2013/09/20

PRIMERAN! euskara ikasteko metodo berria aurkeztu da

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, HABEren eskutik, Hizkuntzako Europako Markoaren A1 eta A2 euskarazko oinarrizko mailen agiri akademikoak aitortuko ditu, Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) irakas-marko nagusian sartuz. Testuinguru horren barnean, maila horietako ikasleentzat Primeran! euskara ikasteko metodo berria aurkeztu du gaur HABEk Donostian, Elhuyar-en laguntza teknikoarekin egin duen ikasmateriala, hain zuzen. Aurkezpenean izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika, HABEko zuzendari Joseba Erkizia eta Elhuyar-ko zuzendari Leire Cancio.

HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak adierazi duenez, oinarrizko mailetan ikaste prozesua bizkortzeaz gainera, "A1 eta A2 mailako agiria ematearekin errekonozitu nahi dugu euskaraz oinarrizko maila eskuratzen dutenen ahalegina, ikasle asko baitago euskaltegietan euskara maila oinarrizko edo tarteko bat eskuratzeko helburua duena. Adibidez, ostalaritzan edo saltokietan lanean ari direnak, bilobekin oinarrizko komunikazio bat euskaraz izan nahi duten aiton-amonak, eta abar. Horrenbestez, oinarrizko maila horietan dauden ikasleek egiten duten ahalegina aitortu nahi da", gaineratu du zuzendariak.

Erkiziak azpimarratu duenez, "HEOC, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean Europako Markoaren sei mailak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) mugarri gisa jasoz, A1 eta A2 mailen aitortza akademikoa bultzatuko du HABEk".

Hori da gaur aurkeztu den ikasmaterialen gisakoak sortzeko arrazoi nagusia: "Hutsetik abiatzen den euskara-ikasleak hasierako urratsak eroso eta azkar egin ditzan; oinarrizko eta tarteko euskara-gaitasuna ahalik eta jende gehienaren eskura jartzeko", azaldu du Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. "Oinarrizko euskara batez jabetzeko aukera jarri nahi dugu herritarren esku, eta halaxe egiten ari gara, HABEren eta euskaltegien arteko elkarlanaren bitartez".

Sailburuordearen hitzetan, "herritar elebakarrak animatu egin nahi ditugu, euskarara hurbildu daitezen, euskararen ezagutza bat eskura dezaten. Hartara, euskararen munduak eta euskarazko kultura-ekoizpen aberatsa eskuragarri izango dituztelako. Elebitasunaren abantailez eta aberastasunak gozatu ahal izango dutelako.

Testuinguru horretan kokatzen da, beraz, gaur Donostian aurkeztu den Primeran! ikasmaterial berria. HABEren ekimen hori, Elhuyar-en laguntza teknikoarekin burutu da. "Material horiek taldean eta aurrez aurre lantzeko dira, eta 200 ordu inguruko ikas-prozesua aurreikusten dute, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta", nabarmendu du Joseba Erkizia HABEko zuzendariak.

Erkiziaren esanetan, "hartzaile potentzialei dagokienez, gaur euskaltegien sarean 5.140 pertsona heldu ari dira ikasten ikasmaterial hauei dagokien mailan, eta, jakina, material hau egokia da beste hainbat esparrutan ere euskara ikasten ari diren ikasleentzat (Hizkuntza Eskolak, euskal etxeak, kanpo unibertsitateetako irakurlegoak, irakaskuntza arautua eta abar)".

Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Canciok aipatu duenez, "Primeran! euskara ikasteko metodoa Elhuyarrek euskara ikasi edo landu nahi duten horiei eskainitako eskaintza osatzera dator. Gure zutabea hiztegiek osatzen dute: hiztegi elebidunak (euskara-gaztelania/castellano-vasco, euskara-ingelesa/English-Basque eta euskara-frantsesa/français-basque), bai paperean, baita sarean ere Elhuyarren webgunean. Hiztegi horiek guztiak, gainera, smarthphone eta tabletetan ere erabil daitezke".




ifttt
Put the internet to work for you. via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario