria
Emaitzarik interesgarrienetako bat da ikustea Internet dela informazioa jasotzeko iturrien artean gora egin duen bide bakarra; batez ere, jende gazteenaren, hobekien prestatua dagoenaren eta egoera soioekonomikorik onena duenaren artean, eta hori oso garrantzitsua da. Katedrak denbora asko eskaintzen dio Internet bidezko zabalkundeari. Blogek, Wikipediak, sare sozialek... gero eta toki zabalagoa hartzen dute. Erabiltzen ez dituenak lau urte barru ez du zer eginik izango.
Dibulgazioak ez du kultura sortzen. Kultura irakaskuntzan sortzen da, hori da irakaskuntzaren ardura. Sustatze-lanean ari garenok zientziaren balioen transmisioan jardun behar dugu, eta ez hainbeste ezagutza transmititzen. Zirimiri fin bat izan dadila, zientziaren aldeko diskurtso publiko bat sortzeko. Euskadin zientziaren aldeko diskurtso bat sortu da, lehen ez zegoena, eta ideologia ukitzen ari da.


Ikerketa osoa





ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario