2013/12/02

Elhuyar Hiztegien Renove Plana: ekarri zaharra, eraman berria

Urtero legez, Elhuyar Fundazioa Durangoko Azokan egongo da (abenduaren 5etik 8ra egingo da aurten), eta, Elhuyar Hiztegiaren 4. edizioa berriki argitaratu dela eta, eskaintza berezia egin nahi die azokara etortzen direnei: Elhuyar Hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco) erosten dutenek % 30eko deskontua izango dute, baldin eta etxean duten Elhuyar hiztegi zaharra entregatzen badute. Artekale 27-28an egongo da Elhuyarren standa, eta bertan egongo den edukiontzi arrosan jasoko dira hiztegi zaharrak. Biltzen diren hiztegi guztiak berrerabili egingo dira, beste erakunde batzuekin lankidetzan. Eskaintza honek Elhuyar Hiztegien aurreko edizio guztietarako balioko du. Gainera, Kindle irakurgailu elektroniko bat zozketatuko dugu Elhuyarren euskara-gaztelania/castellano-vasco motako hiztegi baten ale bat erosten dutenen artean.

Elhuyarren standa IKTen gunean egongo da, Elhuyar hiztegiak paperezko formatuan argitaratzeaz gainera beste formatu batzuetan ere aurkitu daitezke eta. Izan ere, Elhuyarrek Elhuyar Hiztegiak webgunea estreinatu du, Kindle irakurgailu elektronikoetarako hiztegia atera berri du, eta tableta eta smartphoneetarako aplikazioak eskuragarri jarri ditu, besteak beste. Azokan, Elhuyarreko Hiztegigintza azpiunitateko pertsona bat egongo da egunero, produktu horien inguruko informazioa ematen eta jendeak dituen zalantzak argitzen.

Bestalde, Klara Ceberiok, Hiztegigintzako arduradunak, "Kontsultatu Elhuyar hiztegiak Interneten edo zure Kindle irakurgailuan" hitzaldia emango du abenduaren 6an, 17:30ean, Kabi@ gunean.

Durangoko Azokarako beste eskaintza batzuk
Baina Elhuyarrek beste eskaintza batzuk ere prestatu ditu azoka egunetarako: Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa 30 €tan egongo da salgai (45 € beharrean); Elhuyarrek umeentzako kaleratu dituen CD guztiak, 5 €tan eskuratu ahal izango dira eta Elhuyar aldizkariaren harpidetza-opari bonoak ere % 25eko deskontua izango dute.

Elhuyarren beste nobedade batzuk
Beste nobedade batzuk ere aurkeztuko ditu Elhuyarrek aurtengo Durangoko Azokan. Zientzia-dibulgazioko liburuen atalean, Egoitz Etxebestek idatzi duen Lunatikoak obra aurkeztuko du. Z izpiak zientzia-dibulgazioko bildumaren bosgarren alea da, eta idazleak 40 zientzialariren lanen eta bitxikerien berri jaso du liburu honetan. Zientzialari horiek lunatiko gisa ikusi zituzten garaikide askok: bizitzari eta zientziari beste modu batez begiratzeko gaitasuna eta ausardia izan zutelako; garaiko usteekin edo sinesmenekin bat ez zetozen aurkikuntzak eta proposamenak egin zituztelako; bide nagusietatik aparte zeuden bidezidorrak ireki zituztelako; edo emakume izateagatik itxita zituzten bideak ireki behar izan zituztelako. Batzuk benetako jeinuak izan ziren; beste batzuk, zortea izan zuten zientzialari argiak, edo lanaren poderioz lorpen handiak egitera iritsi zirenak. Bestalde, XVIII. mendeko zientzialari handienetako batzuk Lunatikoen kluba izenekoan biltzen ziren ilargi beteko gauetan; tartean zeuden Erasmus Darwin (Charles Darwinen aitona), James Watt, Joseph Pristley, William Herschel… Horri ere zor dio izena liburuak.

Dibulgazioaren alorrean ere, gaztetxoentzako liburu berri bat argitaratu du aurten Elhuyarrek: Armix sukaldean. Zz serieko laugarren liburua da, eta Mugaritzeko sukaldariek emandako errezetak biltzen ditu. Horrez gainera, osasuntsu eta indartsu egoteko gomendioak ematen ditu, baita sukaldariek plater gozo-gozoak prestatzeko zein trikimailu erabiltzen dituzten eta emaitza on eta tentagarriak lortzeko jakiak nola prestatzen dituzten azaldu ere.

Liburu horiek, eta Elhuyarrek argitaratzen dituen gainerako dibulgazio-liburu guztiak, paperezko formatuan edo formatu elektronikoan daude salgai.

Azken produktu bat aipatzearren, euskara ikasteko PRIMERAN metodoa izango da eskuragarri Elhuyarreko standean: irakasle batekin euskara ikasten ari diren ikasle guztientzat prestatutako ikasmateriala da, eta HABEren jarraibide teknikoak kontuan hartuta osatu da.

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario