2013/10/30

Google Calendarren erabilerak

Zibergela

Google Calendar, hitzorduak jasotzeko lanabes bikaina da, baina gehiagorako ere balio dezake. Partekatze aukerek, bilaketek, denbora lerroa eta antzeko ezaugarriek sinplea baina ahaltsua den proiektua kudeatzeko tresna bihurtzen dute.

Aitor Aretxaga

@bekereke Bitarlan informatika eta web zerbitzuak

Behar bati erantzuteko pentsatu, diseinatu eta eraikitzen dira aplikazioak printzipioz. Ondoren, ustekabeko aldagaiek produktuaren azken erabilera eralda dezakete. Adibidez, egoera batzuetan, tresna baten funtzioak sortu zenekoa izateari uzten dio, eta erabiltzaileek emandako erabilpenak ordezkatzen du. Bereganatu, nahi denerako erabili eta gauza berri interesgarriagoak lortzeko joera erakusten du kontsumo digitaleko komunitateak. Era honetan, ordainduta eros daitezkeen proiektu kudeatzaileak bezainbesteko zerbitzua eman dezake Google Calendarrek.

Google Calendar ere, berez, eguneroko egitekoak gogorarazteko balio duen doako egutegia da, baina, era berean, edozein proiektu kudeatzaile ordezkatzeko balio dezakeen alternatiba sinple eta ahaltsua da. Googleren gainontzeko hodeiko bulegotika aplikazioen gisara, sarbidea lortzeko nahikoa da Gmail kontua edukitzea, eta bilatzailean jarrita aurkitu.

Partaide askoren lankidetza posible egiten duen heinean, Google Calendar baliagarria suertatuko zaio taldeak eta proiektuak txukun kudeatu nahi dituen orori. Horrela, denbora lerroak, entregatze-datak, nahiz bestelako datu esanguratsuak kontrolatzeko eta bezeroekin partekatzeko balio dezake. Era berean, hezkuntzan, lan munduko bizipenak simulatzeko ere oso erabilgarria da. Hala, bada, zeregin baten epeak eta faseak zehazteak garrantzia duenerako, oso tresna baliagarria izan daiteke lana antolatzeko eta planifikatzeko orduan.

Etekina ateratzeko jarraibideak

Sortu egutegi bat proiektu bakoitzeko. Egutegiak izendatzeko orduan, komenigarria da proiektu bakoitzaren urtea haren izenarekin batera adieraztea. Izendegi egokia erabiltzeak horietako bakoitzaren sailkapena eta bilaketa erraztuko dituelako.

Egutegi hori partekatu. Proiektuko partaideekin partekatu egutegia. Bezero edo irakaslearekin ere parteka daiteke, epeen berri izan edo jardueren jarioaren jarraipena egitea beharrezko balitzaie.

Denbora lerroa atazekin osatu. Jarri egitekoak egutegian, itxarotako hasiera eta amaiera datekin. Horrekin, informazio xehez osatutako proiektu denbora lerroa bihurtuko da egutegia.

Bezeroen sarbidea kudeatu. Litekeena da informazio guztia denen bistara jarri nahi ez izatea. Google Calendar ez dago prestatuta horri erantzuteko. Hala ere, lasterbide gisa egutegiaren kopia bat egin daiteke, informazio tekniko gutxiago eta orokorragoa sartuz.

Arazoak eta ustekabeak kudeatu. Planifikazioek atzerapenak eta ustekabeak izaten dituzte halabeharrez. Arazoren bat ageri denean, beste ataza bat sortu egun guztirako iraupenez. Kideek ikusi ahalko dute, eta hori konponduko dute edo aintzat hartuko dute, behinik behin. Egun horretan konpontzen ez bada edo eraginak jarraitzen baldin badu, klik egin, eta hurrengo egunera arrastatu daiteke ataza.

Erabili hashtag '#'. Google Calendarrek bilatzailea dauka, eta datu base bat bezala erabili daiteke. Egitekoei etiketak gehitzeak, aurretik egindako antzeko jarduerak berreskuratzea errazten du kontsulta egiteko orduan.

Informazioa esportatu. Hainbat formatutara esporta daitezke proiektuen egutegiak (PDF adibidez), eta momentuan txosten gisa jaso. Horretarako, egutegi baten gainean jarri, eskuineko gezia klikatu eta Egutegiaren Ezarpenak hautatu; Egutegiaren Helbidea ataleko HTML botoia sakatu, eta klik egin azaltzen den estekan; azkenik, inprimatzeko aurrebistan ageri den inprimagailuaren ikonoa aukeratu, eta Gorde Honela botoian emanda, prest egongo da PDF formatuan gordetzeko aukera.

Sakelakoan ohartarazpenak konfiguratzeko

Honetaz guztiaz gain, Google Drive aplikazioa erabili eta karpeta bat taldekideen artean partekatzea ere komenigarria da. Hor dauden dokumentu guztiak gonbidatzen diren partaide guztientzat eskuragarri egoteko balioko baitu.

Are gehiago, lankidetzarako prestatuta dagoenenez, dokumentu baten gainean elkarlanean eta aldi berean egindako eguneraketak ere denek jasoko dituzte berehala. Era horretan, dokumentuen bertsio ezberdinen arazoarekin amaitu daiteke.

Esandakoaz gain, proiektuaren egutegiaz etengabe eguneratuak egon nahi duten erabiltzaileek, telefonoan edota tabletan konfigura dezakete zerbitzua; hitzorduen, faseen edo epe mugen alertak jasoko dituzte. Google-ren laguntza orrialdean edo https://support.google.com/calendar/ helbidean zehazten dira pausoak, Egutegi bat nola inportatu, esportatu edo sinkronizatu atalaren barnean.



IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/28

Elhuyar anaien efektupean abiatu dugu CAF-Elhuyar sarien 2013ko edizioa

Elhuyar efektua = Sormena. Elkarlana. Dibulgazioa. Diziplinartekotasuna.


Elementu horiek osatzen dute Elhuyar anaiengandik jaso dugun ondare nagusia. Eta, aurten, Fausto eta Juan Jose Elhuyarrek Bergarako Mintegian wolframa isolatzea lortu zutenetik 230 urte betetzen direnean, uste dugu balio horiek nabarmentzea dela egin diezaiekegun omenaldirik onena. Alegia, Elhuyar efektua sortzea gizartean; edo, bestela esanda, sormena, elkarlana, dibulgazioa eta diziplinartekotasuna sustatzea. Horregatik, Elhuyar efektua izango du ardatz CAF-Elhuyar sarien 2013ko edizio honek.

Beraz, Elhuyar anaien efektupean, honako kategoria hauetarako deia egingo dugu CAF-Elhuyar sarien 2013ko edizioan:

Dibulgazio-artikulu originalak:
Dibulgazio-artikulu orokorrak: 2.000 €
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak: 2.000 €

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak: 2.000 €

Zientzia gizartean sorkuntza-beka: 5.000 €

Azken beka hori aurreko edizioan eman genuen lehen aldiz. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuei lagundu nahi die sariketak. Proiektuen izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan daiteke, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izan behar du haien muinak. Berriro ere hitzetik hortzera diziplinartekotasuna, sormena, elkarlana eta dibulgazioa.

Edozein diziplina artistiko, soziologiko edo zientifikotako proposamenak onartuko dira sariketara: ikus-entzunezkoak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu duten ikerketa zientifikoak, azterketa soziologikoak...

Eremu zientifiko-teknologikoa zentzu zabalean interpretatuko du autoreak edo autore-taldeak: kontzeptu zientifikoak, ikerketa, garapen teknologikoak, gertaera historikoak, etorkizunaren irudikapenak, erronkak, aurreiritziak, kezka sozialak, zalantza etikoak... izan litezke proiektuaren ardatz.
Lanak aurkezteko epea 2014ko urtarrilaren 31 arte dago zabalik. cafelhuyarsariak@elhuyar.com helbide elektronikora bidal ditzakezue lanak; edo, bestela, posta arruntez, Elhuyar Taldearen egoitzara: Zelai Haundi Kalea, 3. Osinalde industrialdea. 20170, Usurbil.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/24

Youtubek musika zerbitzu bat sortuko du, urtea bukatu baino lehen


Youtube musika: 2013. urtea bukatu baino lehen, Youtube bideo plataformak musika zerbitzu bat sortuko du, Spotfyrekin eta iTunes Radiorekin lehiatzeko.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

LANGUNEk, Hizkuntza Industrien Precluster Elkartea Euskal Herrian, sektoreari buruzko informazio saioa antolatu du Bruselan

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Etxepare Institutua eta bazkide diren Elhuyar eta Euskal Herriko Ahotsak enpresekin batera, Hizkuntza Industrien Precluster elkarteak, LANGUNEk, informazio saio bat antolatu du Bruselan, Euskal Herriko kultura eta hizkuntza sektorearekin lotuta dauden euskal instituzio nagusienak aurkeztu nahian.

Jardunaldia, Elebitasunetik eleaniztasunera, gure industria sarearen lehiakortasuna garatzeko gakoa lemapean ospatuta, eleaniztasunarekin eta hizkuntza industriekin lotura duten europar instituzio nagusiekin sektore estrategiko honen ageritasuna nabarmentzeko Euskal Herriko elkarte eta enpresetatik abian jarri dituzten praktika onak elkarbanatzea du helburu. Ekimena Europar Batasunak ezartzen ari den 2014-2020 programa eta finantzazio lerro berriekin bat egin du, Euskadiko hizkuntza industria sektorea Europar Batasunean kokatuz.

Jardunaldia Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkariarekin hasi da. Marta Marínek Europar Batasunak eleaniztasunaren auzian garatzen ari dituen ekimenak azaldu ditu, halaber, 2014-2020rako Europar Batasunaren etorkizuneko programazioa eta hizkuntza industria eta industria kultural eta sortzaileak hartzen ari diren pisua aipatu ditu.

Ondoren, Fernando Alana LANGUNEko zuzendari nagusiak elkartearen helburu nagusiena Euskal Herriko hizkuntza industrien garapena eta lehiakortasuna sustatzea dela adierazi du, "hazten ari den sektore estrategikoa gara, gure gizartean errotuta dagoena".

Halaber, Fernando Alanak adierazi duen bezala "uneoro aldatzen eta hazten ari den sektore bat gara, zorionez, hizkuntza produktu eta zerbitzuak ezinbesteko inbertsio bezala kontuan hartzen ari direlako, sortze, garapen, salmenta eta merkaturatze prozesu guztiak kanpo merkatura eramaterako garaian, beharrezkoa ez den gastu bat izan beharrean".

Ildo beretik, LANGUNEko Zuzendari Nagusiak aipatu du orainaldia hizkuntza desberdinetan informazioa kudeatzeko eta komunikatzeko gai diren enpresa eta profesional eleanitzek osatzen dutela lehiakorragoak izateko.

"Hemen Euskal Herriko Hizkuntza Industria berebiziko garrantzia hartzen du laguntza eta euskarri bezala, produktu eta zerbitzu desberdinen bitartez, edozein industria sektoreko enpresei, beraien komunikazio prozesuetan, bai barnekoak, bai kanpokoak, eleaniztasunaren kudeaketa eskainiz" esan du.

Era berean, Bruselan ospatutako jardunaldian Leire Canciok, Elhuyarreko Zuzendari Nagusiak, parte hartu du. Enpresa hau euskal Hizkuntza Industrien arteko nagusienetariko bat da eta LANGUNE Preclusterrako lehendakaritza du. Leire Canciok, bere elkarteko eboluzioa azaldu du, elebidun zerbitzuak eskaintzetik eleanitzak diren zerbitzuak eskaintzera.

Etxepare Institutuko Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloko Zuzendariak, Mari Jose Olaziregi, bertaratu diren guztiekin mundu osoan zehar euskal hizkuntza eta kultura zabaltzeko Institutuak burututako lana azaldu du. Atzerriko unibertsitateekin dituzten 36 hitzarmenak aipatu ditu, euskal hizkuntza eta kulturako klaseak ematen diren unibertsitateak, joaten diren hizkuntza feriak (Expolangues, London Language Show), literatur lanen itzulpenerako laguntzak, euskal idazleak sustatzen diren liburu azokak (Liber, Frankfurt, Guadalajara), etorkizuneko euskal hizkuntza eta kultura irakasleak trebatzeko burutzen diren ikastaroak Euskal Herriko Unibertsitatean ("Excellence in Basque Studies"), eleanitz argitalpenak (Colección Cultura Vasca, Colección Creadores Vascos), unibertsitateko ikasleentzat euskara ikasteko eskaintzen diren diru-laguntzak, eta irakurlegoetan kultura ekitaldiak programatzeko diru-laguntzak. Olaziregi doktoreak azpimarratu du Etxepare Institutuak dituen 40 gorako hitzarmenak Euskaltzaindia, Institut Ramon Llull edota Instituto Cervantes bezalako instituzioekin edo EIZIE, Basque Penn Club o LAF (Literatura Across Frontiers) bezalako elkarteekin.

Azkenik, Idoia Etxeberria eta Ainhoa Bernabe, Euskal Herriko Ahotsak-eko ordezkariak, aukeraz baliatu dira Ahotsak.com Euskal Herriko ahozko ondarea herri hizkerak bildu eta hedatzea helburu duen programa azaltzeko.

Informazio saioaz gain, LANGUNEko Zuzendari Nagusiak, Fernando Alanak, bere egonaldia urriaren 24an Bruselan Hizkuntza Industrien II Foru Europarrean parte hartzeko aprobetxatu du, industria sektore honekin lotura duen zerbitzu garapena eta profesionalen trebakuntzarako informazioa eta praktika onak elkarbanatuz.

Urte honetan ere, LANGUNE Preclusterrak Foruan parte hartzeak europar instituzioek Euskadiko hizkuntza industrien lana errekonozitu egiten dutenaren ondorio da, Europa mailan praktika ona bihurtuz. 2011an, LANGUNEk bere lehenengo harremanak finkatu zituen europar instituzioekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzarekin batera.

Alanak Euskal Autonomi Erkidegoan sektoreak duen garrantzia azpimarratu du, pasa den urtean 276 milioi euroko fakturazioa eduki duena, %1,8ko hazkundea jasan duena, 2011rekin alderatuta, 5.000 profesional ingururi enplegua eskainiz, zenbaki hauek Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 0,42a errepresentatzen dute. 2013an % 1eko inguruko hazkundea aurreikusten da.

Informazio saioaren antolaketarekin eta Hizkuntza Industriaren II Foru Europarrean parte hartzearekin, LANGUNEk, pausu bat gehiago ematen du Europa mailan hizkuntza industrien asoziazio-ordezkari eta bitartekari onarpenean; Estatu mailan aitzindari izateaz gain.


LANGUNE

Langunek Itzulpengintza, hizkuntzen irakaskuntza, eleaniztasunaren kudeaketa eta hizkuntza teknologia arloko 38 erakunde elkartzen ditu. Gipuzkoa Berritzen-Innobasque plataformaren barruan martxan jarritako lan talde batek ia bi urtez egindako lanaren ondorio gisa sortu zen 2010eko urtarrilean, Gipuzkoako Aldundiko Berrikuntzarako sailaren babesarekin.

2012an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak LANGUNEri Hizkuntza Industrien Precluster titulua eman zion, sektore estrategikoa Euskal Herriarentzat.

Bere helburua Euskal Herriko Hizkuntza Industrien garapena eta lehiakortasuna sustatzea da, elkarlanerako eta berrikuntzarako espazioak sortuz sektorea ageriago egingo duten eta bere balio erantsia handituko duten produktu/zerbitzuetan, teknologietan eta merkatuetan.

Aldi berean, LANGUNE nazioarteko erreferentzia clusterra izan nahi du, bere ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialerako, hizkuntza industrien erronkei aurre egiten duena.

Hori lortzeko, precluster Elkartetik 2014-2017 Plangintza Estrategiko berrian lanean ari dira, enpresen arteko, sektoreen arteko eta publiko-pribatuen arteko kooperazioa errazagoa izan dadila, ezarritako erronka estrategikoei aurre egiteko eta sektorearen ageritasuna nabariago egiten, industria honetako elkarteak mundu mailan kokatzeko eta bikaintasuna eta berrikuntzarako lan egiteko.


LANGUNE Elkarteko kideen zerrenda:

  • Ahotsak – Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea
  • Ametzagaiña
  • Artez Euskara Zerbitzua
  • Asmoz Fundazioa
  • Bakun Itzulpen eta Argitalpen Zerbitzua
  • Bilboko Merkataritza Ganbera / Cámara de Comercio de Bilbao
  • Bitez Logos
  • CodeSyntax
  • Egunea
  • Eizie – Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
  • Elduaien Hizkuntza Eskola-Academia de Idiomas
  • Elhuyar
  • Emun – Lana Euskalduntzeko Kooperatiboa
  • Hori Hori
  • IK4 Reserach Alliance (IK4-Tekniker eta Vicomtech-IK4)
  • Iametza Interaktiboa
  • Gipuzkoako Txinatar Institutoa / Instituto Chino de Gipuzkoa
  • Lacunza
  • Maramara* taldea
  • Mondragon Lingua
  • HUEZI – Mondragon Unibertsitatea
  • Pausumedia Elkartea (Bidasoa Media)
  • Rec Grabaketa Estudioa
  • Tecnalia Research & Innovation
  • Tisa
  • UPV/EHU: Cátedra UNESCO de Patrimonio Lingüísitico Mundial
  • UPV/EHU: DREAM Group
  • UPV/EHU: Dpto Lingüística y Estudios Vascos
  • UPV/EHU: Euskara Institutua / Instituto de Euskera
  • UPV/EHU: Gogo Elebiduna / La Mente Bilingüe
  • UPV/EHU: Grupo AHOLAB
  • UPV/EHU: Grupo IXA
  • UPV/EHU: PR and Speech Technology Group
  • Universidad de Deusto / Deustuko Unibertsitatea – DeustoTech (Internet)
  • Uzei, Terminologia eta Lexikografia Zentroa
  • Zubigune Fundazioa

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/23

Apple konpainiak iPad mini eta iPad Air berriak aurkeztu ditu


Apple ipad 5 eta ipad mini 2 berriak: iPad mini eta iPad Air aurkeztu ditu Apple-k, eta software politika aldatu du. Doako softwarearen aldeko apustua egin du.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/22

Ipad 5 eta Ipad mini berria: Mugarria ezarriko al du Applek?


Apple ipad 5 eta ipad mini '2' berriak: Applek gailuok aurkeztuko ditu 2013ko urriaren 22an. Lehiakideengatik ezberdinduko duen ezaugarriak izan beharko ditu.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/18

Windows 8.1 sistema eragilearen eguneratzea eskuragarri dago jadanik


Windowsen 8.1 bertsioa eskuragarri dago Microsoften online dendan, eta bihar iritsiko da saltokietara. Berrikuntzen artean, 'Hasiera botoia' berreskuratzea.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/17

Windows 8.1 eguneraketa eskuragarri dago jadanik


Windowsen 8.1 bertsioa eskuragarri dago Microsoften online dendan, eta bihar iritsiko da saltokietara. Berrikuntzen artean, 'Hasiera botoia' berreskuratzea.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

Elhuyar aldizkariko lunatikoak, bilduma batean

Ez, ez da zinemak hainbeste estereotipatu duen zientzialari-eroen bilduma bat. Zientzialari ausartak ezagutuko dituzu Egoitz Etxebeste Adurizen Lunatikoak. Zientziaren bidezidorretatik liburuan, bide berriak urratzeko ausardia izan zuten pertsonak. Egoitz Etxebestek berak hitzaurrean argitzen digun moduan, "bere garaian, ordea, lunatiko gisa ikusi zituzten askok. Bizitzari eta zientziari beste modu batez begiratzeko gaitasuna edo ausardia izan zutelako. Garaiko usteekin edo sinesmenekin bat ez zetozen aurkikuntzak edo proposamenak egin zituztelako. Beste inork lehendik urratu gabeko bidezidorrak, edo desberdina izateagatik egindakoak, edo emakume izateagatik itxita zituzten bideen ordez hartu behar izan zituztenak".

Horregatik lunatikoak, baina ez horregatik bakarrik. Izan ere, XVIII. mendeko zientzialari esanguratsuenetako batzuk ilargi beteko gauetan elkartzeko ohitura zuten; berandu egiten zitzaiela eta etxerako bidean argia izateagatik, batik bat. Kontua da elkarteari lunatikoen kluba deitu ziotela. Eta horixe da, hain zuzen, liburuaren lehen kapituluan jasotako kronika.


Hori eta beste 28 kronika bildu ditu Etxebestek liburuan. Kronika horiek guztiak Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko Istorioak atalerako idatzi zituen, eta orain kronologikoki bilduta aurkeztu dizkigu. Aldizkarian bezala, liburuan ere kronika bakoitza ilustrazio batek laguntzen du. Manu Ortega ilustratzaileak istorio bakoitzerako propio sortu ditu marrazkiak.

Ikertzaile, dibulgatzaile… eta orain idazle
Egoitz Etxebeste (Oiartzun, 1978) Itsas Biologia eta Animalia Biologiako ikasketak egin zituen La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). Ibilbide profesionala ikerketaren munduan hasi bazuen ere, laborategia utzi eta zientziaren komunikazioari eta dibulgazioari ekin zion 2006an, Elhuyar Fundazioan. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna. Bere lehenengo liburua du hau.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/16

Quickoffice bulegotika aplikazioa doakoa egin du Googlek

Zibergela. Gaurko aplikazioa

Bulegotika aplikazioen merkatua puri-purian dela ez dago zalantza egiterik. Applek iWork bulegoko aplikazio bilduma eskuragarri jarri zuten sarean (http://icloud.com/), nahi den nabigatzailetik dokumentuak sortu eta eguneratzean gailu guztietan sinkronizatu ahal izateko. Cupertinoko enpresan ez da ohikoa horrelakorik, baina zerbitzua gainera doan lor daiteke iOS gailu berri bat aktibatzen bada orain.

Ordainetan odolkiak jaso dituzte Applen, eta Google programak telefono eta tabletentzako Quickoffice doako aplikazioa egin du. Ez hori bakarrik: aldi baterako eskaintza ireki du, urriaren 26tik aurretik hura deskargatzen duten erabiltzaileek bi urtez 10GB gehiago jaso ditzaten Google Drive zerbitzuan. Artean, mugimendu horiek guztiak ez dirudite Microsoft larregi asaldatzen dutenik. Eta Office Mobile aplikazioaren deskarga doakoa den arren, ordainpeko Office 365 sareko zerbitzuan harpidetu beharra dago smartphone eta tabletetatik erabiltzeko.

Saltsa horretan, onuradunak, Quickoffice bulegotika suite txukuna doan jaso duten iOS eta Android erabiltzaileak dira. Sareko Google Drive zerbitzuarekin sinkronizatzen da dokumentuak sortu, gorde eta editatzeko. Eta egun besterik dagoen arren, gehien hedatuak izateari eusten dien Microsoft Office bildumako formatuetan lan egitean du berezitasuna. Hau da, Word dokumentuak, Excel kalkulu orriak eta Powerpoint aurkezpenak erabiltzeko pentsatutako aplikazioa da. Bestela, PDF erako dokumentuak irekitzeko, posta bidez fitxategiak eransteko edota Google Drive biltegiko edukiak partekatzeko ere balio dezake.

Quickoffice aurrerantzean doan eskura daiteke App Store zein Google Play lekuetan.



IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

Googleko informazio pertsonala, iragarkian

Zibergela

Joan den asteburutik hasita, Google programan kontua duten erabiltzaileak ohar bat jasotzen ari dira hara konektatzen diren bakoitzean. Hain zuzen ere, jakinarazten ari zaie aurrerantzean publizitatean bakoitzaren profileko argazkia, izena nahiz iritziak erabil ditzaketela.

Aitor Aretxaga @bekereke

Bitarlan informatika eta Web zerbitzuak

Nabigatzailean norbaitek produktu baten izena sartzean, bilaketarekin lotutako iragarkiarekin batera atera daiteke norberaren informazioa. / BERRIA

Google kontua edukitzean hainbat zerbitzutarako sarbidea eskuratzen da. Adibidez, kontu berdinari lotuta eros daitezke telefonorako aplikazioak Google Play dendan, geroago mezu elektroniko bat bidali Gmail posta zerbitzutik, zein Google+ sare sozialean argazki bat partekatu lagunekin. Joan den asteburuan hasita, hasiera orrian urdin koloreko agerkari bat jasotzen hasi dira erabiltzaileak konektatzean; azken orduko baldintzen eguneraketa baten berri ematen du. Askok oharkabean mezuari kasurik egin gabe zereginetan jarraitu duten arren, berdin eragiten die: haien profileko argazkia, izena eta iruzkinak edo komentarioak erabil ditzake Googlek, eta Interneteko iragarkietan erantsi.

Beste modu batean esanda, nabigatzailean norbaitek produktu baten izena sartzerakoan, bilaketarekin erlazionaturiko iragarki emaitzekin norberaren informazioa ager daiteke. Jakinaren gainean egotea gutxienekoa da, behintzat, sorpresak saiheste aldera.

Esan beharrik ere ez dago, sare sozialek erabiltzaileengandik informazio ederra biltzen dutela, inolako etenik gabe. Bakoitzaren eguneroko jardunaren berri badute, baita atsegin denaren edo egiten diren erosketei buruzkoa ere. Hain zuzen ere, horregatik dira saltzaile eta iragarleentzat hain baliotsuak datu horiek guztiak. Lehenengo mailako informazio iturri dira: interesik gabe kontsumitzaileek zuzenean emandako aholkuak dira, eta eraginkorragoak dira iragarkirik arrakastatsuenak emandako mezua baino.

Iragarkiak, beste izen batekin

Gomendio partekatuak da sistemari jarritako izena. Eta labur esanda, erabiltzaile bakoitzaren jardueran bilatu eta produktu bat probatu dutenak lortzean datza. Ondoren, emandako iritzia edo puntuazioa positiboa bada, produktu horren bilaketa egiten dutenei publizitate gisa txertatuko dizkiete haren profileko aurpegia, egindako iruzkina, jarritako izar kopurua, edo, besterik gabe, +1 egin dioenaren datua.

Facebook programak bere garaian antzeko ekintzengatik jaso zituen kritiken antzera, Googleri ere askorik gabe hasi zaizkio kolpeak etortzen. Ubeldurak agertu orduko, baina, bizkor atera dira esatera Google+ sarean pribazitateari dagozkion ezarpenak behar bezala jarrita dituenari ez diola larregi eragiten eguneraketak. Behintzat, norbere informazioa lagunekin bakarrik partekatzeko aukera egin dutenen gomendioak, lagunen zirkuluko kideen emaitzetan bakarrik agertuko dira, mundu osoko erabiltzaileen emaitzetan agertu ordez. Beraz, gutxi gorabehera, lagunek gustuko dituzten produktuak kontsumitzera bultzatzen duen sistema da.

Nola eragotzi norbere irudia

Dena dela, partekatzen diren gomendioak izan edo ez, iragarkiak direla nabaria da. Hortaz, parte hartu nahiko ez dutenetan pentsatuta helbide bat prestatu dute: https://plus.google.com/settings/endorsements.

Ezarpen horren inguruko informazio xehetuagoarekin batera, desgaitzeko aukera azaltzen da. «Nire jardueretan oinarrituta, Googlek nire izena eta profileko argazkia erakuts ditzake iragarkietan agertzen diren Gomendio Partekatuetan aukera desgaitu eta Gorde botoia sakatuta, hain zuzen.



IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/10

Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizioa eta Elhuyar Hiztegiak webgune berria aurkeztu dira gaur goizean Bilbon

Elhuyar Fundazioak euskara-gaztelania/castellano-vasco hiru hiztegien edizio berriak eta Elhuyar Hiztegiak webgunea aurkeztu ditu gaur goizean Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian. Leire Cancio Elhuyar Taldeko zuzendari nagusiarekin eta Antton Gurrutxaga hiztegien zuzendari teknikoarekin batera, Elhuyar Hiztegiaren zuzendarietako bat izan da ekitaldian: Xabier Kintana (Miren Azkaratek eta Xabier Mendigurenek ezin izan dute han egon).

Hiru hiztegi hauen edizio berriak argitaratu dira: Elhuyar Hiztegia (91.000 sarrera), Elhuyar Hiztegi Txikia (43.000 sarrera) eta Elhuyar Oinarrizko Hiztegia (36.700 sarrera). Elhuyar Hiztegiaren 4. edizioa da. 1. edizioa 1996an argitaratu zen, eta oraingoaren aurrekoa, 2006an. Edizio berri hauek azken urteotan euskararen zein gaztelaniaren lexikoan izan diren berrikuntzak jasotzen dituzte. Besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren 2013ko bertsioaren arabera eguneratu dira, gaztelaniazko edukiak berariazko arretaz emendatu dira, espezialitate-arloetako bi hizkuntzetako lexikoa berritu da, hiztegiaren barne-koherentzia handitu da, eta beste hainbat hobekuntza eta zuzenketa ere egin dira.

Bestetik, Elhuyar Hiztegiak izeneko webgune berria ere erakutsi dute gaurko aurkezpenean. Webguneak, Elhuyar Hiztegiaren azken edizioa osorik kontsultatzeko aukera emateaz gain, Elhuyarren gainerako hiztegi elebidunak ere biltzen ditu: Elhuyar dictionary/hiztegia (eu-en/en-eu) eta Dictionnaire Elhuyar Hiztegia (eu-fr/fr-eu). Webgune berriak berrikuntza ugari dakartza berekin. Bilaketa-aukera berriak eskaintzen ditu, hala nola hitz bat zein sarreraren ordain edo itzulpentzat eman den, eta zein adibidetan erabili den. Sarrera baten ordainek esteka zuzena dute hiztegiaren beste atalean dagokien sarrerara joateko. Sarreraren ahoskera ere entzun daiteke. Interfazearen diseinua ere erabat berritu da. Azkenik, Antton Gurrutxagak esan du "webguneko hiztegiak aldi oro eguneratuta edukitzeko lana" egingo duela Elhuyarrek, eta "erabiltzaileek proposatutako hitzak ere landuko" direla.

"Hiztegigintzari eusteko apustua egin dugu Elhuyarren, eta 2012an 20 milioi hiztegi-kontsulta izan genituela ikusita, are gehiago", adierazi du Leire Canciok. Horregatik, hiztegigintzan bide berri bati urratzeari ekin dio Elhuyarrek, eta, doako hiztegi-kontsultaz gain, gune aurreratu bat ere eskaintzen du, Elhuyar Hiztegiaren edo Elhuyar Hiztegi Txikiaren edizio berria erosten dutenentzat.

Elhuyar Hiztegiak webgunearen gune aurreratua
Gune aurreratuak eduki eta zerbitzu berriak eskaintzen dizkie aipatutako bi hiztegietako bat erosten dutenei. Horretarako, liburuak dakarren kodearen bidez erregistratu behar da gunean. Hauek dira eduki eta zerbitzu nagusiak: Android gailu mugikorretarako euskara-gaztelania/castellano-vasco hiztegia doan; Kindle irakurgailuetarako euskara-gaztelania hiztegia doan; hitzei buruzko ohar osagarriak; sarrera baten ordainen adibideak Elhuyarren Web-corpusen Atariko corpus elebidunean zuzenean ikusteko esteka; euskaraz idazteko laguntza-moduluez osatutako gramatika-atala; hizkuntza-kontsultak egiteko aukera; norberaren hitz gogokoen zerrenda osatzeko aukera, bilaketen historia… Aurrerantzean, zerbitzu eta eskaintza berriez osatuko da gune aurreratua, eta, oraingoz aipatutako bi hiztegietako bat erosten dutenentzat bakarrik bada ere, etorkizunean harpidetza ere eskaintzeko asmoa dago.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

Larunbatean hasiko da ‘Teknopolis’ telebista-saioaren XVI. denboraldia

Teknopolis zientzia- eta teknologia-saioaren aurkezpena asteazken honetan izan da UPV/EHUren Bilboko paraninfoan, eta larunbatean hasiko da programaren emisioa. Denboraldi honetan, 15 urte beteko ditu saioak.

Aurkezpenean parte hartu dute Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketa Errektoreordeak, Pello Sarasola ETBko zuzendariak, Leire Cancio Elhuyarreko zuzendariak eta Miren Bego Urrutia Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak. Oihana Jauregi Teknopolis saioaren aurkezleak gidatu du ekitaldia.

Ekitaldian ezagutu dira XVI. denboraldiko berritasunak eta teknologiak, zeinek garrantzia berezia izango baitute ikasturte honetan, hala edukietan nola grabazio-tekniketan. 'Sarean' izeneko tarte berri bat izango da, zientziaz eta teknologiaz jarduten duten blogarien laguntzarekin.

Drone bat erabiliz, airetik grabatuz, Euskal Herriko geografia aztertuko da; paisaiarengatik, ingurumen-balioengatik, geologiarengatik, biodibertsitatearengatik...esanguratsuak diren lekuak erakutsiko dira, ikuspegi ezberdin eta ikusgarri batetik.

Nazioartera begira ere jarriko da aurten Teknopolis. Izan ere, i2basque Sare Akademikoarekin lortutako akordioari esker, bereizmen handiko bideokonferentzien bidez, mundu osoko unibertsitateekin jarriko dira harremanetan, mundu osoko zientzialariengana iritsi eta punta-puntako ikertzaileak elkarrizketatzeko

Horrez gain, arreta berezia jarriko du saioak Lanbide Heziketan aurtengo ekitaldian. Tknika zentroarekin lortutako hitzarmenari esker, Lanbide Heziketari buruzko 10 bideoko serie bat emango da.

Denboraldi honetan 15 urte beteko ditu saioak, 2014eko otsailaren 20an, hain zuzen ere. Denboraldi osoan gogoan izango dute ospakizun hori, eta '15 urte' izeneko atalean, urte hauetan landutako zenbait gai berreskuratuko dira egungo ikuspegitik.

Lan-taldeari dagokionez, Beñardo Kortabarriak jarraituko du zuzendari, eta Oihana Jauregik, aurkezle. Erredakzio-taldea osatuko dute Nagore Rementeria, Iñaki Leturia, Bego Zubia eta Guillermo Roak.

Babesle hauek izango ditu saioak edizio honetan: Mondragon Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Tknika; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapena eta Lehiakortasun saila.

Teknopolis ETBn emango da astero urriaren 12tik aurrera. ETB-1en, larunbatetan emango da, 11:30ean, eta astelehenetan 10:00etan eta asteartetan 00:15ean errepikatuko da. ETB-2n igandeetan emango da, 10:00etan, eta astelehenetan 01:00etan eta asteazkenetan 10:30ean errepikatuko da. Sarean ere ikusi ahal izango da, EITBren Nahieran gunean eta http://teknopolis.elhuyar.org helbidean.

Aurkezpen bideoa 

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

2013/10/08

Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizioa eta Elhuyar Hiztegiak webgune berriaren aurkezpena

Elhuyarrek argitaratu berri dituen euskara-gaztelania/castellano-vasco hiru hiztegien edizio berriaren eta Elhuyar Hiztegiak webgune berriaren aurkezpena egingo dugu urriaren 10ean (osteguna), goizeko 11:30ean Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian.

Elhuyar Hiztegiaren 4. edizioa da oraingo hau. Lehen edizioa 1996an argitaratu zen, eta aurkezten dugun honen aurrekoa, 2006an. Hala, bada, Elhuyar Hiztegia, Elhuyar Hiztegi Txikia eta Elhuyar Oinarrizko Hiztegia lanen edizio berri hauek azken urteotan euskararen zein gaztelaniare n lexikoan izan diren berrikuntzak jasotzen dituzte. Bestetik, eta hiztegigintza-arloan bide berri bati ekin nahian, Elhuyarren hiztegi elebidun guztiak jasotzen dituen Elhuyar Hiztegiak webgunea jarri dugu sarean. Webgune horretan, Elhuyar hiztegietan doako kontsulta egiteaz gain, zerbitzu berriak aurkituko dituzte erabiltzaileek.

Aurkezpenean, Leire Cancio Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Antton Gurrutxaga Elhuyar Hiztegiaren zuzendari teknikoak parte hartuko dute.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099