2013/09/24

KulturaZientifikoa sarean, euskal zientzialarien sarea osatzeko

Duela 230 urteko irailean, Elhuyar anaiek jakitera eman zuten Wolframioa isolatzea lortu zutela Bergarako Mintegian. Elementu bat gehiago taula periodikorako, ospea euskal zientzialarientzako eta Bergarako Mintegiarentzako. Efemeride hori gogoan, datorren asteazkenean, irailaren 25ean, 09:00etatik 00:00ak bitartean, sare sozialetan Kultura Zientifikoa zabaltzen jardungo gara euskal zientzia sareko eragileok. Modu horretan, euskal gizarteari erakutsi nahi diogu bagarela, eta bagaudela: Euskal Herrian ere puntako ikerketak, ikertzaileak eta dibulgatzaileak ditugula, alegia. Horrekin batera, gure artean sarea osatzea ere badugu helburu, elkarlanerako bideak jorratzen hasteko eta guztion indarrak eta ahaleginak metatzeko.

Euskal tuitelari talde batek bultzatu du ekimen hau eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoa Katedra, Elhuyar Fundazioak, UEUk, Iruñeako Planetarioak eta beste askok hartuko dugu parte. KulturaZientifikoa traola erabilita, gai horrekin zerikusia duten txioak zabalduko ditugu Twitter-en bidez. Txio hauetan, gaiari lotutako estekak, argazkiak, bideoak etab. zabalduko dira (adibideak ikusteko, sakatu hemen)

Jakintza arlo guztietako (Zientziak, Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta abar) gaiak jorratu nahi ditugu, eta, era berean, Kultura Zientifikoak hezkuntzan eta gizartean duen garrantzia azpimarratu nahi genuke. Hori dela eta, unibertsitate zein institutoetako irakasleak zein ikasleak, ikertzaileak, komunikazio-zientifikoan lanean ari direnak, erakundeak, eta oro har, nahi duenak parte hartzera gonbidatzen ditugu.

Anima zaitezte ekimen honetan parte hartzera, zure ezagutzak, laneko kontuak eta iritziak Twitter-eko komunitate euskaldunarekin partekatzera. Irailaren 25ean sarean topatuko gara!


Ekimenaren inguruko informazio gehiago hemen duzue eskuragarri: http://kimikakuantikoa.blogspot.com.es/2013/09/kultura-zientifikoa-twitter-en-ii.html 

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario