2013/09/20

Ilargiaren eraginpean banatu ditugu 2012ko CAF-Elhuyar Sariak

Ilargiaren eraginpean banatu ditugu gaur arratsaldean zientzia- eta teknologia-dibulgazioko CAF-Elhuyar Sariak. Ekitaldiak iraun bitartean ilargi betea izan dugu urruneko lekuko, eta badirudi bat egin nahi izan duela ekitaldiarekin. Izan ere, ekitaldiaren aurkezle Ana Galarragak gogoratu digun bezala, "Lurrak Ilargia erakartzen duen bezalaxe, Ilargiak Lurra erakartzen du. (…) Ilargiak Lurrean mareak sortzen dituen bezalaxe, Lurrak ere Ilargian mareak sortzen ditu". Eta, CAF-Elhuyar Sarien 2012ko edizio honetan, Eragin elkarrekintza! izan dugu lelo, elkarreragina eta elkarlana ardatza.

Gauzak horrela, Maider Yabar dantzariak ilargiarekin egin du dantza ekitaldiaren hasieran, Usurbilgo frontoiaren sabaitik zintzilikatuta biak: bai gure logoko ilargia, bai Maider bera. Ekitaldiaren erdigunean izan dugu ilargia, beraz; hain zuzen ere, Elhuyarrek hasi berri duen aroan logoan duen irudia: hazten ari den ilargi bat, babesten gaituena, baina inguruan eragitera behartzen gaituena.

Gainera, geure hitzen jabe egin, eta, lehenbiziko aldiz, ekitaldia Usurbilgo herrira eramatea erabaki dugu, Usurbilgo herritarrekin eta gure inguruarekin elkarlana eta elkarreragina bultzatzeko. Hartara, Usurbilgo Mikel Laboa plazan hasi da ekitaldia, 18:00etan, eta Sutegi kultura-etxean banatu ditugu sariak, 18:30ak aldera.

Aurtengo edizioa, gainera, berrikuntzekin etorri da. Izan ere, kategoria berri bat gehitu zaie ohikoei: Zientzia Gizartean Sorkuntza Beka. Horren bidez, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarreragina sortuko duten proiektuei laguntzea dugu helburu. Beka honen irabazleak 5.000 € jasoko ditu proiektua garatzeko.

Hauek izan dira kategoria guztietako irabazleak:

Zientzia Gizartera sorkuntza-beka
Izenburua:
Balio berriz balio
Egileak:
• Arlette Apraiz Eizagirre (Gernika-Lumo, 1978). Psikologoa, Psikologia Klinikoa eta Osasuna masterra ikasten.
• Doltza Oararte Torrealdai (Gernika-Lumo, 1977). Zientzia Politikoetan lizentziaduna, Analisi Politikoko espezialitatea ikasten.
• Jaione Ortiz de Zarate (Gernika-Lumo, 1989). Arkitekturako ikaslea eta Taller de musics goi-mailako musika-eskolako ikaslea eta musikaria.
• Maider Amutio Izagirre (Gernika-Lumo, 1982). Ingeniaritza kimikoan doktorea, EHUko ikertzailea garapen jasangarriaren alorrean.
• Nerea Andres Arribalzaga (Gernika-Lumo, 1984). Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna, Hamaika Telebistako langilea alor horretan.
• Oihane Enbeita Gardoki (Gernika-Lumo, 1978). Antzezlea eta bertsolaria, gorputz-adierazpenaren arloa aztertzen ari da.
Saria: 5.000 euro aurkeztutako proiektua gauzatzeko.

Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuei laguntzea da kategoria honen helburua. Era askotako proiektuak aurkeztu dira: artistikoak, soziologikoak... Haietako asko, oso interesgarriak; beraz, epaimahaiarentzat ez da erraza izan erabakitzea zer proiekturi eman laguntza-beka. Dena dela, aukeratutako proiektuak ondo betetzen ditu aurkeztutako lanak baloratzeko irizpide guztiak, epaimahaiaren iritziz: bereziki, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza bilatzean, diziplinartekotasuna bultzatzean, interes sozialean eta erakargarritasunean.

Bestalde, epaimahaiak begi onez ikusi du proiektua talde-lanean oinarrituta egotea, eta, talde-kideak herri berekoak izanik, hain eremu desberdinetakoak izatea.

Elhuyarren zuzendari nagusi Leire Canciok eman die saria.

Zientzia-kazetaritzaren arloko saria
Izenburua:
"Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa"
Egilea: Gorka Zabaleta Lopetegi (Zumaia, 1973). Kazetaria Zumaiako Baleike herri-aldizkarian.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Zabaletak CERNeko fisikari Angel Urangari egindako elkarrizketa jaso du artikuluan. Zumaiako Baleike herri aldizkarian argitaratu zuen 2012ko urrian. Epaimahaiari aipagarria iruditu zaio "gaurkotasunari erantzuteko egindako ahalegina, protagonista egokia aukeratzean erakutsitako zorroztasuna eta herri-aldizkari batek zientzia-gaiak zabal lantzea".

CAFeko euskara-arduradun Joxe Begiristainek eman dio saria Gorka Zabaletari. Iaz ere Zabaletarentzat izan zen arlo honetako saria, orduko hartan Baleiken argitaraturiko Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua artikuluagatik.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria
Izenburua:
Ijitoen jatorria, DNAn islatua
Egilea: Isabel Mendizabal Ezeizabarrena (Tolosa, 1981). EHUn egin zuen Biologiako ikasketetako lehen zikloa, baina Bartzelonako Universitat Pompeu Fabran amaitu zituen ikasketak, osasun-biologia espezialitatean.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Arlo honetan epaimahaiak aho batez erabaki du sariduna, honako arrazoiengatik: "Artikuluan landutako gaia berez da interesgarria, baina egileak erakargarri egitea lortu du. Oso ondo uztartu ditu testuingurua eta berak antropologia molekularrean egindako ikerketa. Gainera, bere ikerketaren emaitzak ez ezik, hizkuntzalarienak ere aintzat hartu ditu, eta, hala, artikulu benetan mamitsua osatu du."

Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatearen Biologia Ebolutiboko Unitatean egin du tesia Mendizabalek. Saria EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile Arturo Elosegik eman dio.

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria
Izenburua:
Galaxiek topo egiten dutenean
Egilea: Miguel Querejeta Perez, (Donostia, 1989). Fisikan lizentziadunua, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), ezohiko sariarekin. Astronomiako Max Planck Institutuan ari da egiten doktoretza, Alemanian, galaxien dinamikari buruz.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Epaimahaiak aitortu duenez, atal honek eman die buruhauste gehien. Izan ere, "lan asko aurkeztu dira, eta batzuk oso onak". Dena dela, Querejeta saritzea erabaki dute "gaia berria izan arren, eta edukia maila altukoa, modu errazean aurkeztea lortu duelako egileak. Horretarako, batzuetan, bere buruari egindako galde-erantzunak baliatu ditu, adibidez, "Nork ez ditu idatzi txikitan mezu sekretuak limoi-zukua erabiliz?" Edo "Nola izan daiteke milaka milioi izarrez osatutako bi astro erraldoi batzea, prozesu horretan izar-pare batek ere elkarri jo gabe?".

Elhuyar Zientzia unitatearen arduradun Maria Gilek eman dio saria Querejetari.

Merezimendu Saria
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea


Erakunde honek 20 urte daramatza osasun-arloan euskararen normalizazioa bultzatzen, eta, gaur egunera arte, osasun-arloko ia 400 langile bildu ditu euskararen aldeko lanera: medikuak, erizainak, farmazialariak eta osasun-arloko bestelako langileak.

Karlos Ibarguren Olalde medikuak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen lehendakariak, jaso du saria Elhuyar Fundazioaren lehendakari Txema Pitarkeren eskutik. Pitarkek nabarmendu duenez, "Elhuyarren hanka berdinetan jartzen da zutik Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea: osasun-sarea eta euskara; edo, bestela esanda, zientzia eta euskara". Gainera, Pitarkeren esanean, "jatorria ere, antzekoa dugu: haien lan-eremua euskalduntzeko grina zutelako sortu zuten OEE mediku, erizain eta osasun arloko bestelako langileek; eta horrelaxe sortu zen Elhuyar ere duela 40 urte, beren ikas-alorrak euskaldundu nahi zituzten zientzialari eta ingeniari gazteen ekimenez. Asko partekatzen dugu bi erakundeok, eta askotan gurutzatu izan dira gure bideak". Izan ere, "Elhuyar aldizkariaren maketatzaileak, gure lankide Virjik, oraindik gogoan ditu aldizkarian argitaratzeko OEEko zenbait lagunek bidalitako artikuluak. Eskuz, eta mediku-letrarekin gainera. Biratu papera alde batera, biratu bestera, eta halako batean asmatu non hasten zen eta non bukatzen zen artikulua. Komeriak komeri, hortxe genituen OEEko lagunak, beren jakintza herritarrekin partekatzeko prest, gizartea zientzia-gaietan hezteko bokazio garbiarekin; eta euskarak eremu hori ere konkistatu behar zuela sinetsiz. Kontsulta, ebakuntza-gela, ospitale… ordu luzeak bukatu eta bokazioa eta militantziari helduz, beti bezain fin, herritarrentzat artikuluak idazteko lanari ekiten zioten".

Bestalde, Bertso-saio klinikoak edo medikuntza-gaiak euskaraz dibulgatzeko Agote Sariak goraipatu zituen Pitarken bere hitzetan.

Bi epaimahaik ebatzi dituzte saridunak
Bi epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Zientzia Gizartean Sorkuntza Bekara aurkeztutako lanak honako pertsona hauek epaitu dituzte:
• Josu Rekalde Izagirre, EHUko Arte Ederren Fakultatekoa, Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria.
• Koldo Almandoz, The Balde aldizkariaren zuzendaria. Ikus-entzunezkoetan aditua, bai sortzaile eta bai zuzendari gisa.
• Mari Gil, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna.

Gainerako kategorietara aurkeztu diren lanak, berriz, honako lagun hauek epaitu dituzte:
• Marian Iriarte, kimikaria, EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea.
• Arturo Elosegi, ekologoa, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea.
• Txema Ramírez de la Piscina, kazetaria, Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza Fakultateko irakaslea, kazetaritza espezializatuaren arloan.
• Jose Mari Rodriguez Ibabe, CEITeko ikertzailea eta Elhuyar Fundazioko lehendakari ohia.
• Leire Cancio Orueta, Elhuyarren zuzendari nagusia.




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario