2014/04/11

Angulak, arrainen otorduak, giza eboluzioa, teleportazioa eta soinuak izan dira nagusi Errekalde jauregian

Errekalde jauregia izan da agertokia, Xabier Munibe Peñafloridako kondearen bizilekua. Bertako lorategian, gonbidatuek zain zituzten Elhuyarreko lehendakari Txema Pitarke, Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Cancio eta…. Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiak, Bergarako erraldoi-taldearen kortesiaz. Kondeak berak konposaturiko partiturak orduko klabeetan interpretatuz egun die harrera eraikinera Marije Ugaldek, Bergarako Musika Eskolako zuzendariak. Barruan, jauregiaren eskailera nagusian, Oihana Jauregi Elhuyarreko kide eta Teknopolis telebista saioaren aurkezleak hartu ditu gonbidatuak, ongietorria eman eta segidan aspaldiko irrati bat pizteko. Irrati-kronika batean azaldu baitu gure lankide Egoitz Etxebestek espioi baino zientzialari hobeak izan zirela Elhuyar anaiak, eta, horri esker lortu zutela duela 230 urte wolframa isolatzea Bergarako Mintegian.

Izan ere, Sormena + Elkarlana + Dibulgazioa + Diziplinartekotasuna genituen ardatz CAF-Elhuyar Sarien 2013ko edizio honetan, elementu horiek osatzen baitute Elhuyar anaiengandik jaso dugun ondare nagusia. Eta sariak banatzeko ekitaldian kontzeptu horiek praktikan jartzea erabaki dugu; Elhuyar efektua sortzea, alegia. Ondorioz, dibulgazioz eta sormenez beteriko ekitaldia izan zen.

18:00etan hasi zen ekitaldia, baina 17:30etik aurrera hasi ziren gonbidatuak tantaka iristen: Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusi Zigor Etxeburua, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia Politikarako zuzendari Miren Bego Urrutia, Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Itziar Alkorta, Bergarako eta Antzuolako alkateak, EHUko hainbat diziplinatako irakasleak eta ikertzaileak, Elhuyarren sortzaileak, Elay enpresako ordezkariak, Polo Garaiaren zuzendaria, Kontseiluko kudeatzaile Iker Salaberria, EKT taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregi… Eta, noski, UEUko bazkide eta lankide talde zabala, Merezimendu Sariaz gozatzeko asmoz.

Gainera, urte amaieran Errekalde jauregia Laboratorium bilakatuko da, Bergarako Zientzia Museo alegia, eta ekitaldira hurbildu direnek aukera izan zuten museo horretako pieza batzuk ezagutzeko, duela ehunka urte agian Elhuyar anaiek berek erabiliak Bergarako Mintegian. Horretaz gain, 2012ko CAF-Elhuyar Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren irabazleek, Balio Berriz Balio proiektuko lagunek, urte honetan garatu duten lana aurkeztu dute, erakusketa txiki batean.

Eta, noski, sariak ere banatu ditugu. Hauek izan dira kategoria guztietako irabazleak:

Zientzia-kazetaritzaren arloko saria

Izenburua: Angulari erradiografia
Egilea: Gorka Zabaleta Lopetegi (Zumaia, 1973). Kazetaria Zumaiako Baleike herri-aldizkarian.
Euskaldunon Egunkarian lehenik eta Berrian ondoren aritu zen kazetari 1995etik 2007ra. 2008tik Baleikeko zuzendaria da. 2012tik Tokikom-eko administrazio-kontseiluko eta zuzendaritzako kidea da.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Urola ibaian angula ugaritzeko saioa egin zuen Aztik 2013ko urtarrilean. Itsasadarrean bi kilo angula arrantzatu zituzten Zumaiako angulazaleek eta, biharamunean, Urola ibaian gora askatu zituzten, Azkoitia eta Zumarraga artean. Zabaletak erreportaje zabal batean eman zuen horren berri, eta, epaimahaiaren esanetan, erreportaje bikaina da, eta gaur egungo kazetaritzaren eredu, primeran erabili baititu baliabide guztiak: testua, argazkiak, bideoa, papera eta Internet. Hizkuntza eta egitura egokiak ditu, eta azalpen interesgarriak. CAFeko euskara-arduradun Joxe Begiristainek eman dio saria Gorka Zabaletari.

Hirugarren urtez jarraian saritu du epaimahaiak Zabaleta: iaz, Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa lanagatik, eta 2011ko edizioan Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua artikuluagatik, biak Baleike herri aldizkarian argitaratuak.

