2014/03/10

Hezkuntzaren eta zientzia eta teknologiaren sektoreak zientzia-hezkuntzaren alde elkartuta

Lauaxeta Ikastolako Iñaki Arrieta, Asier Fernandez, Esti Zubimendi, Unai Sagardui, Mikel Salcedo eta Aritz Ugalde ikasleak Donostiako Eskola Politeknikoan izan dira gaur, Ana Belen Uriguen irakasleak lagunduta. Han, UPV/EHUko Kontrol Ingeniaritza eta Automatika arloko ikertzaile diren Gerardo Tapia, Ana Susperregui eta Aitor Etxeberriarekin elkartu dira. Bilera horretan, elkarren lanaren berri izan dute, eta gazteek ikertzaileen lana ezagutu eta beren proiekturako laguntza jaso dute. Gazte horiek, beste 100 gazte-talde bezalaxe, Zientzia Azoka proiektuan parte hartzen ari dira.
Zientzia Azoka proiektua gazteen zientzia-bokazioa pizteko, gizartearen kultura zientifikoa sustatzeko eta hemengo eta gaurko zientzia hedatzeko tresna da. Horregatik, proiektu estrategikotzat jo dute erakunde hauek: UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UPNA/NUP, Tecnalia, IK4, BTEK, Elhuyar, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta FECYT.
Zientzia Azoka ekimena gazteek garatutako proiektuen azoka da. Ikasturtean zehar, taldeka, haiek erabakitzen duten gaiaren inguruan jarduten dute lanean.
Bide horretan, ikertzaile profesionalen laguntza jasotzeko aukera dute. Talde bakoitzari ikertzaile bat esleitzen zaio; ikertzailearen lantokian egindako bilera batean, nahi beste galdera egin dezakete gazteek, proiekturako laguntza jaso eta ikertzaileen mundua nolakoa den hobeto ezagut dezakete.
Bilera horietako baten ateak ireki dira orain. Agerraldi honen helburua izan da gazte-talde batek ikertzailearekin egingo duen bilera ikustea, ikertzailearekin egindako bileraren balorazioa jasotzea eta zer asmo dituzten entzutea.
Bilera horren berri jaso nahi izan dute proiektua aurrera eramaten lan egiten duten erakundeek, eta, haien izenean, Eskola Politeknikora gerturatu dira Leire Cancio Elhuyarren zuzendari nagusia, Ana Arrieta UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoa, Joseba Jauregizar Tecnalia korporazioko zuzendari nagusia eta José Miguel Erdozain IK4 Research Allianceko zuzendari nagusia.
Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da, eta maiatzaren 24an Bilboko Plaza Barrian egingo den Zientzia Azokan erakutsiko da.
300 gazte baino gehiago ari dira Zientzia Azokan parte hartzen.

 Argazkiak

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario