2014/11/03

LANGUNEk, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Precluster Elkarteak, sektoreari buruzko informazio saio bat antolatu du Bruselan

2013ko urriaren 23a.- Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin, Etxepare Institutuarekin eta bazkide diren Elhuyar eta Euskal Herriko Ahotsak enpresekin batera, Hizkuntza Industrien Precluster elkarteak, LANGUNEk, informazio-saio bat antolatu du Bruselan, Euskal Herriko kultura- eta hizkuntza-sektorearekin lotuta dauden euskal instituzio nagusiak aurkezteko.

"Elebitasunetik eleaniztasunera, gure industria-sarearen lehiakortasuna garatzeko gakoa" lelopean egin da jardunaldia. Helburua izan da sektore estrategiko hau ikusgarri egitea, Euskal Herriko elkarte eta enpresetan abian jarri diren praktika onak partekatuz eleaniztasunarekin eta hizkuntza-industriekin lotura duten europar instituzio nagusiekin. Ekimenak bat egin du Europar Batasuna ezartzen ari den 2014-2020 programa eta finantzazio-lerro berriekin, eta Euskal Herriko hizkuntza-industria sektorea Europar Batasunean kokatu du.

Jardunaldia Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin hasi da. Hain zuzen, Europar Batasuna eleaniztasunaren auzian garatzen ari den ekimenak azaldu ditu Marta Marínek, eta, halaber, 2014-2020rako Europar Batasunaren etorkizuneko programazioa erreferentzia eginez, hizkuntza-industriak eta industria kultural eta sortzaileak hartzen ari diren pisua aipatu ditu.

Ondoren, LANGUNEko zuzendari nagusiak adierazi du elkartearen helburu nagusia dela Euskal Herriko hizkuntza-industrien garapena eta lehiakortasuna sustatzea; izan ere, "hazten ari den sektore estrategikoa gara, gure gizartean errotuta dagoena".

Halaber, Fernando Alanak adierazi duen bezala, "une oro aldatzen eta hazten ari den sektore bat gara, zorionez, hizkuntza-produktu eta -zerbitzuak ezinbesteko inbertsio gisa kontuan hartzen ari direlako, sortze-, garatze-, saltze- eta merkaturatze-prozesu guztiak kanpo-merkatura eramateko garaian, beharrezkoa ez den gastu bat izan beharrean".

Ildo beretik, LANGUNEko zuzendari nagusiak aipatu du hizkuntza desberdinetan informazioa kudeatzeko eta komunikatzeko gai diren enpresa eta profesional eleaniztunek osatzen dutela orainaldia lehiakorragoak izateko.

"Hemen, Euskal Herriko Hizkuntza Industriak berebiziko garrantzia hartzen du laguntza eta euskarri gisa, produktu eta zerbitzu desberdinen bitartez, edozein industria-sektoreko enpresei, beren komunikazio-prozesuetan, bai barnekoetan, bai kanpokoetan, eleaniztasunaren kudeaketa eskainiz", esan du.

Bruselan egindako jardunaldian, Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak ere parte hartu du. Enpresa hori da euskal hizkuntza-industria barneko nagusietariko bat, eta LANGUNE Preclusterraren lehendakaritza du. Leire Canciok bere elkartearen bilakaera azaldu du, zerbitzu elebidunak eskaintzetik zerbitzu eleaniztunak eskaintzera iragan baita.

Etxepare Institutuko Euskaren Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendariak, Mari Jose Olaziregik, mundu osoan zehar euskal hizkuntza eta kultura zabaltzeko Institutuak egiten duen lana azaldu die bertaratutakoei. Atzerriko unibertsitateekin dituzten 36 hitzarmenak aipatu ditu, euskal hizkuntza eta kulturako eskolak ematen dituzten unibertsitateak, zer hizkuntza-feriatan parte hartzen duten (Expolangues, London Language Show), literatura-lanak itzultzeko laguntzak, euskal idazleak sustatzen diren liburu-azokak (Liber, Frankfurt, Guadalajara), euskal hizkuntza eta kulturaren etorkizuneko irakasleak trebatzeko egiten diren ikastaroak Euskal Herriko Unibertsitatean ("Excellence in Basque Studies"), argitalpen eleaniztunak (Colección Cultura Vasca, Colección Creadores Vascos), unibertsitateko ikasleentzat euskara ikasteko eskaintzen diren diru-laguntzak, eta irakurleen artean kultura-ekitaldiak programatzeko diru-laguntzak. Olaziregi doktoreak azpimarratu du Etxepare Institutuak 40 hitzarmen baino gehiago dituela instituzio eta elkarteekin, besteak beste, hauekin: Euskaltzaindia, Institut Ramon Llull, Instituto Cervantes, EIZIE, BAsque Penn Club eta LAF (Literatura Across Frontiers).

Azkenik, Idoia Etxeberria eta Ainhoa Bernabe, Euskal Herriko Ahotsak-eko ordezkariak, aukeraz baliatu dira Ahotsak.com Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri-hizkerak bildu eta hedatzea helburu duen programa azaltzeko.

Informazio-saioaz gain, Fernando Alana LANGUNEko zuzendari nagusiak bere egonaldia aprobetxatu du urriaren 24an Bruselan Hizkuntza Industrien II Foru Europarrean parte hartzeko (http://ift.tt/1tzqwjM), industria-sektore horrekin lotura duen zerbitzu-garapena eta profesionalen trebakuntzarako informazioa eta jardunbide egokiak partekatzeko.

Europar instituzioek Euskadiko hizkuntza-industrien lanari egiten dioten aitormenaren eta Europa mailan jardunbide egokitzat hartzearen ondorio izan da LANGUNE Preclusterrak aurten ere foroan parte hartzea. 2011n hasi zen LANGUNE harremanak izaten europar instituzioekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzarekin batera.

Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreak duen garrantzia azpimarratu du Alanak: aurreko urtean, 276 milioi euroko fakturazioa izan du, eta % 1,8ko hazkundea, 2011ko datuekin alderatuta; gutxi gorabehera 5.000 profesionali eman die enplegua, eta zenbaki horiek Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 0,42 adierazten dute. 2013an % 1 haziko dela aurreikusten da.

Informazio-saioa antolatzearekin eta Hizkuntza Industrien II. Foro Europarrean parte hartzearekin, LANGUNEk beste pauso bat eman du Europa mailan hizkuntza-industrien elkarteen ordezkari eta bitartekaritzaren aitormenari dagokionez; Espainia mailan aitzindari izateaz gain.


LANGUNE
http://www.langune.com

Itzulpengintzaren, hizkuntzen irakaskuntzaren, eleaniztasunaren kudeaketaren eta hizkuntza-teknologiaren arloko 38 erakunde elkartzen ditu. Gipuzkoa Berritzen-Innobasque plataformaren barruan martxan jarritako lantalde batek ia bi urtez egindako lanaren ondorio gisa sortu zen 2010eko urtarrilean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako Sailaren babesarekin.

2012an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak LANGUNEri Hizkuntza Industrien Precluster titulua eman zion, sektore estrategikoa Euskal Herriarentzat.

Elkartearen helburua da Euskal Herriko Hizkuntza Industrien garapena eta lehiakortasuna sustatzea, elkarlanerako eta berrikuntzarako guneak sortuz sektorea ikusgaiagoa egingo duten eta bere balio erantsia handituko duten produktu/zerbitzuetan, teknologietan eta merkatuetan.

Aldi berean, LANGUNEk nazioarteko erreferentzia-clusterra izan nahi du, bere ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialerako, hizkuntza-industrien erronkei aurre egiten duena. Horretarako, 2014-2017 Plangintza Estrategiko berrian lanean ari dira Precluster Elkartean, enpresen arteko, sektoreen arteko eta publiko-pribatuen arteko lankidetza errazagoa izatea lortzeko, ezarritako erronka estrategikoei aurre egiteko eta sektorearen ikusgaitasuna areagotzeko, industria honetako elkarteak mundu mailan kokatzeko eta bikaintasuna eta berrikuntzarako lan egiteko.


LANGUNE Elkarteko kideen zerrenda:

Ahotsak – Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea
Ametzagaiña
Artez Euskara Zerbitzua
Asmoz Fundazioa
Bakun Itzulpen eta Argitalpen Zerbitzua
Bilboko Merkataritza Ganbera / Cámara de Comercio de Bilbao
Bitez Logos
CodeSyntax
Egunea
Eizie – Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Elduaien Hizkuntza Eskola-Academia de Idiomas
Elhuyar
Emun – Lana Euskalduntzeko Kooperatiboa
Hori Hori
IK4 Reserach Alliance (IK4-Tekniker eta Vicomtech-IK4)
Iametza Interaktiboa
Gipuzkoako Txinatar Institutoa / Instituto Chino de Gipuzkoa
Lacunza
Maramara* taldea
Mondragon Lingua
HUEZI – Mondragon Unibertsitatea
Pausumedia Elkartea (Bidasoa Media)
Rec Grabaketa Estudioa
Tecnalia Research & Innovation
Tisa
UPV/EHU: Cátedra UNESCO de Patrimonio Lingüísitico Mundial
UPV/EHU: DREAM Group
UPV/EHU: Dpto Lingüística y Estudios Vascos
UPV/EHU: Euskara Institutua / Instituto de Euskera
UPV/EHU: Gogo Elebiduna / La Mente Bilingüe
UPV/EHU: Grupo AHOLAB
UPV/EHU: Grupo IXA
UPV/EHU: PR and Speech Technology Group
Universidad de Deusto / Deustuko Unibertsitatea – DeustoTech (Internet)
Uzei, Terminologia eta Lexikografia Zentroa
Zubigune Fundazioa

IFTTT

Put the internet to work for you.

Turn off or edit this Recipe

No hay comentarios:

Publicar un comentario