Zientzia-kazetaritzaren arloko aipamen berezia
Izenburua: Giza eboluzioa berridazten
Egilea: Amaia Portugal Gonzalez (Donostia, 1984). Kazetaria. Irutxuloko Hitzan aritu zen kazetari lehenik, eta Elhuyarren ondoren, zientzia-kazetaritzaren arloan, 2009tik 2012ra arte. Gaur egun, zientzia-arloko kolaboratzaile gisa dihardu Berrian, Irati Irratian eta Zientzia Kaiera blogean. Hain zuzen, Berria egunkarian argitaratu zuen saritutako lana.
Saria: Aipamen bereziaren diploma.

Portugalek Georgiako Dmanisiko aztarnategiko ikertzaileek argitaraturiko ikerketa izan zuen hizpide; ikerketa horren arabera, Homo generoko hasierako norbanako guztiak erectus espeziekoak lirateke. Epaimahaiaren ustez, erreportaje horren bidez, pil-pilean zegoen gai bati heldu dio kazetariak, giza eboluzioa (beste behin) hankaz gora jarri behar ei zuen argitalpen bati, eta artikulu sakona bezain entretenigarria osatu du hipotesiari buruz, iturri aproposak erabilita. Diploma CAFeko euskara zuzendari Joxe Begiristainek eman dio.

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria
Izenburua: Fikzioa errealitate bihurtzen denean
Egilea: Gorka Azkune Galparsoro (Azpeitia, 1982). EHUn ikasi zuen Informatika Ingeniaritza, eta karrera amaierako proiektua Optika Kuantikoko Max Planck Institutuan egin zuen, Ignacio Ciracen zuzendaritzapean. Tecnalian aritu da lanean robotika eta adimen artifizialaren arloetan, eta gaur egun DeustoTech-en ari da ikertzaile, sistema adimentsuen esparruko ikerketetan sakontzen, doktore-tesia burutzeko helburuarekin.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Teleportazioa izan du hizpide Azkunek bere artikuluan, eta arreta berezia eskaini dio teleportazio kuantikoaren aukerari. Start Trek fikziozko telesailetik hasi eta Kanariar Uharteetan eginiko benetako esperimentu batetaraino garamatza egileak. Artikulu ausarta iritzi diote epaimahaikideek, gaia, berez, ez delako erraza azaltzen eta ulertzen, eta egileak lortu duelako azaltzea; artikulu entretenigarri baten bidez, gainera. Testuak egitura ona, hizkuntza txukuna, eta aurrera begirako ikuspegia izatea ere aintzat hartu dituzte epaimahaikideek. Elhuyarren zuzendari nagusi Leire Canciok eman dio saria Azkuneri.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria
Izenburua: Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira
Egilea: Eneko Bachiller Otamendi (Donostia, 1981). Biologian lizentziatua EHUn, Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa (MER) master europarra osatu zuen Southamptongo Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta EHUn. Masterreko proiektua AZTI-Tecnalian egin zuen, antxoa gazteen ekologia trofikoaren inguruan. Han garatu zuen doktoretza-tesia, Bizkaiko golkoko espezie pelagiko nagusien ekologia trofikoari buruzkoa, Xabier Irigoienen gidaritzapean (2007-2012). 2014ko urtarriletik, Bergeneko Itsas Ikerketa Institutuan (Norvegia) ari da doktoretza-ondoko proiektuan lanean, espezie pelagikoen arteko elkarrekintza trofikoak aztertzen.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Esan bezala, 2014ko urtarriletik, Bergeneko Itsas Ikerketa Institutuan (Norvegia) ari da doktoretza-ondoko proiektuan lanean, espezie pelagikoen arteko elkarrekintza trofikoak aztertzen, eta dibulgazio artikulu honetan haien elikadura aztertuz aurkeztu dizkigu. Epaimahaiaren ustez, "izenburu erakargarri batekin hasita, erraz irakurtzen den artikulua osatu du egileak, ikuspegi eta egitura egokiak dituena. Horrekin batera, testuarekin batera ikerketaren muina azaltzeko aukeratutako irudien aberastasuna eta erakargarritasuna" nabarmendu ditu epaimahaiak. Saria Alberto Barandiaran epaimahaikideak eman dio.

Zientzia Gizartean sorkuntza-beka

Izenburua: Idazketa isilak
Egilea: Xabier Erkizia Martikorena (1975, Lesaka). Irrati-telebistako ikasketak egin zituen Bilbon. Gaur egun, soinu-artista da, musikaria, ekoizlea eta kazetaria. Beste musikei eskainitako ERTZ jaialdiaren sortzaileetako bat da, Artelekuko Audiolab soinu-laborategiko zuzendaria, eta hainbat film, antzezlan nahiz dantza-ikuskizunetarako musika egin du. Azkenaldian, entzumenaren fenomenologia ikertzen dabil.
Saria: 5.000 euro aurkeztutako proiektua gauzatzeko.

Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuei laguntzea da kategoria honen helburua. Kasu honetan, soinuak grabatu ahal izateko teknologia asmatu aurretik, bestelako euskarrietan gordetako soinuak aurkitu eta erregistratzea da proiektuaren helburua. Epaimahaiaren esanetan, ondo betetzen ditu aurkeztutako lanak baloratzeko irizpideak, batez ere interes sozialari, egingarritasunari eta teknologia eta gizartearen arteko elkarrekintzari dagokienez. Horrekin batera, proiektua originala eta erakargarria da, eta aurrera eramateko hainbat pertsonaren parte-hartzea beharrezkoa izatea ere ontzat jo dute. Azkenik, epaimahaiarentzat erabakigarria izan da proiektuaren emaitza ez izatea une bateko gertakizuna, baizik eta gerora ere erabilgarria izatea, aurkezten den unetik harago. Bergarako alkate Jaione Isazelaiak eman dio saria Erkiziari.

Merezimendu Saria
Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)
Urte luzez hainbat diziplinatan egindako dibulgazio-lanagatik, euskararentzat eremu berriak lantzeagatik, eta elkarlanerako erakutsi duen gaitasunagatik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak erabaki du Udako Euskal Unibertsitateari ematea 2013ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria. Elhuyar Fundazioko lehendakari Txema Pitarkek eman dio saria UEU lehendakari izendatu berriari, Iñaki Alegriari.

UEU irabazi-asmorik gabeko kultur elkarte gisa sortu zen, 1973an. Aurrez hainbat bilera eta batzarretan erakutsitako asmoak bete, eta uda hartan euskal unibertsitatea antolatzea erabaki zuten Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek: Ipar Euskal Herrian emango zuten mintegi-, ikastaro- eta hitzaldi-sorta bat, abuztuaren 28tik irailaren 8ra. 1977tik aurrera, ekimena Hego Euskal Herrira ekarri zuten, Iruñera hain zuzen; eta 1985tik aurrera UEUren jarduna urte guztira zabaltzea erabaki zuten. Harrezkero, UEUren lana eta ekarpena etengabe hazi da. Gaur egun, urte guztian zehar antolatzen ditu mintegi, ikastaro eta bestelakoak, eta lantalde eta egitura egonkorra sortu ditu.

Hasiera-hasieratik, bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea izan da, eta hala da gaur egun ere, euskal gizartea osoki garatzeko ezinbesteko tresna delakoan baitaude. Euskal unibertsitateaz ari denean, lau baldintzatan oinarritzen du UEUk horren izaera:

  • Euskal gizartearen beharretara egokitua izan behar du.
  • Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena.
  • Izaera sozialekoa.
  • Eta hizkuntza nagusi gisa euskara izango duena.
Euskal unibertsitatea sortzeaz gain, ordea, UEUk baditu bestelako helburuak:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzeko xedearekin egiten du lan.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea du helburua.
  • Eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzeko bokazioa du.

Bi epaimahaik ebatzi dituzte saridunak
Bi epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituen epaimahaia kide hauek osatu dute:

  • Leire Cancio. Elhuyarreko zuzendari nagusia.
  • Arturo Elosegi. Ekologoa, EHUko ikertzailea, eta zientziaren dibulgatzailea
  • Marian Iriarte. Kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea
  • Uxune Martinez. Inguma datu-base zientifikoaren kudeatzailea, UEU
  • Alberto Barandiaran. Kazetaria eta Hekimeneko zuzendaria

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako lanak, berriz, honako lagun hauek epaitu dituzte:

  • Maria Gil. Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna
  • Josu Rekalde. Artea eta Teknologia saileko zuzendaria, EHUko Arte Ederren Fakultatea
  • Koldo Almandoz. Ikus-entzunezkoen arloko aditua, zinema-zuzendaria eta sortzailea. The Balde aldizkariaren zuzendaria

IFTTT

Put the internet to work for you.

via Personal Recipe 735099

No hay comentarios:

Publicar un comentario