2014/09/19

Erakundeen berrikuntza soziala neurtzeko adierazle-sistema bat eta tresna bat aurkeztu ditu Elhuyar Aholkularitzak

Elhuyar Aholkularitzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Departamentuaren diru-laguntzarekin, "Zenbateraino egiten eta eragiten dugu berrikuntza soziala" ikerlana landu du, eta, ikerlan horren emaitza gisa, erakundeek (publikoek, pribatuek zein gizarte arlokoek) egiten duten berrikuntza soziala neurtzeko tresna bat garatu du. Tresna hori aurkeztu du, gaur, Orona Fundazioak Hernaniko Galarretan duen Ideo eraikinean egin diren jardunaldietan.

Jardunaldian, Gorka Espiauk, Agirre Lehendakaria Centerreko Ikerkuntza Politiko eta Sozialetako kide eta Young Foundationeko Hiri eta Erregioetarako Berrikuntzako zuzendari denak, Euskal Herriak berrikuntza sozialaren arloan dituen erronkak aurkeztu ditu hitzaldi batean. Horrezaz gain, Donostiako Antigua auzoko Gaztegunea sortzeko prozesua aurkeztu da, jardunbide egokiaren adibide gisa.

Elhuyar Aholkularitzak bere ikerlanaren emaitzaren lerro nagusiak eta berrikuntza soziala neurtzeko sortu duen adierazle-sistema aurkezteko baliatu du jardunaldia.

Ikerlanak, berrikuntza sozialaren inguruko teoriak eta praktikak aztertuz, lanerako baliagarriak izango diren oinarriak zehaztu nahi izan ditu, eta marko teoriko bat osatzen saiatu da, gizarte-berrikuntzaz jarduterakoan zertaz ari garen definitzeko saiakera bat eginez, haren ezaugarriak aztertuz eta Euskal Herriko hainbat esperientziatan oinarrituz.

Berrikuntza soziala, funtsean, gure gizarteak dituen erronka nagusiei erantzuteko tresnatzat hartzen dela ondorioztatu da ikerlanean; alegia, auzi ekologikoa; gizarte-egitura zaharrak; krisia, eredu ekonomikoa; identitatearen aingura berriak; generoagatiko diskriminazioa; aldaketa zientifiko-teknologikoa; aldaketa demografiko-geografikoa; edota arriskuan dagoen dibertsitate linguistikoa, besteren artean, berrikuntza sozialaren bidez jorratu nahi izaten diraa. Eta, errealitatea, konplexua, dimentsio-aniztuna eta aldakorra den neurrian, horri ematen zaion erantzuna ere halakoa da.

Ekimen edo proiektu batek, berrikuntza sozialtzat hartzeko, gizartearen erronka, joera eta arazoetarako irtenbide bat proposatu behar du. Eta, guztiari erantzungo ez badio ere, zalantzan jarri behar ditu orain arteko planteamenduak, eta erantzun berriak eman. Lanbide horretan behar-beharrezkoa da sormena aktibatzea, ezagutza partekatzea eta lankidetzan jardutea.

Guztira 35 kasu aztertu dira, eta, egitasmo horiek berrikuntza sozialetik zenbat duten neurtzeko zailtasunak daudela ikusirik, adierazle-sistema bat ere garatu du Elhuyar Aholkularitzak, erakunde eta enpresetan berrikuntza sozialaren presentzia neurtzeko.

IFTTT

Put the internet to work for you.

Turn off or edit this Recipe

No hay comentarios:

Publicar un comentario