2013/10/16

Googleko informazio pertsonala, iragarkian

Zibergela

Joan den asteburutik hasita, Google programan kontua duten erabiltzaileak ohar bat jasotzen ari dira hara konektatzen diren bakoitzean. Hain zuzen ere, jakinarazten ari zaie aurrerantzean publizitatean bakoitzaren profileko argazkia, izena nahiz iritziak erabil ditzaketela.

Aitor Aretxaga @bekereke

Bitarlan informatika eta Web zerbitzuak

Nabigatzailean norbaitek produktu baten izena sartzean, bilaketarekin lotutako iragarkiarekin batera atera daiteke norberaren informazioa. / BERRIA

Google kontua edukitzean hainbat zerbitzutarako sarbidea eskuratzen da. Adibidez, kontu berdinari lotuta eros daitezke telefonorako aplikazioak Google Play dendan, geroago mezu elektroniko bat bidali Gmail posta zerbitzutik, zein Google+ sare sozialean argazki bat partekatu lagunekin. Joan den asteburuan hasita, hasiera orrian urdin koloreko agerkari bat jasotzen hasi dira erabiltzaileak konektatzean; azken orduko baldintzen eguneraketa baten berri ematen du. Askok oharkabean mezuari kasurik egin gabe zereginetan jarraitu duten arren, berdin eragiten die: haien profileko argazkia, izena eta iruzkinak edo komentarioak erabil ditzake Googlek, eta Interneteko iragarkietan erantsi.

Beste modu batean esanda, nabigatzailean norbaitek produktu baten izena sartzerakoan, bilaketarekin erlazionaturiko iragarki emaitzekin norberaren informazioa ager daiteke. Jakinaren gainean egotea gutxienekoa da, behintzat, sorpresak saiheste aldera.

Esan beharrik ere ez dago, sare sozialek erabiltzaileengandik informazio ederra biltzen dutela, inolako etenik gabe. Bakoitzaren eguneroko jardunaren berri badute, baita atsegin denaren edo egiten diren erosketei buruzkoa ere. Hain zuzen ere, horregatik dira saltzaile eta iragarleentzat hain baliotsuak datu horiek guztiak. Lehenengo mailako informazio iturri dira: interesik gabe kontsumitzaileek zuzenean emandako aholkuak dira, eta eraginkorragoak dira iragarkirik arrakastatsuenak emandako mezua baino.

Iragarkiak, beste izen batekin

Gomendio partekatuak da sistemari jarritako izena. Eta labur esanda, erabiltzaile bakoitzaren jardueran bilatu eta produktu bat probatu dutenak lortzean datza. Ondoren, emandako iritzia edo puntuazioa positiboa bada, produktu horren bilaketa egiten dutenei publizitate gisa txertatuko dizkiete haren profileko aurpegia, egindako iruzkina, jarritako izar kopurua, edo, besterik gabe, +1 egin dioenaren datua.

Facebook programak bere garaian antzeko ekintzengatik jaso zituen kritiken antzera, Googleri ere askorik gabe hasi zaizkio kolpeak etortzen. Ubeldurak agertu orduko, baina, bizkor atera dira esatera Google+ sarean pribazitateari dagozkion ezarpenak behar bezala jarrita dituenari ez diola larregi eragiten eguneraketak. Behintzat, norbere informazioa lagunekin bakarrik partekatzeko aukera egin dutenen gomendioak, lagunen zirkuluko kideen emaitzetan bakarrik agertuko dira, mundu osoko erabiltzaileen emaitzetan agertu ordez. Beraz, gutxi gorabehera, lagunek gustuko dituzten produktuak kontsumitzera bultzatzen duen sistema da.

Nola eragotzi norbere irudia

Dena dela, partekatzen diren gomendioak izan edo ez, iragarkiak direla nabaria da. Hortaz, parte hartu nahiko ez dutenetan pentsatuta helbide bat prestatu dute: https://plus.google.com/settings/endorsements.

Ezarpen horren inguruko informazio xehetuagoarekin batera, desgaitzeko aukera azaltzen da. «Nire jardueretan oinarrituta, Googlek nire izena eta profileko argazkia erakuts ditzake iragarkietan agertzen diren Gomendio Partekatuetan aukera desgaitu eta Gorde botoia sakatuta, hain zuzen.



IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario